Duela astebete, hezkuntza lege berrirako oinarrietan akordiorako benetako aukera zegoela aitortu zuen Elkarrekin Podemos-IUk, eta atzo jakinarazi zuen aurreakordioa lortu duela EAJrekin eta PSE-EErekin. Eskola publikoa indartzeko eta segregazioari aurre egiteko zenbait puntu hitzartu dituzte aurreakordioan, eta, horrela, EP-IU batu egingo da hezkuntza itunera.
Bihar bozkatuko dituzte Eusko Legebiltzarreko lantaldean hezkuntza itunaren zirriborroari taldeek aurkeztutako zuzenketak. Ordura arte negoziatzen jarraituko du EP-IUk, «oraindik badirelako hainbat gai orrazteko», Miren Gorrotxategi eta Iñigo Martinez legebiltzarkideek atzo jakinarazi zutenez. Hala, espero dute hezkuntza maparen eta planifikazioaren inguruan koalizioak egindako proposamenak ere txertatu ahal izatea akordioan. Nolanahi ere, pozik agertu dira aurreakordioarekin: ez da EP-IUk nahiko lukeena, baina «bide onean» doala esan dute. Halaber, nabarmendu dute gobernuko bazkideak «mugitzea» lortu dutela.
Segregazioari aurre egitekohainbat neurri hitzartu dituzte dokumentuan. Bi dira nagusiak. Batetik, itunpeko ikastetxeen kontzertazio unibertsala amaitzeko bidea jaso dute testuan. Hala, titulartasun pribatuko zentroek diru publikoa jasoko badute, Eusko Legebiltzarrak adostutako irizpideak bete beharko dituzte segregaziorik gerta ez dadin. Horretarako, araudi bat garatuko da, zeinaren bidez «ikuskaritza zorrotzak» egingo zaizkien diru publikoa jaso nahi duten titulartasun pribatuko zentroei, diru sarreren eta gastuen inguruko kontrola bermatzeko. «Titulartasun pribatuko zentroei eskatuko zaie betetzeko hainbat baldintza segregazioa gerta ez dadin, eta, betetzen ez badituzte, ez dute diru publikorik jasoko», azaldu zuen Gorrotxategik. Haren esanetan, horrek zuzenean ekarriko du «kontzertazio unibertsala amaitzea», ikastetxe pribatuek egoera zaurgarrian bizi diren ikasleak onartu beharko dituztelako, eta ezin izango dutelako sexuen arteko bereizketarik egin.
Segregazioaren aurkako beste neurri bat ere bildu dute aurreakordioan: matrikulazioak ikastetxeetan egin ordez, udal bulegoetan egitea. Gorrotxategiren esanetan, ikastetxeetako matrikulazioetan izan ohi den segregazioa amaitzea nahi dute. «Udal bulegoak izango dira matrikula egiteko instantzia bakarra».
Aurreakordioan jasota dago eskola publikorako plan estrategiko bat onartuko dela, eta haren bidez, besteak beste, eskola publikoen azpiegiturak hobetu eta berrituko direla. Halaber, ikastetxe publikoen perimetroa handitzea sustatuko dute, hirigune berrietan ikastetxe publikoak sortuta eta plaza publikoen kopurua handituta. Horrekin batera, Haurreskolen Partzuergoa indartzea ere hitzartu dute, 0 eta 3 urte arteko eskola «unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa» izan dadin.
Hizkuntza ez dute jaso
Hizkuntza ereduari buruzko punturik ez dute jaso aurreakordioan, baina koalizioak espero dugai horretan ere ados jartzea eta erdibide bat hitzartu ahal izatea. Elkarrekin Podemos-IUk eskatu du egungo sistema gaindituko duen hizkuntza eredu eleaniztun bat ezartzea, euskara «ardatz» izango duena eta hirugarren hizkuntza bat ikastea bermatuko duena. Gorrotxategiren iritziz, hizkuntzak «elementu gatazkatsua» izateari utzi behar dio, eta ikasleen interesak asetzeko moduko sistema «malgua» lortu behar da, errealitate soziolinguistikoaren arabera umeen beharrak aintzat hartuta. «Elementu horiekin espazio komun bat topatu behar dugu».
EP-IU hezkuntza itunera batuko da, publikoa indartzen duelakoan
Oinarrien inguruko aurreakordioa lortu dute Elkarrekin Podemos-IUk, EAJk eta PSE-EEk. Kontzertazio unibertsala amaitzeko eta segregazioa bukatzeko tresnak adostu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu