Espainiako Kongresuak azaroan onartu zuen aberastasun handien gaineko zerga bat, eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, foru ogasunen esku geratu zen zerga horrekin bildutakoa nola kudeatu. Haatik, ogasunek ez dute oraindik foru agindurik garatu zerga hori ezartzeko, eta, beraz, aurten ez da aplikagarria izango. David Rodriguez Elkarrekin Podemos-IUren Arabako ahaldungai nagusiaren iritziz, «onartezina» da Arabako Foru Aldundiak zerga horrekiko duen jarrera, eta ezartzeko «borondate falta» egotzi die jeltzaleei eta sozialistei: «EAJk eta PSE-EEk ez dute nahi izan aurten indarrean sartzea fortuna handien gaineko zerga, baina uste dugu pauso hori eman behar dela justizia soziala lortzeko». Elkarrekin Podemos-IU hurrengo foru gobernuaren parte bada aberastasun handien zerga «lehenbailehen» ezarriko duela hitzeman du Rodriguezek, «zerbitzu publikoei eusteko».
Fiskalitatea «aberastasuna banatzeko» eta «aukera berdintasuna bermatzeko» tresna gisa ulertzen du EP-IUk, eta zerga sistemak «progresiboa» behar duela uste du. Rodriguezen hitzetan, fortunak dituztenek «ekarpen handiagoa» egin behar diote gizarteari, eta, justizia soziala «orekatu» nahi bada, urratsak egin behar dira bide horretan. EP-IUren hautagaiak gogoratu duenez, Araban ehun lagun inguruk hiru milioi eurotik gorako ondasunak dituzte, eta horietako batzuek, ehun milioitik gorakoak. «Aberastasunak banatzea funtsezkoa da lurralde kohesionatuagoa eta orekatuagoa lortzeko», azpimarratu du.
Espainiako Gobernuak erabaki zuen fortuna handien zerga behin-behinekoa izatea, eta, gutxienez, 2023. eta 2024. urteetan egotea indarrean. Jada denbora «galdu» dela kritikatu du Rodriguezek. Gizartean «arrakala soziala» sortzea aurpegiratu die EAJri eta PSE-EEri, eta gehien dutenen eta gutxiago dutenen arteko «distantzia» gero eta handiagoa bihurtzea. Ohartarazi duenez, Araban gero eta familia gehiago hurbiltzen ari da «bazterketa sozialaren mugara». Zehazki, biztanleen %20 «atzean» uztea leporatu die jeltzaleei eta sozialistei: «53.000 pertsona inguru dira, Mendizorrotza futbol zelaia halako hiru betetzeko adina pertsona». Gainera, gogoratu du ogasunak inoiz baino diru gehiago bildu duela, eta hori «kontraesana» dela bazterkerian geratzen ari den jendearen egoera kontuan hartuta. Rodriguezen iritziz, aldundiak «politika sozialak» lehenetsi behar ditu, «pobrezia energetikoaren» aurka borrokatu, eta familia «kalteberak» babestu.
Begoña Seco Arabako Batzar Nagusietarako hautagaiaren iritziz, berriz, publikoa eta zerga erreforma eskutik doaz. «Ez badugu fiskalitatea ausardiaz lantzen, ezin dugu hitz egin hezkuntzaz, osasunaz eta zerbitzu publikoaz. Gehien dutenek gehiago ordaintzen ez badute, ezinezkoa da gizarte desorekak amaitzea eta justizia soziala lortzea». Eskuineko alderdiek, berriz, «iruzurra» egiten dutela salatu du, eta zergekin «beherapenetan» ibiltzea leporatu die.
Araba
EP-IUk hitzeman du fortuna handien zerga ezarriko duela Araban
David Rodriguez Arabako ahaldungai nagusiak zerga hori ezartzeko «borondate falta» egotzi die EAJri eta PSE-EEri. Ohartarazi du gero eta familia gehiago hurbiltzen ari dela «bazterketa sozialaren mugara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu