Epaiaren zain gelditu da Majarenasen bikotekide ohiaren aurkako auzia

Azken lekukoek eta perituek deklaratu ostean, amaitu da Stylanos Messinezisen aurkako epaiketa. 30 urteko zigor eskaerari eutsi diote

Sara Majarenasen alabaren erasotzailea libre utzi zutenean egindako elkarretaratzea, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Sara Majarenas euskal preso ohiaren alaba Izar hiltzen saiatu zen gizonaren aurkako epaiketa atzo amaitu zen. Irailaren 10ean eta 11n egin zituzten epaiketaren lehen bi saioak, Valentziako Probintzia Auzitegian, baina atzoko utzi zituzten azken deklarazioak eta aldeen ondorioak. Zigor eskaerak mantendu dituzte fiskalak eta akusazio partikularrak: 30 urteko kartzelaldia galdegin dute Stylanos Messinezisentzat, Izar alaba hiltzen saiatzea eta Majarenasi lesio psikikoak eragitea leporatuta. Defentsak, ordea, haren absoluzioa eskatu du, eta delituaren kalifikazioa aldatzea galdegin du: abokatuaren ustez, lesio delitu bat da.

2017ko urtarrilaren 15ean gertatu zen Izarren aurkako erasoa, akusatuak Benifaio herrian (Herrialde Katalanak) zuen etxean. Umeak 2 urte eta hamar hilabete zituen, eta amarekin bizi zen Picassenteko kartzelan, baina asteburuak aitarekin egiten zituen. Baimen horietako batean gertatu zen erasoa: bi labankada eman zizkion Messinezisek —gero etxetik alde egin zuen, haurra hilda zegoelakoan—, eta, horien ondorioz, Izarrek lesio larriak izan zituen urdailean, esofagoan, birikan eta bihotzean. Ospitaleko ordezkariek eta perituek epaiketaren bigarren saioan azaldu zutenez, «oso gaizki» iritsi zen erietxera: «Ia odol guztia galdu zuen, tentsiorik gabe geratu zen... Hiltzear egon zen». Guztira bost ebakuntza egin behar izan zizkioten, eta bost aste egin zituen ospitaleratuta.

Akusatuak, patologiarik ez

Lehen saioan akusatuak berak berretsi zuenez, pentsatu zuen alaba hil egin zuela, eta hala aitortu zien Benifaioko udaltzainei. Haietako batek deklaratu zuen atzo: haurra etxetik atera zuenak, hain justu. Bi perituren adierazpenak ere falta ziren epaiketa amaitzeko: Alacanteko bi mediku forentse dira, Messinezis inputatu daitekeen ala ez argitzeko txosten psikologikoa egin duten adituak. Baietz adierazi dute perituek, Majarenasen abokatu Aiert Larrartek BERRIAri azaldu dionez: «Ondorioztatu dute akusatuak ez duela patologiarik izan, ez erasoaren unean, ez lehenago, ez ondoren».

Azkenik, alde bakoitzak bere ondorioak aurkeztu ditu. Indarkeria matxista kasu gisara hartu dute fiskalak eta akusazio partikularrak: haien tesiaren arabera, amari min egiteko eraso zion akusatuak alabari; beraz, Izar hiltzen saiatzea ez ezik, Majarenasi lesio psikikoak eragitea ere egotzi diote Messinezisi. 30 urteko espetxe zigorra eskatu dute biek, baina akusazioak segurtasun neurri gehiago galdegin ditu, «ama-alabak babesteko»: kartzelaldiaren ostean hamar urteko urruntze agindua ezartzea, eta Messinezisek genero indarkeria desagerrarazteko hezkuntza programetan parte hartu behar izatea espetxe onurak lortzeko.

Defentsak, ordea, absoluzioa eskatu du; gertaerak lesio delitu bat baino ez direla uste du. Epaiketaren lehen bi saioetan ere jokabide deigarria izan zuen defentsako abokatuak; besteak beste, epailearen haserrea eragin zuen, Majarenasen iragana estrategia gisa baliatu nahi izan baitzuen behin baino gehiagotan.

Kartzelan dago egun Messinezis; hain justu, irailean espetxeratu zuten behin-behinean —otsailetik aske zegoen—, epaiketaren lehen bi saioen ostean, auzian agertutako frogen ondorioz ihes egiteko arriskua handiagoa zela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.