Miguel Roldan suhiltzailea (Cuevas Bajas, Espainia, 1986) Lesbosen (Grezia) izan zen 2016an, errefuxiatuak salbatzen. Lan horren ondorioz, Italiak haren aurkako ikerketa bat hasi zuen, pertsonen trafikoagatik. G7koen kontragailurrean izan da egunotan, elkartasunaren kriminalizazioari buruzko konferentzian parte hartzeko.
Elkartasunaren kriminalizazioari buruzko konferentzian parte hartu duzu. Beharrezkotzat dituzu mota horretako hitzorduak?
Bai. Ni, tamalez, migratzaileen aldeko iritzia ez duten pertsonekin izaten naiz. Beraz, mota honetako topaketetara etortzeak pilak kargatzen dizkit, denon ongizatea nahi duen jendea badagoela ikusteak. Egunerokoan jendea bere konfiantzazko zirkuluan egoten da, eta ez da hortik ateratzen; horrek goibeltzen nau. Gizartea gero eta berekoiagoa da. Dena den, asko merezi duen jendea ezagutzen ari naiz. Kontaktu sare bat ere osatzen ari naiz, etorkizunean laguntzen jarraitzeko balioko didana.
G7ak aurre egiten dio migrazioaren auziari?
Baietz esan nahiko nuke, hortaz eztabaidatuko dutela, baina ekonomiaz arituko dira, horrek mugitzen baitu mundua. Migrazioa ez dute landuko.
Zure kasuan, Italian prozesu judizial bat duzu irekia boluntario lanagatik.
Migrazioaren bi etapatan egon naiz. Lesbosen [Grezia] egon nintzen, Turkiatik Greziara zihoazenekin; gero, Mediterraneoaren erdialdean egon nintzen, Libiatik Europara bidean atera zirenekin. Azken hori 2017an izan zen; Alemaniako erakunde batekin atera ginen, Maltatik, eta gure helburua zen ahalik eta ontzi gehien aurkitzea. Arakatzeak egiten genituen, baina zaila izan zen.
Nire misioak 22 egun iraun zuen, justu migrazioaren boom-ean. 14.000 pertsona pasatu ziren han egon nintzenean, eta nire GKEak 5.000 salbatu zituen. Egoera desatseginak ikusi genituen. Epaile ginen: erabaki behar genuen nor hilko zen eta nor biziko zen. Ezkerrera joaten baginen, eskuinekoak hiltzen ziren. Gainezka genbiltzan. Ni pertsonak salbatzen saiatzen naiz. Bat bada, salbatzen dut; bi badira ere bai; baina hirurehun badira, ezin dut.
Horren ondorioz iritsi zitzaizun ikerketaren jakinarazpena.
Horren ondorioz, Italiako Fiskaltzak jakinarazi zigun gu ikertzen ari zirela, pertsonen trafikoan lankidetzan aritzeko delituagatik, eta gehienez hogei urteko kartzela zigorra jaso dezakegu. Hori da nire egungo egoera. Urte bat baino gehiago daramagu lanean, eta badirudi irail amaieran sumario sekretua kenduko duen saioa izango dugula, eta instrukzio fasea amaituko dela.
Zer espero duzu?
Mediterraneoan laguntzen aritu nahiko nuke. Ez dut balio hitzaldiak emateko, baina, egun, niretzat modurik onena da itsaso hori gurutzatu nahi dutenak laguntzeko. Europar gisa, uste dut ez zaidala ezer gertatuko, pribilegiodunak baikara. Badakit pertsona horientzat [errefuxiatuentzat] bozgorailu bat naizela. Zenbat eta soinu gehiago egin nire kasuarekin, orduan eta iragarki gehiago egingo diogu Mediterraneoari, eta gehiago lagunduko diet.
Nahi dutena egin dezatela nirekin; epaiketarekin jarraitu nahi badute, aurrera. Kondenatu nahi bagaituzte, kondena gaitzatela, baina nik badakit europar gisa pribilegio batzuk ditudala, pertsona horiek ez dituztenak.
Espainiako Gobernuaren jarrera gatazkatsua izan da; haren babesa izan al duzu?
Atea irekita dut, baina onartu behar dut ez dudala albisterik izan.
Jarrera egokia izan du Madrilek?
Espainia oker dabil, baina migrazioa denon arazoa da, ezin da soilik Espainiaren, Italiaren eta Greziaren esku utzi. Denon artean konpondu behar dugu arazo hau; horretarako gara Europako Batasuna [EB]. Ezin gara batasuna izan soilik monetaren arloan; pertsonez ari gara.
Ez zatoz bat EBrekin.
Huts egiten ari da. GKEei lan egiten utzi behar zaie, bakarrak baitira egoeraz kezkatzen ari direnak. Gutxieneko segurtasun maila bat izan behar dute. EBk portu seguruak zein diren zehaztu behar du, eta estatus hori eman. Berdin ontziei ere. Horrela, arazoaren parte bat konponduko dugu epe laburrera.
Gero, arazoaren muina dago, epe luzera begira. Migratzaileak jatorrizko herrian lagundu behar ditugu, bizi baldintza egokiak izan ditzaten. Ez balute gerrarik edo goseterik izango, ez lirateke hona etorriko.
Saiatu behar gara pertsona horiek Mediterraneoa pasatzeko nahirik izan ez dezaten, pasatzea debekatu beharrean. Hori da arazorik handiena, herrialde garatuok eragin baititugu arazoak haien jatorrizko herrialdeetako.
EBren arazoetako bat da herrialde batzuk ez daudela migratzaileak hartzeko prest; ekialdekoak, esaterako.
Ezer inposatzea zaila da. Kontsentsu bat behar da, eta EBk kuota bat exijitzen badizu, zuk errespetatu egin behar duzu.
Ados zaude kuoten sistemarekin?
Beharrezkoa da. Globalizazioa mundu osora iritsi da. Haiek badakite Mediterraneoa gurutzatzen badute bizia galtzeko arriskua dutela, edo esklabo bilaka litezkeela. Baina arrakasta izan duen ezagun baten kasua ezagutzen badute, horrekin nahikoa dute Europarako bidea hartzeko. Badakite nora joan; ez dute Europa hegoaldeko herrialdeetan geratu nahi.
Open arms ontzia izan da azken adibidea. Itsasoan ia hiru aste egin ditu.
Mediterraneora doanak badaki zeri egin behar dion aurre, eta zer gertatuko den han. Pertsonak erreskatatzen baditugu, ezin gara egon hamazazpi egun bueltaka, portu batera joan behar dugu zuzenean. Bakoitzak daki egoera bakoitzean nolakoa den. Uste dut [Sea Watch ontziaren kapitain] Carolak [Rackete] egindako gauza bera egingo nukeela.
G7koen goi bilera. Elkarrizketa. Miguel Roldan. Suhiltzailea eta boluntarioa Mediterraneoan
«Epaile ginen: erabaki behar genuen nor hilko zen eta nor biziko»
Roldan oroitzen da «gainezka» ibili zirela erreskate lanetan: «Egoera desatseginak ikusi genituen». Lan horiengatik, Italiak hogei urteko kartzela zigorra ezar liezaioke: «Nahi dutena egin dezatela nirekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu