"Entzierroko euskararazko abestia aurrera aterako da"

2009ko uztailaren 9a
11:23
Entzun
Aurtendik Santo Domingoko aldapan entzierro aurreko abestia euskaraz ere kantatu dute, lehenengoz. Josu izan da ekimena bultzatu duenetako bat, eta pozik agertu da euskarazko kantak izan duen harrera onarekin. Ez du abizenik esan nahi izan, entzierroa "erabat anonimoa" dela uste duelako, Iruñeko ekitaldi bat gehiago dela dio. Hainbat korrikalari anonimoren izenean hitz egin dio Josuk BERRIA.INFOri.

Zer balorazio egiten duzue orain artekoarekin?

Ona. Entzierro aurretik lehenengo aldiz abesten dugunean kanpotar asko egoten da eta gutxiago entzuten da. Bigarrenean, ozenago eta, hirugarrenean jende gutxi geratzen denez eta asko bertakoak garenez, euskarazko kanta entzuten da gehien. Egun batetik bestera ez zutela denek euskaraz egingo bagenekien. Abestia ikasi egin behar da eta ohitu egin behar gara. Denborarekin euskararazko abestia ikasiko du jendeak, eta aurrera aterako da.

Zailtasunik izan al duzue?

Handirik ez, nahiz eta abestiaren kartelak Santo Domingoko horman jartzea debekatu diguten. Izan ere, harresia Udalarena da eta ez dugu baimenik hor jartzeko. Azkenean, guk geure eskuetan erakutsi behar izan ditugu kartelak. Bestela, jendearen aldetik harrera ona izan da.

Bada jendea euskarazko bertsioaren berri izango ez duena. Zer iruditu zaie?

Hemen kanpotar asko dago, eta entzuten badigute euskarazko kanta bultzatu nahian gabiltzala, gehienak gurekin batera abesten saiatzen dira. Beti daude "nik gaztelaniaz kantatuko dut eta kitto" esaten dutenak, baina bakoitzak nahi duen moduan abestu dezake.

Euskarazko abestia gehiago entzun dadin, beste urteetan kantatu ez duen jendea animatu al duzue abestera?

Agian, bakar batzuk bai. Lehen abesteko ohiturarik ez zutenek, orain kantatzen dute ekimena bultzatzeko. Baina gehienak betikoak gara. Esan dezakegu Santo Domingon elkartzen diren kanpotar eta iruindar gehienak saiatzen direla abestia ikasi eta euskaraz kantatzen.

Zergatik pentsatu zenuten ekimen hau aurrera eramatea?

Duela urte asko La Unica peñaren ereserki bat aukeratu zuten Santo Domingon entzierroaren aurretik abesteko. Gainera, abesti horrek duela hamabost urte baino gehiagotik euskarazko bertsioa zuen; guk abesten dugun zatia, hain zuzen ere. Euskara Iruñeko hizkuntzetako bat da eta gu euskaraz bizi garelako abestea erabaki genuen.

Zeintzuk zarete sustatzaileak?

Entzierro aurreko unean abesteko biltzen garenak. Batzuek ez dute ekimena zuzenean lagundu, baina bai zeharka. Bileretan hamalau lagun inguru ibili gara guztia antolatzen, baina atzean jende asko dago. Ehuneko bat eman beharko banu, Iruñeko jendearen eta Santo Domingon daudenen %80 ekimen honen alde daude. Kontua da Iruñera jende asko etortzen dela eta eurek ez dakitela abestia euskaraz.

Abestia ohitura bihurtzea da kontua?

Bai. Kanpotarrek ikusten badute hemen naturaltasunez abesten dugula euskaraz, haiek ere bat egingo dute. Lehen "¡viva sanfermin!" bakarrik esaten zen, gero "gora sanfermin!" zabaldu zen eta orain gehienok azken hori esaten dugu. Ohitura bihurtzeko denbora behar da.

Asteburuan egongo den jendetzarekin, entzungo al da euskarazko bertsioa?

Asteburuan zaila izango da, hainbeste jenderekin jan egingo gaituzte, euskaraz gutxi entzungo da. Ekimen herrikoi moduan sortu da euskaraz abesteko asmoa, eta horrela jarraituko du. Inork ez du agintzen zein hizkuntzatan abestu behar den, baina entzierroan ibiltzen den jendearekin hitz egin dugu eta ados daude guk euskaraz kantatzearekin. Guk, behintzat, abestuko dugu.

--

Hauek dira euskarazko kantaren hitzak

=iEntzun arren San Fermin,

Zu zaitugu patroi,

Zuzendu gure oinak

Entzierro hontan otoi.=i
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.