LABeko eta Denon Bizitzak Erdigunean plataformako kidea

Maddi Isasi: «Entzungor egin diete greba feminista orokorreko aldarrikapenei»

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak mobilizazioak eginen ditu bihar, Bilbon eta Iruñean. Horietan parte hartzera deitu dute.

Maddi Isasi, LAB sindikatuko eta Denon Bizitzak Erdigunean plataformako kidea. IÑIGO URIZ / FOKU
Maddi Isasi, LAB sindikatuko eta Denon Bizitzak Erdigunean plataformako kidea. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
Iruñea
2025eko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Piketeak, kontzentrazioak, desobedientzia ariketak, eta, iluntzean, manifestazio jendetsuak. 2023ko azaroaren 30ean Denon Bizitzak Erdigunean plataformak zaintza eredu publiko eta komunitarioaren alde egindako aldarria ez zen oharkabean pasatu; eta hausnartzeko, hitz egiteko eta negoziatzeko bide bat ireki zuen.

Aldaketa handirik ez dela izan ikusirik, mobilizaziorako deia egin du plataformak: Iruñeko eta Bilboko kaleetara aterako dira bihar, 11:00etan. Plataformaren barnean daude mugimendu feminista, eta LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuak. Maddi Isasi (Amurrio, Araba, 1995) LABeko kidea da, eta, azaldu duenez, patronala eta instituzioak interpelatuko dituzte biharko mobilizazioetan.

Zergatik erabaki duzue mobilizazioetara deitzea?

Helburua da mugimendu feministarekin aliantzak izaten jarraitzea, guk maila sindikalean hartu ditzakegun konpromisoetan zaintza sistema publiko komunitario horretarantz urratsak eginez joateko. Horrez gain, eremu sindikalean greban atera genituen aldarrikapen horiek nola lurreratu landu nahi dugu; eta, gainera, instituzioak eta patronalak interpelatu. Izan ere, ikusi dugu entzungor egin dietela greba feminista orokorrean atera ziren aldarrikapenei.

Aferak berdin segitzen du, beraz?

Greba feminista orokorrean, aldarrikapen orokor bat planteatu genuen intersindikalekook: mahai intersekzional bat sortzea. Eta, oraingoz, egoerak berdin jarraitzen du, bai. Seinalatu genuen eredu guztiz pribatizatzaile horretan sakontzen jarraitzen dute. Horregatik esaten dugu ardura administrazioarena dela, pribatizazioak jarrai dezan bermeak jartzen segitzen duelako; eta patronalak ere bai.

«Seinalatu genuen eredu guztiz pribatizatzaile horretan sakontzen jarraitzen dute. Horregatik esaten dugu ardura administrazioarena dela, pribatizazioak jarrai dezan bermeak jartzen segitzen duelako»

Mugimendu feministak aliantzen garrantzia azpimarratuko du larunbateko mobilizazioetan. Horregatik erabaki duzue zaintzaren afera aste honetan gogora ekartzea?

Urrats historikoa iruditzen zaigu greba feminista orokor batera deitu izana, horrek berekin ekarri baitu, gainera, agenda sindikalean aldarrikapen feminista batzuk txertatzea. Hori ezin zen anekdota hutsean geratu; kontrara, bide horretan sakontzen jarraitu behar dugu, urratsak egiten jarraitzeko. Sindikatuok gure aldarrikapenak atera ohi ditugu Martxoaren 8rako, eta hor kokatu ditugu mobilizazioak.

Zer aldarrikapen nagusi plazaratuko dituzue biharko mobilizazioetan plataformakoek?

Lanaldi murrizketarena da bat: ortzimuga bezala planteatu dugu, sektore bakoitzean ezberdina delako borroka hori lurreratzeko modua. 30 orduko lanaldiak planteatzen ditugu, soldata jaitsierarik gabe eta bizitza duinen alde. Pribatizazioaren kontrako neurri sendoak har daitezela ere eskatuko dugu: alde batetik, publifikazioaren aldeko urratsak, eta, bestetik, orain arte pribatizatu den guztia publiko egitea. Eta, gainera, langileen baldintzak hobetzea eta ekiparatzea. Hirugarrena da zaintza sektoreko lan baldintzak hobetzeko urratsak egitea, eta, alde horretatik, bi aldarrikapen egin ditugu: ratioak dekretu bidez arautzen dira, eta horiek aldatu behar direla, batetik, eta hitzarmenak berritu eta hobetu behar direla bestetik.

Gainera, zaintza lanak banatzeko egungo egoera betikotuko duen kontziliazio neurririk ez hartzeko eskatzen dugu. Neurri eraginkorrak nahi ditugu, zaintzen desfeminizazioan eta desfamiliarizazioan urratsak egiteko, ikusi baitugu egungo neurriek ez dutela funtzionatzen.

«Neurri eraginkorrak nahi ditugu, zaintzen desfeminizazioan eta desfamiliarizazioan urratsak egiteko, ikusi baitugu egungo neurriek ez dutela funtzionatzen»

Zaintza arloan bertan aldaketak eskatzeaz gain, hezkuntzarako proposamenik ere baduzue. Zer egin daiteke arlo horretan?

Zaintza lanen egoera iraultzeko, uste genuen sistema publikoaren defentsa orokor bat egin behar genuela, eta bide horretan hezkuntza publikoan ere zaintzaren aferarekin bazegoela zeregina. Greban aldaketa kultural bat aldarrikatu genuen, eta, ildo horretatik, uste dugu neurriak hartu daitezkeela curriculumean zaintzaren gaia txertatzeko. Ikasleentzako eta langileentzako hezkidetza plan integralak egiteko neurriak hartu ahal dira.

Biharko mobilizazioez gain, lekuan-lekuan lanketarik egiten hasiak zarete?

Ikasturte hau lurreratzeko izaten ari da, estrategiak fintzeko. Ildo horretatik, dinamika modu ezberdinetan garatzen ari da lurraldearen arabera. Guk, alde batetik, badugu marko intersindikal bat mugimendu feministarekin batera, eta hortik planteatzen genuen mobilizazioa. Horrez gain, [tokian tokiko lanketa] hori ere planteatu beharko dugu, estrategiak garatzen jarraitzea baita helburua, aldarrikapenak bete daitezen.

Gaur egun, lurralde askotan ari dira horrelako prozesuak egiten, eta Arabako prozesua mamitu da gehien. Bertan, intersindikaletik egin den ibilbidearen antzekoa izan daitekeen zerbait egiten ari dira: herri akordioko aldarrikapenak hartu, eta horiek lurraldean nola lurreratu planteatu. Mapatze bat egiten ari dira horretarako, eta eremu sindikal, sozial eta politikoko beste eragile batzuekin sartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.