Epaile batek ontzat jo dio Erandioko behargin bati udal eraikinetan atezain arituta euskaraz ez jakiteko eskea

Argudiatu du «gutxiengoaren» hizkuntza dela euskara; sententziaren kontrako elkarretaratzea egingo dute gaur ilunabarrean Erandion, Euskalgintzaren Kontseiluak halakoetarako prestatuta duen protokoloa aktibatuta.

Aurrez izan zen epai baten kontrako elkarretarata, Erandion. ARITZ LOIOLA
Aurrez izan zen epai baten kontrako elkarretaratzea, Erandion. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
2023ko abenduaren 22a
15:00
Entzun

Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4. epaitegiak emandako epaia da, langile batek abiatutako auzibideari erantzunez: 2006. urtetik Erandion (Bizkaia) udal musika eskolan behin-behinean lanean aritu den behargin bat da, eta auzitara jo zuen ikusi zuenean lan deialdi publiko bat atera zela udal zerbitzuen eraikinetan atezain jarduteko zortzi lanposturekin, eta bigarren hizkuntza eskakizuna eskatu zitzaiela guztiei. Eskatu zuen postuetako bati bederen ez eskatzeko hizkuntza eskakizunik, hartara berak bete ahal izateko lanpostu hori. Arrazoi eman dio sententziak.

Kritikak eragin ditu epaiak, eta Euskalgintzaren Kontseiluak halakoetarako prestatua duen protokoloa abiatu dute herrian; horri lotuta, elkarretaratze bat egingo dute gaur, 20:00etan, metroko plazan. Deia egin dutenen artean daude ELA eta LAB sindikatuak eta Berbots euskara elkartea ere.

Manex Mantxola Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailea da. Epaia aztertuta, nabarmendu du hizkuntza eskakizunik gabeko langilearen eskea aintzat hartze aldera epaileak aipatu duela Erandion euskaldunak «gutxiengoa» direla. Beste hainbat auzibidetan ere antzeko arrazoibideak erabili izan direla azaldu du, kezkatuta. «Indize soziolinguistikoa hartzen dute oinarri», azaldu du, «eta, era horretan, kristalezko sabai bat jartzen diote euskarari».

«Aurrez aurreko» tratua

Epaian zehazten du musika eskolan atezain jardun duela orain arte auzibidea abiatu duen beharginak. Kontseiluak jakin du, ordea, beste hainbat zerbitzutan ere atezain jardun beharko dutela orain martxan den lan deialdi publikoan lanpostua egonkortzea lortzen duten beharginek: «Udal euskaltegian, kiroldegian, liburutegian...». Betiere, «aurrez aurreko» tratua izan beharko dute jendearekin.

Kezkarako beste motibo bat ere ikusten du Kontseiluak sententzian. Argudio gisara erabiltzen ditu aurrez hizkuntza eskakizunak mugatze aldera ebatzitako hainbat epai. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko Uliazpi fundazioari ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako ebazpena aipatzen du, eta Erandion bertan udaltzain lanpostu baterako hizkuntza eskakizuna baliogabetzen zuen beste bat. Hortik kezka: «Oldarraldiaren barruan, haiek berek sortutako jurisprudentzia darabilte oldarraldiarekin jarraitzeko».

«Oldarraldiaren barruan, haiek berek sortutako jurisprudentzia darabilte oldarraldiarekin jarraitzeko».

MANEX MANTXOLA Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailea

Sententzia hau eman duen epailea Ana Maria Martinez Navas da; Laudioko Udaleko langile batek abiatutako auzibidean ere ebatzi zuen euskara jakitea ez zela beharrezkoa, iazko otsailean plazaratu zen epai batean, eta argudio modura erabili zuen euskara munduko hizkuntzen artean «zailenetakoa» zela. Kritika ugari eragin zituen epaiak, eta epailearen argudioek ere asaldatu egin zuten euskalgintza. Lehengo astean jakin zen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuela ebazpen hori, eta, hain justu ere, protesta egin zuten atzo Laudion, horren kontra egiteko.

ELAren analisia

Ohar baten bidez egin du epaiaren gaineko balorazioa ELA sindikatuak. «Agerian utzi du bi auziri heltzeko beharra: langileen behin-behinekotasunari eta hizkuntza eskubideei». Nabarmendu du udaletako langileen %40 inguru behin-behineko eta bitarteko egoeran daudela: «Horietako asko iruzurrean, lanpostu estrukturalak betetzen, eta lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizunik gabe». Hor egiturazko aldaketak egin ezean arazoak betikotu daitezkeen kezka du sindikatuak: «ELA behin-behineko langile horien lanpostuak kontsolidatzeko borrokan da, eta sindikatuak argi du borroka horren bidez herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea ere bermatu behar dela».

Berbots euskara elkarteak «oldarraldi judizialarekin» lotu du epaia. Kritikatu egin ditu epailearen hitzak: euskara Erandion «gutxiengoaren» hizkuntza dela esan izana. «Ez da gutxiengoarena, gutxitua baizik». Epai horrekin eta antzekoekin beti mendeko egoera horretara «kondenatu» nahi dela uste du. Kritikatu du, era berean, lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak «elkarren kontra» jarri nahi izana: «Elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira».

Azaroaren 4an, manifestazio jendetsua egin zuen Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aurrerabideak mugatze aldera urteotan ebatzi diren epaien kontra. Aurreikuspen guztiak gainditu zituen: 70.000 pertsona elkartu ziren. Manifestazio horren ostean aurkeztu zuten ebazpen judizialei aurre egiteko protokoloa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.