Kirol psikologoa

Aritz Olagoi: «Entrenatzaileak ulertu behar du berak tira egin behar duela»

Kirola eraldaketa sozialerako tresna ahaltsua den konbentzimenduarekin, umeak euskarara hurbiltzeko darabil Olagoik. Jaurlaritzak saritu egin du.

(ID_13603893) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-02-14, Donostia.  Kiroletik Bagoaz Euskaraz sarien banaketa
Aritz Olagoi, Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria jasotzen, otsailaren 14an. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2024ko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Lehenengo aldiz aditu zuenean mutiko bat besterik ez zen, baina esaldia, eta hark eragindako sentimendu artegagarria, iltzatuak ditu oraindik Aritz Olagoik (Donostia, 1978). «Niri ez zait euskara gustatzen», esan zion umetan jokatzen zuen futbol taldean kide zuen lagun batek, Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa). Kirolean jarraitu zuen gero, psikologia ikasketak ere egin zituen, eta, soziolinguistikari buruzko hainbat gako barneratuta, hizkuntza hautuen atzean zer dagoen ulertzen hasi zen. Apurka, kirola eraldaketa sozialerako tresna boteretsua den konbentzimenduarekin, haur eta nerabeen euskararekiko atxikimendua indartzeko nola erabil zitekeen aztertzen hasi zen. KEES Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko metodologia landu du, besteak beste, eta Donostian, adibidez, kirol klubek aurrerabide dezente egin dituzte horrekin. Eusko Jaurlaritzak Kiroletik bagoaz euskaraz saria eman dio. 

Eskolaz aparte ere euskarazko eremuak irekitzeko beharra gero eta agerikoagoa da. Nola laguntzen du kirolak?

Kiroletan ohikoena izaten da haurra bere kabuz joatea, gustatzen zaiolako, lehiatu nahi duelako, ondo pasatu nahi duelako, lagunekin dagoelako... Osagai horiek egiten dute eremu eroso eta gustuko batean egotea haurra, eskolarekin zerikusirik ez duen eremu batean. Eskolan, askorentzat ikasgaia da euskara: obligazioa. Kirolean hizkuntza beste modu batean bizitzeko aukera daukate, modu ludiko eta irekiago batean. 

Hizkuntzaren eremuan ez ezik, beste hainbat arlotan ere lagungarria da...

Kirola integrazioa ere bada; tresna oso indartsua izan daiteke, adibidez, Euskal Herrira heldu berriak diren haurrak kirolaren bidez komunitatean txertatzeko. Horri begira, hizkuntzaren aldagaia ere sartzen da. 

KEES metodoa garatu duzu. Metodo horretan garrantzi handia dute entrenatzaileek. Zer-nola jokatu behar dute?

Entrenatzaileak ardura duen moduan entrenamenduak prestatzeko, entrenamenduak gidatzeko, haurrak zaintzeko... Dauzkan betebehar horiei hizkuntzarena gehitzea da kontua. Horretarako zer behar dugu? Euskarazko gaitasuna duten entrenatzaileak behar ditugu, eta, era berean, kontzientziatuak. Askotan izaten da oker hau: klub askotan pentsatzen dute euskaraz jakitea aski dela. Esaten digute: «Euskaraz badaki». Bai, jakingo du, baina gero gai al da 12-13 urteko neska-mutilen aurrean euskaraz aritzeko? Entrenatzailearen rolean euskaraz hitz egiteko? Euskaraz agintzeko? Euskaraz zuzentzeko? Euskaraz argibideak emateko? Eta gero entrenatzaileak ulertu behar du berak tira egin behar duela: berak gai izan behar du haur edo gazte batek gaztelaniaz egiten dionean, haur edo gazte horrek ulertzen badu behintzat, euskaraz erantzuteko, behartu gabe gaztea euskaraz egitera... Baina iritsiko da agian momentua, konturatu gabe askotan, haur edo gazte hori euskaraz hasiko zaizuna pixkanaka.

«Euskarazko gaitasuna duten entrenatzaileak behar ditugu, eta, era berean, kontzientziatuak»

Donostian martxan da hainbat klubetan. Zer ari zarete ikusten?

Donostian dagoeneko  bederatzigarren urtea da. Gero eta kontzientzia handiagoa dago klubetan, batetik hori. Era berean, zenbait kasutan zailtasunak ere ikusten ari gara, hori ezin da ukatu: euskarazko gaitasun hori duten entrenatzaileak topatzeko zailtasunak daude. 

Eta erabilerari dagokionez zer-nolakoak dira emaitzak?

Entrenatzaileak berak egiten du bere taldearen neurketa, eta alde horretatik subjektiboa da, ez dauka neurtzeko tresna objektiborik, baina orokorrean lortzen ari gara klub batzuetan gero eta erabilera handiagoa: entrenatzailea bihurtzen da, oso garbi, euskarazko elkarrizketen sustatzailea. Entrenatzaileak galdetzean beti edo ia beti euskaraz erantzuten dutenen portzentajea ia %80koa da. Gero, entrenatzailearengatik gero eta gehiago urrundu, erabilerak behera egiten du. Horrek erakusten du entrenatzaileen zeregina garrantzitsua dela.

Eta nola lortu entrenatzaile gaitu eta kontzientziadunak? 

Zorionez, Eusko Jaurlaritzak Kirolean Euskara Sustatzeko Plana martxan jarri zuenetik, kirol federazio ezberdinak ari dira dagoeneko euskarazko entrenatzaile ikastaroak egiten, eta horietan eskaintzen den modulu berariazko bat euskararen erabilerarako estrategia eta sentsibilizazioari buruzkoa da. Ez da mugatzen euskarazko entrenatzaile ikastaro bat izatera: gainera, euskara erdigunean jartzen da. 

Entrenatzaileek ingurukoen babesa sentitzea ere garrantzitsua izango da, ezta? Gainerakoan ez da zama handia haientzat?

Garrantzitsua da kirol elkartearen egitura osoan lantzea kontzientzia, klub osoan txertatzea, entrenatzailea ez dadin bakarrik sentitu bere zeregin horretan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.