Epaile bat ikertzen ari da gorroto delitua ote den etorkinak ez kontratatzea eskatzeko mezu elektronikoak bidaltzea

Iruñeko Instrukzioko 1. Epaitegiak zabalik du ikerketa. Hainbat enpresak jaso zituzten halako mezu elektronikoak, baita Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ere.

Nafarroako justizia jauregia, artxiboko irudi batean. IÑAKI PORTO / EFE
Nafarroako justizia jauregia, artxiboko irudi batean. IÑAKI PORTO / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2024ko irailaren 18a
09:04
Entzun

Iruñeko Instrukzioko 1. Epaitegia ikertzen ari da zenbait enpresak jaso zituzten mezu elektronikoak nork idatzitakoak ote diren, jakiteko gorroto deliturik izan den edo ez. Noticias de Navarra hedabideak ziurtatu duenez, mezu horietan eskatzen zieten langile etorkinik ez kontratatzeko, eta haien ordez «nazionalak» hartzeko. Mezu elektroniko horiek lan eskaintzei erantzunez bidali zituzten, kontu anonimo batetik, eta, besteak beste, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ere jaso zituen.

Nafarroako Gobernuaren barruko zerbitzu batek jarri zuen salaketa fiskaltzan, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Zerbitzuak, 2023ko udan hiru eragile harremanetan jarri baitziren harekin, eta mezuak jaso zituztela jakinarazi. Fiskaltzaren esanetan, argi dago mezuaren egileak edo egileek «bereizkeriazko kaltea» eragin nahi zuela edo zutela, enpresei eskatzen zietelako langile «nazionalek» etorkinak ordezkatzeko, edo, langileak hartu behar izanez gero, «nazionalak» bakarrik kontratatzeko.

Horretaz gainera, mezuan enpresei esan zieten bazekitela zer enpresak zituzten «atzerritar gehiegi», eta jakinarazi zieten horien zerrendak eginak zituztela, «jendeak jakin zezan bere diruarekin nori ematen zaion lana»: «Kontratazioa librea da, baina kontsumoa ere bai. Hau ez da politikoki zuzena, baina ez da legez kanpokoa. Beharrezkoa da, besterik ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.