EP-IUk «ahalik eta gehien eragin» nahi du Jaurlaritzaren jardunean

edurne begiristain
Gasteiz
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Alderdi «giltzarria» izan nahi du Elkarrekin Podemos-IUk hasi berri den urte politikoan. Legebiltzar taldeko bozeramaile Miren Gorrotxategik atzo jakinarazi zuenez, taldearen helburua ez da Eusko Jaurlaritza «higatzea», haren jardunean «ahalik eta gehien eragitea» baizik.«Gure indar korrelazioa kontuan hartuta, gure xedea da ahalik eta intzidentzia gehien izatea gobernuan».

Urte politiko berriak garrantzi handia izango du ezkerreko koalizioarentzat. Gorrotxategik azaldutakoaren arabera, EAJk eta PSEk gehiengo osoa baliatuko dute Eusko Legebiltzarrean lege ugari aurrera ateratzeko, eta testuinguru horretan oposizioko taldeek «erantzukizun historikoa» izango dute. Hala, Elkarrekin Podemos-IUk «aukera oro» baliatuko du gobernuarekin elkarlanean aritzeko eta bere jardunean eragiteko. «Ez dugu utziko aukera bakar batek ere ihes egitea; aukera guztiak baliatuko ditugu». Gaineratu zuenez, Elkarrekin Podemos-IUk «askatasun osoz» jardun dezake gobernuarekin akordioak lortzeko, ez baitauka «inolako motxilarik». Taldeak oposizioa egingo du legebiltzarrean, baina gobernura iristeko asmoari ez dio muzin egingo: «Herri honetan ezkerreko gobernu bat egoteari ez diogu uko egin nahi». Besteak beste, Berdintasun Legean akordioa lortzeko aukera ikusten du Gorrotxategik.

Estatus politikoa

Bestalde, Gorrotxategik azpimarratu zuen EP-IU estatus politiko berriari buruzko eztabaidan parte hartzeko prest dagoela, baina oraingoz beste taldeak ez dituela ikusten eztabaida horri ekiteko prest. Hala, estatus politiko berriari buruzko eztabaida «bere horretan» uztearen alde agertu zen, gaiaren inguruan adostasun zabalik ez den bitartean. «Ezin gara gaizki abiatu gai honetan, asko baitago jokoan gauzak gaizki egiteko; beraz, hobe da gaia bakean uztea ez bagara gai izango adostasun garrantzitsuetara iristeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.