Epai batek onetsi egin du eskolako atezain batek B2 mailaren kontra jarritako helegitea

Donostiako Udalak ezarritako hizkuntza eskakizunaren kontra langile batek jarritako helegitea izan zen ebazpenaren abiaburua.

(ID_13482086) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-01-10, Donostia. Donostiako Udal langileen batzordeko ELA eta LABek elkarreratzea egin dute,...
Oldarraldi judizialaren aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2024ko otsailaren 13a
17:43
Entzun

Asko dira hilabeteotan funtzio publikoan euskararen bilakaera sustatze aldera emandako irizpide administratiboen kontrako sententziak, eta Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. zenbakiko Epaitegiak eman du azkena. Hilabete honetan bertan ebatzitako epai bat da. Eskola batean atezain ari den langile batek helegitea jarri zuen Donostiako Udalaren aurka B2 hizkuntza eskakizuna egiaztatu behar zuelako lanpostua egonkortzeko prozesuan, eta «partzialki» onartu egin du epaileak. Hona ondorioa: salbuetsi egin du, eta ez du eskakizun hori konplitu beharko.

Sententzian jartzen duenez, helegitea jarri zuen langilea 2001etik ari da lanean eskola bateko atezain; 21 urte daramatza, beraz, lanpostuan. Udalak, lanpostua egonkortzeko prozesuan «esperientzia» aintzat hartzen duela argudiatu du langileak helegitean, baina lanposturako izangaiak «kanpoan utz» ditzakeen proba bat ere ezarri duela, euskara ariketa bat, eta, ondorioz, «debekatu» egiten diola lanpostua lortzea. Gogora ekarri du, gainera, lanpostu horretan lanean hasi zenean ez zuela ezarria «derrigortasun datarik», aintzat hartzeko moduko «meritua» besterik ez zela orduan.

Beste xehetasun bati ere erreparatu dio langileak helegitean; bere «funtzioak» betetzeko orduan euskara erabiltzeko erarik ez duela izan argudiatuta, inor ez da kexatu 21 urteotan. Gainera, bete behar dituen funtzio gehienetan ez da «inolako hizkuntzarik» erabili behar. Horiek horrela, «gehiegizkoa» da B2 maila eskatzea. Adinari ere erreparatu dio, egun ja 59 urte ditu, eta, lanpostu hori gabe geratzen bada, lan egoera «zailean» geratuko da.

Helegitean bost eske egin ditu langileak. Aurrena, eskola atezain izateko hizkuntza eskakizuna kentzeko eskatu du. Epaiak atzera bota du hori. Aldiz, onartu egin du propio langile honi ez eskatzea hizkuntza eskakizuna. Sententziak horretarako propio aztertu dute ea legeak 45 urtetik gorakoei hizkuntza eskakizunak ez betetzeko ematen dien aukera hori funtzionarioentzat bakarrik den, edota behin-behineko langileentzat ere balekoa den. Langilearen eskearen alde egiteko, aintzat hartu du iragan abenduan Laudioko Udaleko funtzionario bati euskara eskakizuna ez eskatzearen alde EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen epaia. Irizpide nagusi bat eman zuen horretarako: 45 urtetik gorako funtzionario denak daude salbuetsita euskara maila egiaztatzetik.

Aurrez Gasteizko auzitegi batek ebatzitako epai baten kontra jarritako helegitearen kontrako erantzuna izan zen ebazpen hori. Epai hartan esan zen, halaber, 45 urtetik gorakoa zenez ezin zitzaiola eskatu euskara mailaren ziurtagiririk langile bati. Horrez gain, erantsi zuen euskara «munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena» dela. Argudio horien harira, euskalgintzak gogor kritikatu zuen ebazpen hura.

Euskalgintzaren Kontseiluak kezkaz hartu du epai hau. Aditzera eman duenez, ebazpen honetan argi geratu den eran, ikuspegi «murriztaile» batetik egindako erabaki judizialak ugaritzen ari dira, eta jurisprudentzia bat «egonkortzen» eta «betikotzen» ari da euskara sustatzea lortu nahi duten neurri administratiboen kontra. Epai horiek «oinarri juridiko zalantzagarria» dutela berretsi du, aurrez hainbatetan egin duen eran.

Iragan urtarriletan ere jaso zuen Donostiako Udalak hizkuntza eskakizunen kontrako epai bat. Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. zenbakiko epaitegitik heldu zen hura: ebatzi zuen «diskriminatzailea» dela udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea. Udaltzainen lanpostuak egonkortzeko udalaren prozesu baten harira eman zuen sententzia, lanpostua eskuratu nahi dutenetako batek abiatutako helegiteari erantzunez orduan ere. Euskalgintzaren Kontseiluak halakoetarako prestatua duen protokoloa abiatu zuen euskalgintzak ebazpenaren aurka, eta kalera atera zen kontra egitera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.