Eusko Legebiltzarra

EP-IUk sexu eta ugalketa eskubidea arautzeko lege proposamen bat erregistratu du

Besteak beste, proposatu du sexu heziketa «modu integralean» txertatzea hezkuntzan, eta sexu eta ugalketa osasunari arreta emateko zentroak sortzea.

Miren Gorrotxategik eta Isabel Gonzalezek erregistratu dute lege proposamena. ELKARREKIN PODEMOS-IU
edurne begiristain
2022ko maiatzaren 27a
13:51
Entzun

Elkarrekin Podemos-IU taldeak sexu eta ugalketa eskubideak arautzeko lege proposamen bat erregistratu du gaur Eusko Legebiltzarrean. Miren Gorrotxategi eta Isabel Gonzalez legebiltzarkideek prentsaurrekoan azaldu dutenez, legeak «aitzindari» izan nahi du eskubide feministetan. Araua ontzeko aintzat hartu dituzte sexu eta ugalketa eskubideen arretan eta sustapenean aditu diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeen ekarpenak, eta baita sindikatuenak, erakunde sozialenak eta talde feministenak ere.

Lege proposamenak hainbat berrikuntza jasotzen ditu. Besteak beste, sexu eta ugalketa osasunari arreta emateko zentroak sortzea eta Ugalketa Eskubideen Euskal Behatokia martxan jartzea aurreikusten du. Halaber, etxean erditzea artatzeko programak bultzatzea, haurdunaldiko eta jaiotzari lotutako doluari arreta ematea eta indarkeria «gineko-obstetrikoa» berariaz aitortzea proposatzen du. Era berean, lege egitasmoak proposatzen du sexu heziketa era integralean txertatzea hezkuntzaren «eremu formalean». Gorrotxategik eta Gonzalezek azpimarratu dute egungo programek ez dutela bermatzen sexu hezkuntza irakaskuntzaren maila guztietan, ikastetxe bakoitzaren menpe geratzen delako hori eskaini ala ez. Hori aldatu nahi dute legearekin.

Lege egitasmoak pertsona guztien sexu eta ugalketa eskubideak bermatzea proposatzen du, babestu beharreko giza eskubide gisa. Halaber, pertsona guztiei sexu eta ugalketarako zerbitzu integralak eskuratzeko eskubidea aitortzen die, halaber. Horrez gain, hilekoaren osasunari modu integralean heldu nahi dio arauak, hilekoaren «mitoak, aurreiritziak eta genero estereotipoak» ezabatzeari arreta berezia eskainiz. Halaber, errespetuan oinarritutako «kalitatezko arreta ginekologikoa» bermatu nahi die emakume guztiei, legez, sexu orientazio, genero identitate, nazionalitate edo arrazaren araberako bazterketarik egin gabe. Era berean, EP-IUren lege proposamenak arautu nahi du sexualitateaz «erabat eta askatasunez gozatzeko» eskubidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.