Euskararen normalizazioaren alde egindako lana aitortzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero banatzen duen Abadia sariak, eta aurtengoa Pello Jauregi (Pasaia, Gipuzkoa, 1958) ikerlari eta Aldahitz proiektuko zuzendariak jasoko du. Euskaraldiaren «teorizatzaile» gisa egindako ekarpena aitortu dio aldundiak, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko bidean egindako ekarpenekin «euskararen hedapenerako aukera neurtezinak» sortu dituela. Gaur jasoko du saria Jauregik, Gipuzkoako foru jauregian egingo duten ekitaldian.
Euskara ulertzen dutenak hizkuntza praktikara erakartzeko lana egin duzu Aldahitz proiektuarekin, eta horrek bide eman du Euskaraldia antolatzea. Ulertzen dutenak aintzat hartzeak panorama berri bat ekarri du?
Baliteke hori izatea gure ekarpenik handienetakoa. Alegia, ulermenari lotutako fenomenoak begi bistara ekarri ditugu, eta batzuentzat sorpresa bat izan da. Mintzamena funtsezko elementua da, baina, komunikazioa eginkizun kolektiboa denez, bi elementuak behar ditu. Agian ulermena ez zegoen hain agerian, ezkutuan zegoen, eta, haren garrantzia azaleratu dugunez, aukera berriak zabaldu zaizkigu. Horrek aukera eman digu euskaldunon eragiteko eremuak zabaltzeko, eta, neurri handi batean, esango nuke horrek jartzen gaituela etorkizuneko egoeran.
Zer egoera da hori?
Irakaskuntzak bere helburua lortzen badu, hau da, haur gehienei eskolaren bidez euskararen ezagutza transmititzea, gehienek izango dute euskaraz egiteko nolabaiteko gaitasuna. Beren zailtasunak izango dituzte ulertzeko edo hitz egiteko, baina herritar gehienen tipologia hori izango da etorkizunean: gutxiengoak izango dira ondo hitz egingo dutenak, eta hiztun gehienek zailtasunak izango dituzte. Gaur egungo egoeran, euskaraz egiten dugunok antzematen badugu gure solaskideak zailtasunen bat duela, gehienetan erdarara pasatzen gara. Euskaraz bizi nahi dugunok, beraz, etorkizunari begirako entrenamendu bat behar dugu, eta kontuan hartu beharko dugu honelako egoera bat izango dugula hemendik urte batzuetara: euskaraz nonahi egin dezakeguna, baina ez beti erosotasunarekin. Euskaraz egiteko ezinbestekoa bada gure solaskideak erosotasunez eta erraztasunez egitea, egoera asko zailduko litzateke.
Diozunera badoa egoera, euskaraz egiteko ardura euskaldunen gain geratuko litzateke, eta horrek nekea eragin dezake euskaldun horiengan...
Esango nuke errealitateak eskatzen digula euskaraz hitz egin nahi dugunoi deserosotasun kuota bat gure gain hartzea, ezinbestean.
Militantzia eskatzen zaio?
Bai, baina jakitun naiz hori ezin dela zabaldu euskaldun guztiengana. Batzuek izango dute indarra hori egiteko, baina denek segur aski ez. Ezin dut imajinatu egoera bat non euskaraz hitz egiteko gaitasuna duten euskaldun guztiek kontzientziaz eta gogoz horrelako ezerosotasunei aurre egiten dien. Hori oso zaila iruditzen zait. Fenomeno sozial guztietan beti dago minoria bat kontzientzia duena, eta horrek egiten du orean legamia lana. Inguruan behar dira nolabaiteko gaitasuna dutenak, eta legamiaren eraginez kutsatu egiten dira. Baina horrek eskatzen du lan bat batzuentzat. Ele biko elkarrizketena, esaterako, ikusten dut ezin dela orokortu, ezin da pentsatu euskaldun guztiek egingo dutenik. Baina gutxi batzuek egingo balute, hamarretik bik, horrek izugarrizko dinamika ekarriko luke, eta askoz ere jende gehiago erakarriko luke. Eta hasiko ginateke apurka egoera hobe batera bideratzen.
Etorkizunean halako elkarrizketak ohikoagoak izango direla diozu. Euskaraldia egoera horren abiapuntua al da?
Bai. Euskaraldiak asko dauka pedagogia sozialetik. Alegia, beste begi batzuk lantzen ari gara. Ulermenari ematen zaio garrantzia, eta, ele biko elkarrizketak denok egingo ez baditugu ere, gutxi batzuk egiten badute izugarrizko tresna daukagu hor. Baina horrek eskatzen du beste begirada bat, eta praktika sozial bat. Euskaraldiak aukera ematen du ingurune babestu batean horrelako gauzak praktikatzeko. Txapak sekulako laguntza dakar, babestua sentitzen zarelako. Askok ikusten dute egin daitekeela, eta ondorenerako zerbait gelditzen da hor. Aurrerapausoak egin behar ditugu, baina euskararen normalizazioaren partida ez da hasi ere egin. Euskaraldia entrenamendua da. Alegia, benetako partida hasiko da bi taldeek hamaika jokalari dauzkatenean. Eta, egun, euskaraz egin nahi dugunon taldeak ez ditu hamaika jokalari, sei baizik.
Eta denak defentsak.
Eta besteek ez dutenez ulertzen, ezin da jokatu. Gure ingurune sozial gehienetan nahastuta bizi garenez, nahikoa da batek ez ulertzea hizkuntza aldatzeko. Kondenatuta gaude gutxi batzuk gaudenean entrenamenduak egitera, baina ezin dugu partida jokatu. Orduan, partida jokatzeko gutxieneko baldintza da jokalari denek ulertzea. Euskaraldiak ematen du aukera beste begirada bat emateko, beste praktika batzuk sortzeko. Horrez gain, baldintzak sortu behar ditu herri gogoa piztu eta neurri politiko ausartagoak hartzeko. Batera doaz.
Aurreko Euskaraldian egin zen inkestetan, aipatzen zen puntuetako bat hori zen: erakunde batzuek txapak jarri bai, baina gero ez zirela ikusi neurri errealik. Nola eragin horretan?
Lau alor daude elkarren beharrean: hizkuntza politika, plangintza, irakaskuntza eta praktika soziala. Euskaraldia bete-betean kokatzen da praktika sozialean, eta, hori beharrezkoa den arren, ez da hori bakarrik. Lau alor horiek elkar elikatu beharko lukete. Ez du zentzurik neurri politikorik hartzeak, edo plangintzak egiteak, gero ez badago hizkuntza praktika koherente bat. Eta hizkuntza praktika ez badago lotuta ezarritako planekin, neurri horiek zilegitasuna galtzen dute. Aldi berean, herri gogo edo behar hori hizkuntza praktikatik sortzen denean, aukera eman beharko luke erabaki politiko instituzional edo sozioekonomiko ausartagoak hartzeko. Ez badago herri gogo bat, garbi ikusten da zailagoa dela neurri politiko sozial ausartagoak hartzea. Horregatik elikatzen dute elkar.
Eskatzen duzuna da, orduan, herritarrak eskatzaileago izatea?
Hemen helburu bakoitzak dauka berea, eta batek aprobetxatu behar du besteak egiten duena. Guk herritar moduan daukagun tresnarik handiena erabilera da, horren bidez ematen diogulako euskararen auziari koherentzia eta beharra. Ematen diogu herri gogoa. Hori da guk egin dezakeguna, eta egiten ari gara. Baina horrek sortu behar du dinamika bat irakaskuntzatik gauzak hobeto egiteko, plangintza kontuetan uholde hori aprobetxatzeko, eta politikak egokitzeko. Adostasun sozial eta politiko zabalagoak egiteko, azken batean.
Eta herri gogorik ez badago?
Erakundeak Euskaraldiaren parte diren heinean, herri gogo hori piztearen parte dira. Batuketa horretatik etorri da Euskaraldiak hartu duen dimentsioa, eta herri indarren sinergia batzuk ikustea. Horrek babesa eman dio.
Beldur zara batzuk Euskaraldiaren txapa jartzera mugatuko ote diren, eta ez duten egingo eskatzen zaien hori?
Arrisku hori badago, jakina. Kontua da zenbat diren: gehienak, erdia edo laurdena. Gehienek txukun egiten dute, eta horretan konfiantza dut. Egongo dira salbuespen batzuk, baina jendeak joera izan zuen eskatutakoa betetzeko. Horietatik guztietatik, gainera,zerbait geratzen da.
Soziolinguistika Klusterrak bost urtean behin egiten duen euskararen kale erabileraren neurketaren hurrengo inkesta 2021. urtean egingo da. Euskaraldiaren ondoriorik sumatu beharko litzateke hurrengo urteko neurketa horretan?
Tamalez, ez dut uste sumatuko denik. Aurreikusi daiteke, eta egon daitezke aldaketa txiki batzuk, baina zaila da salto kualitatibo handiak ematea. Hizkuntza eremu zulatuetan bizi gara, eta, orduan, gure ingurunean ez dago erabateko ezagutzarik. Badago jendea zailtasuna duena euskaraz egiteko, edo ulertzen ez duena. Orduan, Euskal Herria arigune bihurtzen ez den artean, taldeko baldintza horiek asko mugatuko dute erabileraren bilakaera.
Baina euskararen ezagutza handitzen ari da, eta kale erabileran ez da halako igoerarik sumatu.
Bai, baina talde batean, euskaldunen dentsitatea handia izan arren, bik ulertu ezean horrek eragiten du.
Euskaraldi gehiago beharko ditugu aurrerapausoak ikusteko?
Erabileraren benetako partida ikusten hasiko gara denok euskaraz ulertzen dugunean. Orduan ikusi ahal izango da benetako jauzi kualitatiboa. Bitartean egingo ditugunak entrenamenduak izango dira. Baina komenigarria izango litzateke, nik uste, itun sozial bat proposatzea, epeekin. Ados, orain arte ez ditugu baldintza egokiak sortu, baina noiz arte? 25 urteko epean iritsi beharko ginateke ulermen unibertsala ziurtatzera gutxienez euskal herritar guztien artean. 0tik 10erako eskalan 5eko ulermen mailara gerturatu beharko genuke.
Egungo egoera kontuan hartuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bide hori ezarri daiteke, baina Nafarroan eta Iparraldean zailagoa da aukera hori...
Zailagoa da, bai, eta hori egokitu beharko litzateke egoera administratiboen arabera. Orduan hasiko litzateke benetako Euskaraldia, eta ikusi beharko genituzke urte horietan egindako entrenamenduen emaitza argiagoak.
Aurtengo Euskaralditik zer espero duzu?
Garapentxo bat pedagogia sozialaren alorrean. Ideiak hobeto ulertuko dira, parte hartzea txikiagoa izaten ari den arren. Egia da ariguneen tresna erdibidean geratuko dela aurten, baina ildo horretan lan egiten jarraitu jarraitu beharko dela iruditzen zait.
EUSKARALDIAn BERRIA bizi. Pello Jauregi. Ikerlaria
«Entrenamendu bat da Euskaraldia; partida ez da hasi ere egin oraindik»
Jauregik uste du euskararen erabileraren benetako unea ezagutza unibertsalizatzen denean hasiko dela. Bien bitartean, etorkizunean hiztunek hartu beharko dituzten jarreretan trebatuz joateko tresna izango da Euskaraldia, hark dioenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu