Otsailean hogei urte bete ziren Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik; hogei urte arduradun batzuk atxilotu eta torturatu zituztenetik. Elkartasuna ez zen Euskal Herrira mugatu; Madrilgo gizarte mugimendu ugaritako ekintzaileek gaitzetsi egin zuten gertatutakoa, eta ez dute ahaztu. Urteurrenaren harira, ekitaldi bat antolatu zuten atzo Espainiako hiriburuko La Maliciosa ateneoan. Otamendik eta Gomez Bermudezek Egunkaria-ren itxieraz hitz egin zuten, baita Luis Rodriguez Aizpeolea kazetariak ere; El País egunkarian euskal gatazkaz idatzi izan zuen, harik eta 2012an erretiroa —erdizka— hartu zuen arte. Montserrat Galceran filosofoak ere hitza hartu zuen, baina Bartzelonatik; ezin izan zen Madrilen egon, amona bihurtu zelako atzo. Amparo Climent eta Carlos Olalla aktoreekin osatu zuten mahaiko bostekoa.
Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo instrukzio epailearen aginduz itxi zuten Egunkaria, 2003ko otsailaren 20an, eta arduradunak atxilotu zituzten; horietako bat zen Otamendi. 2009ko uztailaren 30ean, Auzitegi Nazionaleko zigor arloko bigarren aretoko epaimahaiak Egunkaria auziaren epaiketa egitea erabaki zuen; abenduaren 15ean hasi zen. Gomez Bermudez izan zen epaimahaiko presidentea —beste bi magistratuak Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez izan ziren—, eta haren sinadura du 2010eko apirilaren 12ko absoluzio epaiak: bost auzipetuak —Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga— errugabetzat jo zituzten, eta esan zuten ez zegoela Egunkaria ixteko lege heldulekurik.
«Egunkaria ixtea legez kanpokoa eta bidegabea izan zen. Bost pertsonaren bizitza zapuztu genuen», esan du Gomez Bermudezek, Otamendi ondoan duela, dozenaka lagunen aurrean. Barkamena eskatu du, «akatsengatik». Izan ere, nabarmendu du Egunkaria-ren itxiera «akats judizial handia» izan zela. Del Olmok «fede onez» jardun zuela esan arren, «okertu» egin zela nabarmendu du: «Epaile batek ezin du Poliziaren atestatu bat modu akritikoan sinetsi».
Beldurra helburu
Txalo artean hartu du hitza Otamendik, eta esan du Egunkaria ixtearen helburua herritarrak beldurtzea izan zela: «Herritarrei mezu hau helarazi zieten: 'Kontuz. Kontuz egiten ari zaretenarekin, edo egitea pentsatzen duzuenarekin. Gu edozer egiteko gai gara'. Egunkaria itxi zutenean, Donostian inoiz antolatu den manifestaziorik handiena egin zuten».