Justizia lortzea «utopia» litzatekeela esan zuen Aingeru Zudairek (Atarrabia, Nafarroa, 1983) 2016an, BERRIAn, bide judizial betean. 2012ko irailaren 26an, murrizketen aurkako greba orokor batean, Espainiako Poliziak botatako gomazko pilotakada batek zauritu egin zuen, eta begi bateko ikusmena galdu zuen. Orain, gertakari hartatik sei urtera, erdizka, baina lortu du aitortza: Nafarroako Auzitegi Probintzialak ebatzi du baietz, pilotakada batek «itsu» utzi zuela Zudaire. Aitzitik, polizia bat auzipetu zuten lesioak eragiteagatik, baina absolbitu egin dute, tiro nork egin zuen frogatu ezin izan delakoan.
Bide luzea egin du Zudairek epaitegietan. Egun hartan gertatutakoa argitzeko, hirutan jo du auzitara, baina, 2016ra arte, kasua hirutan artxibatu dute. Fermin Otamendi aritu zen epaile, eta, 2014an itxi egin nahi izan zuen auzia, baina, Nafarroako Auzitegi Probintzialak Zudaireren helegitea onartu, eta ikerketarekin segitzeko eskatu zion Otamendi instrukzio epaileari. Atzo kaleratutako sententziak arrazoia eman dio Zudaireri: Poliziaren pilotakada batek zauritu zuen. Horrenbestez, kalte-ordainak eskatzeko bidea ireki dezake.
Joan den urtarrilean hasi zen epaiketa, Zudaire zauritu eta sei urte eta erdira. Eragile ugariren babesa jaso zuen, baina fiskalak auzipetutako poliziaren absoluzioa eskatu zuen. Epaimahaiak onartu egin du Zudaire itsu gelditu dela pilotakadaren ondorioz, baina polizia absolbitu du, ez baita argi gelditu pilotakada hark bota ote zuen. Instrukzio fasean, akusatuak esan zuen berak bota zuela jaurtigailua, baina, ahozko saioan, atzera egin, eta ukatu egin zuen gomazko pilotak jaurti izana. Zudairek berak ere ezin izan zuen polizia identifikatu.
Zudaireren defentsak Ateak Ireki webgunearen bideo bat aurkeztu zuen akusatutako poliziaren egiletza frogatu asmoz. Epaimahaiak, ordea, ebatzi du ez dela nahikoa argi ikusten polizia horrek jaurti zuen pilotakada ala ez. Hala dio BERRIAk eskuratutako sententziak: «Zazpigarren argazkian ez dago argi akusatuak gomazko pilota jaurti zuen ala ez; zalantza hori egonda, kautelaz, froga alboratu dugu, eta, bideoa ikustean ere hala gertatzen denez, in dubio pro reo [zalantzarik balego, akusatuaren alde] ezin dizkiogu dagozkion karguak egotzi».
Halere, sententziak onartzen du Zudairek hainbat lesio izan dituela gomazko pilotaren inpaktuagatik: «Gertakari horien ondorioz, eskuin begiko traumatismoa, orbita haustura, korneako edema, hemobitreoa, ubea isuria, iridodialisia eta trauma osteko erretina askatzea izan zituen».
Lesioaren ondorioak
BERRIAn egindako erreportaje batean, zauri fisikoez ez ezik, lesioen osteko orbain psikologikoez ere aritu zen Zudaire: «Pilotakada ematen diotenari agertzen zaizkion mamuak ez ditugu ikusten». Gomazko pilotak jaurti zituztenak epaituta eta haiei polizia izatea debekatuta «nahikoa» zuela ere esan zuen: «Pozik nengoke tiro egin zuenari eta arduradunei plaka kenduko baliete. Hori litzateke justizia. Ez dut dirurik nahi».
Epaileak absolbitu egin du Aingeru Zudaire «itsu» uzteaz akusatu zuten polizia
Epaileek diote ezin izan dutela frogatu nork egin zuen tiro. Espainiako Poliziak botatako gomazko pilota batek zauritu zuen, 2012an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu