Segiko kide izatea egotzita, irailaren 22tik aurrera epaituko dituzten 28 gazteak ez dira etxean egongo eguna noiz iritsiko zain. «28ok, herritarrekin batera, lanean dihardugu, oztopo izan nahi duen prozesu hau konponbidearen aldeko olatu bilakatzeko». Atziber Plazaola auzipetuaren hitzak dira. Hurrengo ekitaldia irailaren 14rako antolatu dute. Gernikako Astran ekitaldi nazionala egingo dute 28 auzipetuek Eleak mugimenduko kideekin batera.
Hainbat herri eta auzotan, 28ak Libre ekinbidearen barne, 22ko epaiketa ez egitearen aldeko hainbat ekintza egin dituzte udan; eta horiek eskertu nahi izan zituen Plazaolak, atzo Iruñean egindako prentsaurrekoan: «Epaiketaren berri emateko egingenuen agerraldian elkartasun argazkiak bidaltzeko deialdia egin genuen, eta, gaur, 1.000tik gora dira jaso ditugun argazkiak». Eskerrik asko bat ere luzatu zien udan babesa eman dieten pertsonei. Euskal Herria «laranjaz janzten» ari dela uste du, eta horrek aurrera jarraitzeko behar duten «indarra eta babesa» eman diela. Aurrerantzean berdin egin behar dutela uste du Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko eledunak: «Herritarren babesa indartzeko beharra daukagu; eta, gainera, bidegabekoak diren legeei aurre egiteko beharrezko baldintzak sortu behar ditugu».
«Eginbideak indartzeko» ekitaldi nazionala antolatu dute Eleak mugimenduak eta 28 auzipetuek, irailaren 14rako. «Zenbait herritan, irailaren 12 eta 13rako asteburu laranja antolatu dute; eta, guk, auzipetuok, beste ekarpen bat egin nahi genuen», azaldu zuen atzo Plazaolak. Gernikako Astran izango da ekitaldia, eguerdiko hamabietan.
Hemezortzi egun falta dira gazteek epaitegian izango duten lehenengo saiorako. 1/12 sumarioaren harira, Segiko kide izatea egotzita epaituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Plazaola: «Gero eta gutxiago falta da, guretzat arrotza eta zilegi ez den auzitegiak bere aurrean aurkezteko ezarri digun egina iristeko». Auzipetuen iritziz, epaiketaren bidez, Espainiak «oztopo berriak» jarriko dizkio Euskal Herriko konponbide politikoari.
Legezkotasunik gabe
Zentzurik gabeko epaiketa da, Bolinagaren ustez: «Eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoa da, eta, gelditzen ez badugu, epaiketa gehiago iritsiko dira». Urtza Alkortaren alde Ondarroan egindako herri harresian parte hartzea egotzita epaituko dituzten bost gazteak aipatu zituen; hilaren 24an izango dute epaiketa Bilbon. Ekainean absolbitu zituzten 40 gazte independentistak ere izan zituen gogoan. «Herritarren gehiengoa epaiketa hauen kontra dago, eta Auzitegi Nazionalak berak kendu dio legezkotasuna, militantzia politikoa onartuz eta inkomunikazio garaian torturapean egindako adierazpenak ukatuz». Horregatik, ez dute ulertzen 28 gazteen aurkako epaiketa gauzatzea: «Orain auzipetutako gazteak torturatu egin zituzten, eta delitu berak egozten dizkiete». Eleak mugimenduko eledunak argi utzi nahi izan zuen ez dutela auzitegiaren sententzia oinarritzat izango, haren esanetan, botere judizialak eta auzitegi nazionala salbuespen politikaren «bizkarrezurra» direlako.
Epaiketaren zain, baina lanean
Ekitaldi nazionala iragarri dute Segiko kide izatea egotzita epaituko dituzten 28 gazteek eta Eleak-ek, hilaren 14rako, Gernikako Astran.Irailaren 22tik aurrera dute epaiketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu