D3M eta Askatasuna auziko auzipetuen absoluzioa «urrats positiboa», «logika demokratikoaren adierazle», «demokraziaren garaipena» eta «espero zitekeen epai bakarra» izan dela azpimarratu dute ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak. Epaiarengatik poza adierazi arren, denek azpimarratu dute auzi politiko guztiak indargabetu behar direla, salbuespeneko neurriak ezabatu eta legedia aldatu behar dela.
«Poza eta harrotasuna» adierazi zuen ezker abertzaleko eledun Maribi Ugarteburuk. «Poza, auzipetuen absoluzioagatik. Harrotasuna, herritar eta eragileen elkartasun eta mobilizazioengatik». Ugarteburuk argi dauka «sufragio eskubidea» eraman zutela auzipetuen eserlekura, eta mezu bat hedatu zuen: bukatu egin behar dela salbuespen legedia eta «baldintza demokratikoen aroa» zabaldu behar dela.
Auzipetu absolbitu berriak ondoan zituela, «urrats positibotzat» jo zuen epaia, baina gaineratu zuen ez dadila izan «urrats solte bat». Eta oraindik indarrean diren salbuespen legedietatik bi nabarmendu zituen: espetxe politika eta leges kanporatze politikoa.
«Baldintza demokratikoen norabidean» sakondu egin behar dela gaineratu zuen Ugarteburuk, eta nola egin ere esan zuen: «Euskal jendarteak irabazi du epaiketa hau, eta euskal jendarteak irabaziko du egoera demokratiko erreala Euskal Herrirako».
Normalizazio politikorantz
Eusko Alkartasunaren izenean, Ikerne Badiolak adierazi zuen espero duela epai horrek «epaiketa politikoen amaiera» ekartzea, eta «normalizazio politikorantz abiatzea».
Prentsa ohar bidez, Badiolak poza adierazi zuen absoluzioarengatik «logika demokratikoari erantzuten diolako, gizarteari hauteskunde aukera bat aurkeztea sekula ezin daitekeelako delitu izan». EAko komunikazio idazkariaren ustez, helburu jakina zuen auziak: «Eusko Legebiltzarrean euskal gizartetik aldendutako gehiengo artifizialak eraikitzea».
Aralarrek ere poza agertu zuen absoluzioarengatik, eta adierazi zuen epaiak agerian utzi duela legedia aldatzea beharrezkoa dela.
Prentsa ohar batean, Aralarrek «demokraziaren garaipena» izan dela azpimarratu zuen. «Jardun politikoa errespetatua eta askea edukitzea izan behar da demokraziaren oinarria, eta zigorrak ekarriko lituzkeen balizko sententziak irizpide horiek urratuko lituzke», azaldu zuen.
Epaiak, Aralarren ustez, indarrean dagoen legedia aldatzea beharrezko egiten du, eta «jurisprudentzia berri bati bidea irekitzea», giza eskubideak, eskubide politikoak eta eskubide sozialak aintzat izango dituena eta errespetatuko dituena.
Era berean, Aralarrek uste du auzipetuek kalte-ordainak jaso beharko lituzketela «prozesuan pairatu behar izan dutenarengatik».
Bateragunekoak gogoan
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek ere «ospatu» egin zuen D3M eta Askatasuna auziko auzipetuen absoluzioa. Erabat «zentzuzkoa» izan dela esan zuen, «absoluzioa baino ezin zitekeelako espero, politika egiteagatik auzipetu baitituzte».
Matutek esan zuen euskal herritarren gehiengo zabal batek kalean eskatu duela behin eta berriro epaiketa politikoak amaitzeko, eta, «tamalez», oraindik ere egiten jarraitu beharko duela, «Bateragune eta halako auziengatik kartzelatutako preso politikoak badirelako».
EILAS sindikatuarentzat ere «albiste ona» izan da absoluzioa.
'D3M eta Askatasuna auzia'. Absoluzio epaia
Epaiketa politikoak amaitzea galdegin dute alderdiek
Absoluzioarengatik poza adierazi, zentzuzko epai bakarra zela esan, eta beste auziak gogoratu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu