Safer laborantza lurren zaintzeko erakundeak eta Lurzaindiak auzitara jo dute Arbonako Berroeta aldeko lurren salmentagatik. Jabetza hutsa erosi du Pauline Desurmontek, eta salatu dute «jukutriaz» aritu dela, Saferrek laborantza lur horiek lehentasunez erosteko duen eskumena saihesteko. Desurmontek Saferren eta Lurzaindiaren helegitea hautsarazi nahi izan du Baionako auzitegian, baina epaileak atzera bota du haren eskaera. Uztailaren 4an, auzitegiak jakinarazi zuen Desurmonten eskaerak ez zuela balio, eta Saferrek jarri helegiteak eta Lurzaindiak helarazi ekarpenak balio zutela. Horrez gain, Desurmont zigortu du bi egiturei bedera 1.000 euro ordaintzera.
Yves Borotra Arbonako jabeak, zeina Suitzan bizi baita, Diane de L’Espeeri saldu nahi izan zizkion Berroetako bideko etxe berria eta zaharra, baita hamabi hektarea laborantza lur ere, 3,2 milioi euroan. ELBk eta Lurzaindiak espekulazioa salatu zuten, eta gunearen okupazioa abiatu 2021eko ekainean. Okupazioaren ondorioz, salmenta gelditu zen, De l’Espee erretiratu baitzen. Bi urte berantago, salmenta berri bat abiatu zuen Borotrak. Aldi hartan, laborantza lurrak eta eraikinak bereiziz. Eroslea ere atzeman zuen eraikinentzat, baina, Lurzaindiaren eta Ostia kolektiboaren mobilizazioaren ondorioz, erostungaiek gibel egin zuten.
Ikusi gehiago
Bizkitartean, Pauline Desurmontek, zeina laborari bezala deklaratua den, hamabi hektarea laborantza lurrak jabetza hutsez erosi zizkion Borotrari, 200.000 euroren truke. Safer erakundeak, ordea, lur horiek 100.000 euroan estimatuak zituen. Jabetza hutsez, eta beraz gozamenik gabe erosiz, Safer erakundeak ezin du erabili lehentasunez erosteko duen eskumena. «Jukutria» hori salatu zuten Lurzaindiak, ELBk eta Ostiak. Hori lagundu zuen notarioaren etxera ere joan ziren azpikeria salatzeko, 2022ko irailean.
Ikusi gehiago
Auzitegira
Safer erakundeak urrunago joatea erabaki zuen, salmenta auzitara jaukiz, baizik eta Desurmontek eta Borotrak Saferren eskumena saihestu nahi izan dutela salatzeko. Harekin, Lurzaindiak «bere baitako ekarpena» idatzi zion auzitegiari, salmenta horren zuzenkontrakotasuna frogatzeko.
Ikusi gehiago
Desurmontek bi egituren jaukitzea hautsarazi nahi izan du. Baionako auzitegiari galdegin zion Saferren helegitea deuseztatzea eta Lurzaindiaren ekarpenari balioa kentzea. Auzitegiak ez ditu onartu Desurmonten argudioak, eta Saferren helegitea eta Lurzaindiaren ekarpena onartu ditu. Orain, epaitegiak aferaren funtsa behar du aztertu, eta erabaki bat hartu, jakiteko salmenta horretan Saferri eskumena kentzeko azpijokorik izan den. Lurzaindiko Maryse Cachenautek erran du «kontent» direla epaileak arrazoi eman dielako. «Lehen etapa da», gehitu du Itsasuko laborariak. Ondokoa funtsari buruzko auzia izanen da. «Ez dakigu gauzak nola jujatuak izanen diren, baina balio zuen. Bururaino joaten bada egun batez, biziki inportantea izanen da».