Epaiketa baten hasieraren harira, LABek hizkuntza eskakizunak defendatu ditu

Gaur epaiketa bat hasi da aterpetxeetan garbitzaile jarduteko lanpostuak egonkortzeko Gipuzkoako Diputazioaren deialdian ezarritako hizkuntza eskakizunen aurka, eta horren kontra egite aldera elkartu dira langileen ordezkariak.

LABen protesta, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
LABen protesta, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2024ko ekainaren 19a
12:00
Entzun

Donostiako Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko LABeko ordezkariek. «Euskararen aurkako erasorik ez!!» pankarta zabaldu dute. Aterpetxeetan garbiketan jarduteko lanpostuen egonkortze prozesurako Gipuzkoako Diputazioak abian duten deialdiaren aurkako epaiketa hasi da gaur han, ezarritako hizkuntza eskakizunen auzitan jartzeko asmoz, eta halakoak euskararen aurkako «oldarraldi judizialaren» ondorio direla salatu dute protesta horren bidez. «Euskaraz lan egin eta bizitzeko» eskubidearen alde ere egin dute.

LABeko ordezkari Edurne Lizasok eman ditu argibideak hedabideentzat. Gaur abiatu den epaiketa hainbat partikularrek hizkuntza eskakizunen harira jarritako helegitearen ondorioa dela azaldu du, eta CCOO sindikatuko abokatuekin ari direla bideratzen auzibidea. «Epaiketaren hasiera denez, ikusten genuen langileak deitu behar genituela epaitegi aurrera. Eta jarraituko dugu hizkuntza eskakizunen aurkako epaiak ateratzen direnean mobilizazioetara deitzen, eta epaiketa egunetan ere mobilizazioetara deitzen».

LABeko ordezkariak esan du ELA ez dela bat etorri estrategia horrekin, eta horregatik egin dutela azkenean deialdia bakarrik. Aurrez, hala ere, bat egin izan dute bi sindikatuek hizkuntza eskakizunen defentsan. Eta Gipuzkoako Diputazioko agintariak ere agertu izan dira langileek deitutako protesten ondora.

LABeko ordezkarien ustez, epaitegien aurrean ere protesta egitea garrantzitsua da egun seinalatuetan: epaiketen hasierako egunetan-eta, gaur bezala. «Gizarteari azaldu behar zaio zer egoeratan dauden prozesuak», azaldu du Lizasok, eta zabaldu duten mezuaren garrantzia gogoratu du: «Euskal Herriko langile eta herritar moduan hizkuntza eskubideak bigarren tokian jartzen dizkigutelako». Langile moduan ere, hizkuntza eskubideak auzitan jartzen dituzten helegite eta epaien bidez euskaraz lan egitea ez dela «bermatzen» adierazi du.

Euskararen garapenaren kontrako ebazpen judizialak metatzen ari direla gogoratu du, «jurisprudentzia arriskutsu bat» sortzen ari direla euskara normalizatzeko bidean, eta gero eta gehiago zailtzen duela horrek aurrerabideak egiten jarraitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.