Ezarrita zituzten kontrol judizial guztiak kendu dizkiete Jean Noel Etxeberri Txetx, Beatrice Molle-Haran, Mixel Berhokoirigoin eta Stephane Etxegarairi. 2016ko abenduan ETAren armategiaren parte bat Luhusoko Errekarte baserrian (Lapurdi) erabilerarik kanpo uzten saiatzeagatik daude inputatuta, eta hala jarraituko dute. Ia bi urtez debekatua izan dute Frantziako Estatuaren mugetatik irtetea eta euren artean elkartzea eta komunikatzea. Lehenengo neurria martxoan kendu zieten; duela aste batzuk, bigarrena.
Uztailaren 19an Parisen izan ziren, Luhuson gertatutakoak ikertzen ari den epailearekin. Aurretik eskatua zioten elkartzeko debekua kentzeko, baina epaileak haien azalpenak entzun nahi zituen. Abuztu hasieran eman zien baiezkoa, prokuradorea aurka bazegoen ere.
Hirugarren debeku bat ere bazuten ezarrita —armak eta lehergaiak garraiatzekoa—, eta hori ere kendu die. «Jende guztiak daki armak eta lehergaiak gorde eta garraiatzea leporatzen digutela, baina egun denek dakite horrek ahalbidetu duela ETAren armagabetzea, eta armagabetzeak, halaber, sortu dituela zenbait baldintza gatazkaren konponbidean modu positibo batean aurrera egiteko, baita Frantziako agintariekin ere», azaldu du Etxeberrik.
Badaezpadako neurriak kendu arren, lau lagunak inputatuta daude oraindik. Ikerketa amaitzean, epaileak erabaki beharko du akusazioari eusten dion ala auzia artxibatzen duen. ETArekin harremanak izatea eta frogak ezabatu nahi izatea leporatzen diete.
2016ko abenduaren 16an atxilotu zituzten bost lagun Luhuson. Bostak gizarte zibileko kideak ziren, eta bakegileak izena jarri zieten. Bost egun geroago geratu ziren aske, baldintzapean. Ikerketa pean dauden bost pertsona horiez gain, Mixel Bergouignan ere atxiki eta inputatu zuten, baina iazko maiatzean hil zen.
Atxilotu zituzten gau berean argitaratutako gutunetan ikusi zen ETAk gizarte zibilari emana ziola desarmatzeko ardura politikoa eta teknikoa. Hurrengo aste eta hilabeteetan, Bakegileen taldea zabaldu zuten, ordezkari instituzionalak batuz. 2017ko apirilaren 8an egin zen ETAren armagabetzea, Luhusoko ekintzaileen eta Frantziako Estatuaren artean elkarrizketatua eta adostua.
Epaileak badaezpadako neurriak kendu dizkie Luhusoko ekintzaileei
Abuztu hasieratik, elkarrekin egon eta komunikatu ahal dute; martxotik igaro daitezke Hego Euskal Herrira. Epaileak ez du amaitu ikerketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu