Epaile baten esperoan

Argentinako Servini epaileak frankismoaren krimenak ikertzen jarraitzen du. Iraileko bisita atzeratu zuen arren, baliteke azaroan edo abenduan etortzea, eta memoria historikoari buruzko taldeek kereilak biltzen segitzen dute.

mikel p ansa
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Irailaren hasieran etortzekoa zen, baina, azkenean, ez. Maria Servini Argentinako epaileak ez dio utzi, ordea, frankismo garaiko krimenak ikertzeko asmoari. «Kereila aurrera doa, eta etortzeko baldintzak negoziatzen ari da», azaldu du Josu Ibargutxik. Frankismoa bere larruan ezagutu zuen Ibargutxik, eta urte ilun haietan jazotakoak argitzeko eta errudunak auzitara eramateko lanean dihardu gaur egun, Goldatu elkartean. Argentinan egon da Ibargutxi aurten, Servini epailearekin. «Euskal Herrira etorriko zela esan zigun». Ez da oraindik etorri, eta ez da erraza izango. Bartzelonatik eta Galiziatik ere egin dizkiote bisita eskariak. Segurutzat jotzen dute Madrilera, behintzat,joango dela. Hortik aurrera, baliteke Argentinak kontsulatuak dituen hiriburu batzuetara joatea epailea. Argentinako kontsulaturik ez baita Hego Euskal Herrian, bertara joatea zailago izan liteke. Goldatuko kideei eman zien hitza beteko duen itxaropena badu Ibargutxik. Azaroan edo abenduan etorriko dela uste du.

Argentinako Gorte Nagusiak egun gutxiegi eta laguntzaile bakar bat eman nahi zizkion Serviniri iraileko bisitarako. Epaileak uko egin zion etortzeari, baliabide gutxiegi zirela iritzita. Egun gehiago eta laguntzaile gehiago beharko dituela esan zion auzitegiari. «Negoziatzen ari dira», azaldu du Ibargutxik, eta nabarmendu du auzitegiak etortzeko baimena ez ukatu izana. Auzia aurrera doan seinale. Nahiz eta pentsatzen duen Espainiako diplomaziak presionatu ere egin duela, baina frogarik ez du: «Segurutik, egon dira eta egongo dira presio politikoak. Baina Gorteak etortzeko baimena eman badio, zerbaitengatik da».

Bisitaldia atzeratzeak arazo batzuk ekarri dizkie, baina mesede ere egingo die, beste aldera, memoria historikoaren inguruan lanean ari direnei. Salaketak biltzen ari dira, eta dokumentuak, epaileari aurrez aurre aurkezteko. «Presaka ibili gara», aitortu du Ibargutxik, denbora eskas baitzuten, ustez, iraileko bisitarako dena prestatzeko: «Atzerapenak lagunduko digu lasaiago eta sakonago lan egiten. Gainera, jende gehiago sartuko da salaketan».

Harrera beroagoa antolatzeko ere, denbora gehiago. Berez, memoria historikoaren inguruan ari diren taldeek plataforma bat osatu dute: Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma. Koordinakundea hobetzeko baliatuko dute atzerapena. Administrazio publikoekin hasitako lana ere sakondu ahal izango dute. Udal batzuetan mozioak aurkeztu dituzte, baina gehiagotara zabaldu ahal izango dute. Gernika-Lumo, Otxandio (Bizkaia) eta Arrasateko (Gipuzkoa) alkateek, gainera, Servini epaileari beren herriak bisitatzeko gonbidapen pertsonala egin diotela azaldu du Ibargutxik. Lan horietan, eta alderdi politikoekin, sindikatuekin, eragileekin... harremanak estutzen saiatuko dira orain: «Nahi dugu epaileak ikustea gizartearen zati handi bat dela honen alde, ez biktimak bakarrik».

Frankismoak berrogei urtean eragin zituen kalte guztiak erakutsi nahi dizkiote epaileari: atxiloketa legez kontrakoak, jipoiak, manifestazioetako gehiegikeriak, torturak, hilketak, isunak... Beste lan bat ere badute: krimen haien egileak identifikatzea. «Oraindik bizi dira frankistak; ondo bizi ere, gainera». Torturatzaileak, militarrak, epaileak... Akusa ditzaketen pertsonen zerrendak egiten ari dira, auzitegiko aulkira eramateko. Frankismoaren biktimak zain egon dira ia 40 urtez, Franco hil zenetik bai gutxienez. Itxarongo dituzte aste batzuk, Servini etorri arte, zauriak sendatzeko balio badu horrek: «Pentsatzen dugu kereila hau bultzada bat izango dela».

Egiaren batzordea aztergai

Memoria historikoaren inguruan lanean ari diren taldeak ez daude geldirik bitartean. Atzo zortzi ere bilera bat egin zuten Donostian, Aieteko jauregian. Mugimendua zertan ari den aztertu zuten, eta taldeen jarduna eta politika publikoak ebaluatzeko metodologia bat prestatzea erabaki zuten.

Euskal Herrian 1936ko eta frankismo garaiko krimenak ikertuko dituen egiaren batzorde bat sortzeari buruz ere aritu ziren hizketan. Munduan egiaren batzordeak nola sortu eta garatu diren aztertu zuten. Gotzon Garmendia Lau Haizetara taldeko kideak azaldu du egiaren batzordeak bi testuingurutan sortu izan direla orain arte: edo gatazka politiko-militar bat gainditzeko itunen barruan —El Salvadorren—, edo trantsizio prozesuei lotuta —Argentinan, Brasilen...—. Edozein modutan, memoria historikoaren eta giza eskubideen inguruan lan egiten duten eragile sozialak «lehenengo momentutik» bazter utzi izan dituzte beti, Garmendiaren esanetan. «Botere faktikoek» prozesu horiek kontrolatu nahi izaten dituztela eta eragile sozialak ez direla subjektu «erosoak» uste du. Azaroan eztabaida foro bat egingo dute gai horren inguruan, pixkaka irizpideak adostuz joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.