'D3M eta Askatasuna auzia'. Absoluzio epaia

Epaiak dio auzipetuek hautagaitzak sustatzeko eskubidea dutela

'D3M eta Askatasuna auziko' 11 auzipetuak absolbitu egin ditu Auzitegi Nazionalak, ETArekin loturarik ez dagoela argudiatutaNicolas Poveda magistratuak boto partikularra idatzi du, zigorra defendatzeko

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Demokrazia 3.000.000 (D3M) eta Askatasuna sortu eta sustatzeko orduan, beren eskubide politikoak praktikan jartzen ari ziren D3M eta Askatasuna auzikoak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren iritzian. Horregatik, absolbitu egin ditu Amparo Lasheras, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Eli Zubiaga, Agurtzane Solaberrieta, Arantza Urkaregi, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta, Zuriñe Zorrozua, Jose Antonio Munduate eta Xabier Isasa. Fernando Antia eta Aitor Liguerzanari buruz ez du erabaki behar izan, fiskaltzak berak epaiketan akusazioa kendu baitzuen, frogarik ez zegoela ikusita.

Hala, Auzitegiak atzera bota du Baltasar Garzon epailearen tesia —2009ko urtarrilean hark abiatu zuen auzia, bederatzi lagun atxilotuta—. Operazio haren azalpen publikoak Espainiako Barne Ministerioak eman zituen, eta atxilotuei «ETAren laguntzaile» izatea egotzi zien, eta hori esateko «nahiko froga» zeudela gaineratu zuen. Epaimahaiak ezetz dio.

Epaiak dio D3M eta Askatasunako auzipetuek ez dutela deliturik egin. Auzipetu horietako batzuek alderdi eta hautesle elkarte horiekin lotura dutela frogatutzat eman arren, «ideologikoki ezker abertzalearekin lotutako hautagaitzak sustatzea» ez dela delitua dio, baizik eta «parte hartze politikorako eskubidea» dela. Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta eta Arantza Urkaregi D3Mren sustatzailetzat jo ditu. Hodei Egaña, Zuriñe Zorrozua, Iker Rodrigo, Imanol Nieto eta Elisabeth Zubiagak ere hautesle elkarte hori sustatzeko lan egin zutela dio, nahiz eta aurreko hirurek baino apalago egin. Jose Antonio Munduate eta Xabier Isasa Askatasunaren sustatzaile izan zirela dio, eta, epaiaren arabera, Unai Berrostegietak ez du loturarik ez D3Mrekin eta ez Askatasunarekin. Tribunalak dio haiek guztiek deliturik ez zutela egin lan hori egin zutenean.

Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcelek sinatutako epaian, frogatutzat eman dute Askatasuna eta D3Mren sorrerak ezker abertzalearen estrategiaren barnean daudela, baina adierazi dute ez dela frogatuhaiek sustatzen aritu zirenek «jakinaren gainean eta kontzienteki» ETAri laguntzen ari zirela eta, hori frogatu ezean, auzipetu horiek ezin direla zigortu ETAko kide edo haren laguntzaile izatea egotzita. Ezker abertzalearekiko lotura frogatuta dagoela diote, baina ETArekikoa ez. «Tribunalak ez dauka nahiko elementu, zalantzarako tarterik gabe auzipetuak ezker abertzaleari ez ezik ETAri berari ere laguntzen ari zitzaizkion uste sendoa izateko. Erakunde armatuarekiko loturarik ez da topatu».

Epaiak dio legez kanporatzearen eragina gutxitzera bideratuta dauden hautagaitzak sortzea «ETAk sustatuta egongo dela, edo gutxienez bere interesekoa izango dela». Gaineratzen du, ulertzekoa dela erakunde armatuak bertako kideak alderdi edo hautesle elkarte horietan sartu nahi izatea, «bere presentzia eta kontrola ez galtzeko». Baina, ohartarazten du, ezin dela esan hautesle elkarte edo alderdi horietako kide guztiak ETAkoak direla.

Gainera, epaiak dio alderdi eta hautesle elkarteak legez kanpo uzten direnean, ez diela eragiten bertako kideei, eta haiek beren eskubide politikoak mantentzen dituztela, eta baita sufragio aktibo eta pasiborako eskubideak ere. Beraz, auzipetuen eskubidea dela hautesle elkarteak zein alderdiak sustatzea, eta hautagai izatea, «aurretik legez kanporatutako alderdiren batekin lotura izanagatik ere». Izan ere, Fiskaltzarentzat Amparo Lasherasen kontrako froga da aurretik HBren, EHren, Gasteiz Izanen eta Arabako Abertzale Sozialisten hautagai zerrendetan aurkeztu izana.

Poveda, zigortzearen alde

Hamahiru auzipeturekin hasi zen epaiketa hamaikarekin amaitu zen, eta fiskalak azken ondorioetan haiek zigortu egin behar zirela defendatu zuen. Nolanahi ere, epaiketan entzun eta ikusitakoarekin, bera ere konturatu zen aurkezten zituen «froga eta zantzuak» ez zirela oso indartsuak.Zigor eskaerak jaitsi egin zituen bederatzi eta zazpi urtetatik sei urte eta erdi eta bost urtera.

Salak absoluzioa eman arren,epaimahaiko kide Nicolas Povedak boto partikularra idatzi du, auzipetuak zigortu egin behar direla argudiatuz. Poveda berria da aurreneko zigor salan. D3M eta Askatasuna auziko epaiketa zuen aurrenekoa, eta aurretik, Javier Gomez Bermudez magistratuak betetzen zuen tokia ordezkatu zuen. Gomez Bermudezek Auzitegi Nazionaleko zigor salako presidentzia galdu zuenean, lehen zigor salako epaimahaiburu kargua ere galdu egin zuen, eta orain, instrukzio epaile lanetan ari da.

Sententzia baino mardulagoa den txostena idatzi du Povedak—31 orri ditu epaiak, eta 155 boto partikularrak—. Aurrekarietan bakarrik egiten du bat.

Frogatutzat emandakoak zerrendatzerakoan, tribunalaren gehiengoaren epaiak egin ez bezala, ETAren «desdoblamentu estrategiaren» tesia azaltzen du, luze, dena ETA da teoria bere eginez. Hala, Askatasuna «ETAren egitura instituzionalaren jarraipena bermatzeko» sortu zela dio.

D3M eta «sare terroristaren artean» lotura dagoela ere badio, hango hautagaiek aurrez legez kanpo utzitako alderdiekin izandako loturagatik eta kanpaina egiteko moduagatik. Hautagaiek alderdi horiekin dituzten loturak zerrendatzen ditu, eta baita egindako agerraldiak ere. Baina, inondik ere ez du azaltzen non dagoen epaiak derrigorrezko jotzen duen ETArekiko lotura zehatza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.