Epaiaren zain gelditu da seme-alabak hiltzen saiatzeaz akusatutako emakumearen kontrako epaiketa

Fiskalaren akusazioaren arabera, emakumeak umeak drogatu, eta ebakiak egin zizkien lepoan. Emakumeak, akusazioak onartu, eta damua agertu du.

Emakume baten kontrako epaiketa
Bizkaiko Probintzia Auzitegian egindako epaiketaren irudi bat. MIGUEL TOÑA / EFE
gotzon hermosilla
2024ko uztailaren 2a
15:00
Entzun

Epaiaren zain gelditu da Bizkaiko Probintzia Auzitegian seme-alabak hiltzen saiatzeaz akusatutako emakume baten kontrako epaiketa. Epaiketa gaur hasi da, eta bihar amaitzekoa zen, baina bi aldeek akordio bat egin dute, eta, emakumeak akusazioak onartu eta damua agertu ondoren, fiskalak uko egin dio aurreikusiak zituen zenbait lekuko deitzeari, eta zigor eskaera jaitsi du: 36 urtetik 16 urte eta erdira. Horrenbestez, bukatutzat eman dute epaiketa, epaimahaiaren ebazpenaren zain.

Gertakariak 2022ko abenduaren 31n izan ziren, Barakaldon (Bizkaian). Fiskaltzaren akusazioaren arabera, emakumeak 10 urteko seme-alaba bikiak hiltzea erabaki zuen, jakin baitzuen haien gaineko zaintza galtzeko aukera zuela. Orduan, botika lasaigarriak nahasi zituen bi jogurtetan, eta umeei eman zizkien. Drogen eraginez haurrak lokartu zirenean, ebakiak egin zizkien lepoan aizto batez. Gero, umeen aitari deitu zion, eta egindakoa kontatu zion. Gizona bertaratu zen, eta umeak Gurutzetako ospitalera eraman zituen. Emakumea bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta, Polizia iritsi zenean, egindakoa aitortu zuen.

Fiskalak hilketa saiakerako bi delitu leporatzen zizkion emakumeari, eta bakoitzagatik 18 urteko zigorra eskatzen zuen: orotara, 36 urte. Asaldura psikikoa izatearen aringarria aintzat hartu du: izan ere, nortasun nahasmendua, substantzia psikoaktiboak erabili izanaren ondoriozko nahasmendua eta defizit intelektual arina diagnostikatu diote akusatuari. Seme-alabei kalte ordaina emateko, haien gaineko guraso ahala kentzeko eta haiekin 10 urtez harremanik izatea galarazteko ere eskatzen zuen fiskaltzak.

«Asko sentitzen dut»

Epaiketan, bere abokatuak egindako galdera bakar bati erantzun dio akusatuak. Erantzunean, akusazioak onartu ditu, eta damua agertu du egindakoagatik: «Asko sentitzen dut, eta damu handia daukat». Ondoren, umeen aitak deklaratu du; esan duenez, emakumeak telefonoz deitu zion, eta esan zion «zerbait» egin ziela haurrei, baina ez zion azalpen gehiago eman. Gizona senide batekin joan zen emakumearen etxera, eta han «negarretan eta urduri» aurkitu zuen andrazkoa. Umeak esna zeuden, baina «durduzaturik». Haurrak hartu eta erietxera eraman zituen.

Aferan esku hartu zuten Barakaldoko udaltzainek ere deklaratu dute. Esan dutenez, gertatutakoaren berri izan zutenean ospitalera joan ziren, eta han entzun zuten gizonaren eta emakumearen arteko telefonozko elkarrizketa bat. Elkarrizketa horretan, emakumeak adierazi zuen bere buruaz beste egingo zuela inork laguntzen ez bazion, eta, orduan, haren etxera joatea erabaki zuten. Emakumea eserita aurkitu zuten, aizto baten ondoan, eta eskumuturretan zauriak zituen. Hori ikusita, anbulantzia bati deitu zioten, eta emakumea erietxera eraman zuten.

Umeen deklarazioa aldez aurretik grabatuta zegoen, baina fiskalak eta defentsako abokatuak ebatzi dute ez zela beharrezkoa hura entzutea, eta grabazioa ez dute jarri. Ertzainen eta bestelako adituen deklarazioa entzun ostean, aldeen ondorioak iritsi dira. Fiskalak 16 urte eta erdira jaitsi du zigor eskaera, 8 urte eta hiru hilabete ume bakoitzeko, eta aintzat hartu ditu buruko nahasmenduaren aringarri «oso kualifikatua» eta delituak aitortu izana. Aldiz, seme-alabei kalte ordaina emateko, haien gaineko guraso ahala kentzeko eta urruntze agindua ezartzeko eskabideei eutsi egin die fiskalak.

Oraingoz, emakumeak behin-behinean espetxean jarrai dezala galdegin du, eskatutako zigorraren neurria kontuan hartuta eta berriro umeen kontra jotzeko aukera galarazteko, eta espetxean jasotzen ari den arta psikiatrikoarekin jarraitzeko ere eskatu du. Defentsak eta akusazio partikularrak bat egin dute fiskalaren eskaerekin, baina defentsako abokatuak eskatu du emakumea aske uzteko. Azken eskaera horiekin, epaiaren zain gelditu da epaiketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.