Epaiketaren erantzule egin dute Jaurlaritza

Asteazkenean bost herritar epaituko dituzte Ondarroako herri harresian parte hartzeagatik.Eleak mugimenduak mobilizazioetara deitu du

Iazko maiatzean herri harresia egin zuten Ondarroan, Urtza Alkorta babesteko. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2014ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Urtza Alkortaren alde joan den urteko maiatzean Ondarroan (Bizkaia) egindako herri harresian parte hartzea egotzita, bost gazte epaituko dituzte hilaren 24an, Bilbon. Eleak mugimenduak Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintza egin ditu epaiketa horren «erantzule politiko». Izan ere, Txerra Bolinaga eledunak gogoratu du epaiketaren oinarrian Ertzaintzak egindako salaketak daudela. Eusko Legebiltzarraren atarian egin du salaketa hori, epaituak izango diren lagunekin batera: «Ertzaintzak eta haren arduradun politikoek Madrildik heldutako agindu injustuak bete dituzte, baina ez hori bakarrik; borondate propioz jardun dute auzi honetan», adierazi du. Horiek hala, egindako inputazio «larriak» atzera bota eta epaiketa bertan behera uztea galdegin dio Iñigo Urkulluren gobernuari.

Iazko maiatzaren 15ean Urtza Alkortaren atxiloketa ekiditeko herri harresian parte hartzeagatik, Poliziaren aurkako atentatua egozten diete bost lagunei. Bina urteko espetxe zigorra eskatu dute lau gazteren aurka, eta ordena publikoaren aurkako falta bat galdegin dute bosgarrenarentzat. Guztiei 8.850 euroko isuna ezarri diete, gainera. Asteazkenean haien aurka hasiko den epaiketa salatzeko, elkarretaratzea antolatu du Eleak mugimenduak Bilboko epaitegien atarian, 09:30etarako. Aurrez, igande honetan bertan, agerraldi jendetsua egingo dute auzipetuek, 13:00ean, Alamedan. Herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.

Ondarroako herri harresia gogoan, jeltzaleen jarrera salatu du Eleak mugimenduko eledunak, hitzak eta ekintzak ez datozela bat argudiatuta: «EAJk lege injustuen aurrean obediente eta esaneko nahi gaitu». Gogoratu du militantzia politikoari loturiko espetxeratze aginduak arbuiatu zituztela hitzez, eta adierazi Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindua «injustua baina bete beharrekoa» zela. Praktikan, baina, «disidentzia eskubidearen aurkako eta salbuespen politiken aldeko ekinaldi errepresiboak» egitea leporatu die EAJri eta Ertzaintzari.

Protesta baketsua

Erlantz Alkorta Eleak mugimenduko kide eta auzipetuak, bestalde, ukatu egin du Ondarroako herri harresian Ertzaintzaren aurkako inolako erasorik egon zela, eta egun horretako irudiak jarri ditu froga gisa. Mugimenduak bideo bat egin du berriki, Poliziaren bertsioa ezeztatzeko, eta irudi horiek «ezin argigarriagoak» direla dio. «Harresian parte hartu genuen lagunetatik inork ez zion eraso ezein poliziari. Ordea, Ertzaintzaren kolpe eta irainak jaso behar izan genituen».

Iazko maiatzean, Ertzaintza Ondarroako Alamedara joan zenean Alkorta atxilotzera, Aske Gunea osatu zuten herritarrek modu baketsuan erantzun zuten. Ertzainek banan-banan atera behar izan zituzten Alkorta babesten ari zirenak: besoetatik, hanketatik eta iletik tiraka eraman zituzten hainbat pertsona, eta kolpe ugari eman zizkieten. Zubia hutsarazten hasi eta bi ordura iritsi ziren Alkortarengana, eta atxilo hartu zuten.

Bolinagak uste du Donostiako eta Iruñeko herri harresiak ere mugimendu berri baten «mugarri» izan direla, Ondarroakoa bezala. «Haien bertute nagusietako bat izan da urteetan hain zurrunak eta aldagaitzak ziruditen jarrerak eta diskurtsoak eraldatzeko gaitasuna erakutsi dutela», esan du. Haren aburuz, eragile askori ordura arteko jarrera egokiarazi zieten Aske Guneetan sortutako «argazki berri, berritzaile eta ezustekoek».

Horiek hala, Eleak mugimenduko bozeramaileak dei egin die herri harresien mugimenduarekin «poztu» ziren guztiei euren «konpromisoa» aurrera eramateko. «Gaur, atzo bezala, gure konpromisoak soilik geldiaraz ditzakete eraso berriak». Jakinarazi duenez, Donostiako Aske Gunean parte hartzeagatik ere epaiketa gehiago izango dira aurki, eta adi egoteko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.