Epaile batek Gasteizko udaltzainburua kargugabetzeko agindu du

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, ebazpen batek argitu du udalak ez zuela zabaldu meritu lehiaketa bat Roberto Garcia Tobalina burua aukeratzeko prozesuan, eta Marian Bidaurre hautagaiari kalte egin zion horrek.

Gasteizko udaltzain bi. GASTEIZKO UDALA
Gasteizko Udaltzain bi. GASTEIZKO UDALA
xabier martin
2024ko maiatzaren 29a
12:20
Entzun

Gasteizko Udaltzaingoaren buruaren izendapena baliogabetzeko eskatu du epaileak kautelazko neurri gisa. Udalak helegitea aurkeztu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Bien bitartean, ELAk eta salatzaileak, Marian Bidaurrek, behin-behinean Gasteizko Administrazio auzitegiaren epaia betetzea eskatu dute, eta epaileak orain jakin den neurria hartu du.

Gasteizko Udaltzainburuaren izendapenaren auziaren jatorrira joateko, bi urte atzera egin behar da, 2022ra, alkatearen aginte makila Gorka Urtaranen eskuetan zegoen arora. Gasteizko Administrazio Auzitegiko 1. epaitegiak udaltzainburuaren izendapena atzera bota zuen 2023an, ELAk ezarritako salaketa baten harira. Sindikatuak salatu zuen «emakume langile bat genero arrazoiengatik baztertu» egin zuela prozesuak. Bada, langileari zegozkion ordainsari guztiak jasotzera zigortu zuen udala epaileak, eta lanpostua hornitzeko prozesuan parte hartzeko eskubidea onartu zion.

Aldi berean, epaiak zioen gobernu taldeak «agintea desbideratu» zuela izendapen hori egitean. Orduan, udalak helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian. ELA epaiaren zain dago oraindik, baina, bitarte horretan, sindikatuak eta salatzaileak epaia behin-behinean aplika zedila eskatu zuten, eta epaileak kautelazko neurriak onartu ditu orain. Hori dela eta, epaileak behin-behinean baliogabetu du Gasteizko Udaltzaingoaren buruaren izendapena.

Meritu lehiaketa

ELAk azaldu duenez, azken urteetan, Gasteizko udaltzainburuaren lanpostua «barne prozesuan, zerbitzu eginkizunetan» bete izan da, eta «meritu lehiaketaren bidez», lanpostuen zerrendaren arabera. «Gasteizko udaltzainek karrera profesionala kontuan hartuta egin dute gora aginte postuetan, esperientzia eta meritu bidez, Gasteizko udaltzaingoan hainbat lanpostutan aritu ondoren».

2022. urtean, baina, ez zen horrela gertatu, ELAren arabera, Gasteizko Udalak «aldebakarrez» aldatu baitzuen lanpostuen zerrenda, eta udaltzainburuaren izendapena «aske gisa» ezarri. Sindikatuak helegitea jarri zion erabaki horri, eta Gasteizko Udalak ,«prozedurarik egin gabe eta gardentasunik gabe», beste udaltzain bat izendatu zuen udaltzainburu: Roberto Garcia Tobalina.

«Oso larria da Gasteizko Udalak egindakoa. Maskulinizatua dagoen instituzio batean, izendapen libreak emakumeen kalterako izan ohi dira, argi geratu den moduan».

ELA

Sindikatuak dio aurreko sistemari jarraitu izan balitzaio «emakume batek bakarrik beteko lituzkeela» udaltzainburu izateko baldintzak, eta epaileak arrazoi eman dio tesi horri gaur plazaratu den ebazpenean. «Udalaren formula berri honekin, emakumeak baino kategoria txikiagoa zuen gizon bat izendatu zuen», salatu du ELAk.

Nolanahi ere, lanpostu hori betetzeko udalak egindako aldaketa ontzat emango balitz ere, «deialdi publiko bat egin behar zen», sindikatuak esplikatu duenez, eta ez zuten egin halakorik. «Aitzitik, lanpostua aldebakarrez esleitu zen». Ondorioz, auzitara jo duen emakumeak, azpikomisarioa bera, ezin izan zuen prozesuan parte hartu. «ELArentzat oso larria da Gasteizko Udalak egindakoa. Udaltzaingoa bezain maskulinizatua dagoen instituzio batean, izendapen libre eta erregularizatu gabekoak emakumeen kalterako izan ohi dira, kasu honetan argi geratu den moduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.