Eolikoek haizatu dute politika

Statkraftek bi parke eoliko eraikitzeko proposatutako eredua ondo hartu du Otegik, eta prozesua herritarrekin egitearen alde agertu da. Fagor hasia da hizketan Statkraftekin

Iberdrolak eraikitako Elgea-Urkillako parke eolikoko haize errotak, Araban. DAVID DE LA IGLESIA VILLAR.
iraia vieira gil
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun

Norvegiako Statkraft enpresa publikoak lehen urratsak egin ditu Euskal Herrian bi parke eoliko eraikitzeko, eta horrek eztabaida politikoa hauspotu du. Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri zirela iragarri zuen, eta Nagore Alkorta Azpeitiko EH Bilduko alkateak ere onartu zuen bazutela proiektuaren berri, eta «berritzailea» dela. Aztertzeko prest agertu ziren. EAJk koalizioaren «jarrera berria eskertu» du. Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak esan du aldaketarik ez dutela izan: «Ezker subiranistak beti egin du burujabetza energetikoaren eta energia jasangarrien alde». Uste du Jaurlaritza ez zegoela prest energia krisiari aurre egiteko, orain arte energiaren gaian egin dituen apustuen ondorioz, eta, orain, «jarrera aldatu dute»: «Nuklearren alde egin zuten lehenengo, gasaren alde ondoren, eta energia berriztagarriak nahi dituzte orain».

 

Otegik Radio Euskadin azaldutakoaren arabera, itun energetikoak estrategia nazionala behar du, eta trantsizio energetikoa jendearekin egin behar da. Jorratuko duten ildoa hori izango da. Herri batean halako proiektu bat aurkeztu den bakoitzean herri batzarrak egingo dituztela esan du, enpresek azalpenak emateko.

Azpeitian, Errezilen eta Zestoan (Gipuzkoa), eta Aramaio eta Eskoriatza artean (Araba eta Gipuzkoa) eraiki nahi dituzte parke eolikoak. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak horien alde egin du, eta eredu energetikoa aldatzeko beharra dagoela esan: «Positiboa izango litzateke Euskadin trantsizio energetikorako akordio bate lortzea».

Elkarrekin Podemos-IUk ez du begi onez ikusi proposamena. Atzerriko enpresa publikoekin lanean ibili beharrean, tokiko enpresa publikoak babestu beharko liratekeela adierazi du Miren Gorrotxategi legebiltzarkideak: «Etorkizuneko proiektuek ingurumena eta biodibertsitatea babestu behar dituzte, tokiko komunitateei mesede egin behar diete, eta etekin ekonomikoek, ahal dela, Euskadin geratu behar dute». Energia enpresa publiko bat sortzeko ere eskatu du.

Fagorrekin harremanetan

Statkraftek bide bat irekita uzten du enpresek, erakunde publikoek eta herritarrek proiektuaren garapenean parte hartzeko. Aritz Otxandiano Fagorreko Iraunkortasun arduradunak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan esan du aztertzen ari direla energia berriztagarrietan oinarritutako proiektuetan inbertitzea. Statkraftekin lehen hartu-emanak hasi dituzte, eta prest daude parke eolikoek eskaintzen dituzten aukerak aztertzeko, «betiere, Debagoieneko herritarrekin eta udalekin elkarlanean arituz».

Prozesua hastapenetan bada ere, Otxandianok esan zuenez, parkeak egongo diren lurraldeetako agenteek jabetzan eta kudeaketan parte hartuko dute zuzenean. «Arrazoizko prezioan sortuko duten energiaz baliatu ahal izango dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.