Torturak

Epaiaren zain gelditu da Iratxe Sorzabalen kontrako auzibidea

Fiskalak 36 urtera jaitsi du zigor eskaera; defentsak absoluzioa eskatu du

Sorzabalen alde joan den asteburuan Irunen egindako mobilizazioa. GORKA RUBIO / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko otsailaren 8a
15:05
Entzun

Iratxe Sorzabalen kontrako auzibidea epaiaren zain gelditu da. Defentsak absoluzioa eskatu du, eta fiskalak akusazioari eutsi dio, baina «erakunde terroristako kide» izatearena kendu du, kontuan hartu baitu delitu horrengatik dagoeneko zigorra betetzen ari dela Frantzian. Beraz, zigor eskaera 46 urtetik 36 urtera jaitsi du. Estatuaren abokatuaren ordezkariak eta AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko abokatuak bat egin dute eskaera horrekin.

Azken hitzartzean, Sorzabalen abokatu Aiert Larrartek Guardia Zibilaren jarrera deitoratu du: «Uste dugu biktimei errespetua zor zaiela, eta egia jakiteko eskubidea dutela. Baina beharrezkoa al zen Guardia Zibila hona etortzea Iratxe Sorzabal, Unai Romano edo [Igor] Portu eta [Mattin] Sarasola torturatu ez zituztela esatera?».

Ustez, epaiketaren muina zen argitzea ea Sorzabalek parte hartu zuen ala ez leporatzen dizkioten atentatuetan. Baina torturaren itzalak epaiketa hartu du, eta eztabaidagai nagusietako bat bilakatu da. Adibidez, Guardia Zibilaren bi perituk txosten bat aurkeztu dute, torturen inguruan Guardia Zibilaren betiko tesia defendatzen zuena: alegia, ETAk bere kide guztiei torturak salatzeko agintzen ziela, eta horren helburua zela «estatuaren segurtasun indarren izen onari kalte egitea» eta haien kontrako auzibideak oztopatzea.

Aiert Larrarte abokatuaren galderei erantzunez, perituek aitortu dute txostena egiteko ez dituztela aintzat hartu Amnesty International, Human Rights Watch eta giza eskubideen arloan lan egiten duten nazioarteko beste zenbait elkartek Espainiako tortura auziei buruz egindako txostenak, ezta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiaren kontra ebatzitako epaiak ere, baina beren tesiari eutsi diote argudio bat emanez: torturei buruzko auzietan «absoluzioak eta auzien artxibatzeak zigorrak baino ugariagoak» izan direla Espainiako justizian.

Halaber, Larratek galdetu die ea, ETAren aginduaren teoria hori egiazkoa bada, nola azaltzen duten ETAko kide batzuek torturarik salatu ez izana atxilotu dituztenean, eta ETAkoak ez ziren askok, berriz, torturatuak izan direla salatzea. Perituek erantzun dute torturarik salatu ez duten ETAko kideek «begien bistakoa denez beren erakundearen agindua desobeditu» dutela. ETAko kide izan gabe torturak salatu dituztenei buruz, berriz, guardia zibilek galdetu dute ea abokatua «ETAren inguruaz» ari ote zen.

Auzi medikuaren deklarazioa

Auzi medikuaren deklarazioak ere zeresana eman du. Medikuak esan du igorri dioten dokumentazio osoa aztertu duela, eta, azterketa horretan oinarrituta, ezin dela zehaztu zein den Sorzabalek zeuzkan zaurien jatorria, ezta jatorri hori komisarian pairatutako tratua izan ote zitekeen ere. Baina defentsako abokatuak galdetuta, aitortu du ustez elektrodoek eragindako zaurien argazkiak ez zizkiotela bidali, «argazki horien zuri-beltzeko fotokopiak» baizik, eta fotokopia horietan ezin zela zehaztu zaurien jatorria.

«Iratxe Sorzabalen izena Google-n sartuz gero, edozeinek ikus ditzake argazki horiek», esan du Larratek, «baina Auzitegi Nazionalerako txosten bat egin behar duen auzi medikuari zuri-beltzeko fotokopia batzuk bidaltzen dizkiote».

Fiskalak frogatutzat eman du Sorzabalek parte hartu zuela 1996ko bi atentatu horietan, eta froga nagusi gisa Sorzabalek ETAri igorritako eskutitza aurkeztu du. Larrartek, berriz, esan du gutun horretan Sorzabalek Guardia Zibilaren aurrean deklaratu behar izan zuenaren berri eman ziola ETAri, baina hortik ezin dela ondorioztatu Sorzabalek bere gain hartzen zuela delitu horien egiletza, gutunaren hasieran «hau da Guardia Zibilari esan niona» esaldia agertzen baita. Esaldi hori ez zuten euskaratik itzuli Guardia Zibilaren adituek erabilitako dokumentazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.