Hizkuntz eskakizunak

Epaiari «batasunaren bidetik» erantzuteko deia egin du Kontseiluak

  Euskalgintzako eragileek uste dute EAEko Auzitegi Nagusiak Irungo Udalaren hizkuntz eskakizunez plazaratutako ebazpena «politikoa» dela. Joan den astean epaitegiak atzera bota zuen Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturen hizkuntza eskakizuna, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzailea» dela argudiatuta.

Euskalgintzako ordezkariak, gaur, Blbon. KONTSEILUA
gotzon hermosilla
2021eko maiatzaren 17a
12:39
Entzun

Joan den astean, Euskalgintzaren Kontseiluak iritzia eman zuen EAEko Auzitegi Nagusiak plazaratutako epaiaz; alegia, Irungo Udalak hamabi udaltzain kontratatzeko egindako hizkuntz eskakizunak atzera botatzen dituen ebazpenaz. Hala ere, eta afera «oso larria» dela iritzita, hedabideen aurrean agertu da, Kontseilua osatzen duten eragile ugarien zenbait ordezkarirekin agertu ere. Han izan dira AEK, BERRIA, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, EMUN, EHE, Elhuyar, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, UEU, Uema, Eusko Ikaskuntza, OEE eta beste zenbait elkarteren ordezkariak ere.

Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok esan duenez, ebazpenaren oinarria ez da juridikoa, «politikoa» baizik: «Magistratuek epaia idatzi zuten, eta, ondoren, saiatu dira epai hori justifikatzen. Horretarako estrategia desberdinak baliatu dituzte: jurisprudentzia berria baztertu dute, eta hizkuntza eskakizunen prozedurari ez diote jaramonik egin». Haren iritziz, Irungo Udalak «arazo bat» dauka orain: EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia beteko balu, legea urratuko luke.

Edonola ere, Kontseilua osatzen duten elkarteek ez dute uste Auzitegiaren epaia salbuespena denik: «Ikusten ari gara epaitegi eta auzitegietatik behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideen urraketak are gehiago ahalbidetuko dituzten epaiak», esan du Bilbaok, eta, batez ere, Nafarroako Justizia Auzitegia eta Espainiako Auzitegi Gorena aipatu ditu.

Euskalgintzako eragileek uste dute «batasunaren bidetik» erantzun behar zaiola epaiari: «Ez da bidezkoa, ezta zilegizkoa ere, komunitatea euskaraz bizitzeko egiten ari den ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea». Horregatik, zenbait ekinaldi iragarri dituzte, hala nola Irungo Udalari «babesa» eskaintzea helegitea aurkezteko erabakian, eta nahi izanez gero «laguntzailekide gisa jarduteko prestasuna» agertzea; eta eragile politiko eta sindikalei ostegun arratsaldean egingo den bilkura baterako deia egitea, epaiari erantzun bateratua emateko aukerak aztertzeko helburuz.

Herritarrei ere desadostasuna agertzeko aukera eman nahi die Kontseiluak, eta, horregatik, datorren larunbatean, elkarretaratze bat egingo dute eguerdian, EAEko Auzitegi Nagusiak Bilbon duen egoitzaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.