Entzun gabekoak orain

ETAren bukaeraz hitzaldi bat eman du Jesus Egigurenek Cadizko udako ikastaroetan. Azaldu du guztiak izan direla «sufrimenduaren erantzule»

enekoitz esnaola
2016ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Arratseko zortziak pasatxo hasi da Jesus Egigurenen hitzaldia Cadizko Unibertsitateko 36. Udako Ikastaroetan, San Roquen (Andaluzia, Espainia), eta luze joan da: bi ordu eta erdi. «Ez genuen espero hainbeste iraungo zuenik», esan dute antolatzaileek. ETAren bukaera. Bake prozesu baten historia zen hitzaldiaren izenburua; bazuen hark mamirik espainiarrei azaltzeko, eta hartu du denbora bat. «Klase magistrala eman du euskal terrorismoaren bukaeraz», antolatzaileen arabera. Iragarria zuten prozesuari buruz «jakin gabeko kontuez» ariko zela Egiguren. «Oso zaila da gertatutakoa hitzaldi batean azaltzea», esan du hizlariak saioan, 150en bat lagunen aurrean.

Egiguren PSE-EEko presidente ohia izan zen 2006-2007ko bake prozesuan Batasunarekin eta ETArekin Espainiako Gobernuaren (PSOE) izenean mintzatu zena. Prozesuak porrot egin zuen, baina, 2011n, ETAk jakinarazi zuen behin betiko utzi zuela jarduera armatua. Egigurenek esan izan du Euskal Herritik kanpo ez dagoela garbi «ETA gelditu den»; «Espainian saldu den mezua da 'ETA gelditu da, baina Bilduk haren tokia hartu du, eta hauteskundeak irabazi ditu'», zioen, adibidez, orain bi urteko solasaldi batean. «Hemen [San Roquen] hitz egin nezakeen gatazkaren konponbideari begira, ikuspegi horretatik gai hau oso gutxi aztertu baita. ETA izan da aldebakartasunez gelditu den erakunde terrorista bakarretakoa, eta uste dut hori biharko egunera begira aurrekari bat izan daitekeela».

Gatazkaren ondorioez-eta, ikastaroetako entzuleei bertatik bertara kontatu dizkie agian entzun gabeak zituzten gauza batzuk. Indarkeria errefusatu ostean, esan die «era batera edo bestera sufrimendua egotearen erantzule euskal herritar guztiak» izan zirela, eta kontatu die garai batean ETAren biktima asko —«guardia zibil haiek»— «ahaztu» zituela gizarteak. «Hildakoei erdi isilpean egiten zieten meza; hilkutxa batean sartzen zituzten euren herrian lur emateko, ahal zen oihartzun txikiena egoteko».

Halaber, kontatu die ETArena «oso terrorismo berezia» izan zela, «klase ertainekoa», ez gaizkile arruntena. «ETAren sortzaileetakoak Bilboko jende diruduna ziren, eta erakundeko kide gehienak, klase ertainekoak edo langileak, etxe onekoak. Gero langile gehiago batu zitzaien, eta haietako asko etorkinak ziren, Extremadurakoak [Espainia] eta Galiziakoak. Batasunak beti hitz egin izan du etorkinen integrazioaz. ETAkoak ez ziren terrorista marjinalak, abertzaleak baizik».

Batasunari aitortza

Egigurenen arabera, erakunde armatu bateko kideak estatu «demokratiko» batekin esertzen direnean «euren porrota bereganatzen hasten dira, aitortuz ez dutela lortuko nahi dutena eta integratu egin beharko direla».

Espainiako polizia indarrak, Ipar Irlandako bake prozesua eta euskal gizartearen kontrako jarrera izan ziren, haren ustez, ETA bukatzeko arrazoi nagusiak. «ETAri zilegitasuna kentzea lortu zen. Bilduk politika nahi zuen, ez atentaturik. T4koaren ondoren [2006], Batasunak ondorioztatu zuen terrorismoaren garaia bukatu zela; haren batzarrek erabaki zuten bukatzea», azaldu die Cadizko udako ikastaroetako entzuleei. 2000ko hamarkada hasieratik Arnaldo Otegi ezker abertzaleko eledunarekin izandako elkarrizketen berri ere eman du. «Orduan ezin zen HBrekin berarekin ere hitz egin».

Juan Carlos Ruiz Boix San Roqueko alkate eta Cadizko PSOEko idazkariorde nagusiak Egigurenen ibilbidea laudatu du hitzaldiaren hasieran. «Traidoretzat jo izan dute, baina Patxi Lopezek azpimarratu izan du espainiar demokratok zor ordainezin bat dugula harekin». Dolores Marchena udaleko Kultura batzordeburuaren iritziz, «Espainiako demokraziako kapitulu distiratsuenetako protagonista da» Egiguren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.