«Entrega» eguna da erredakzioan

Hauteskunde egunak bereziak izaten dira egunkarietan. BERRIAn aurrenekoak izan dira edizio sistema eta funtzionamendua aldatu zituztenetik. Ongi joan dira eguna eta gaua: tentsio, urduritasun, berritasun, pizza, porra eta olgeta artean.

Hauteskunde gaua BERRIAren Andoaingo erredakzioan. OLI ARTOLA
Hauteskunde gaua BERRIAren Andoaingo erredakzioan. OLI ARTOLA
enekoitz telleria sarriegi
Andoain
2024ko apirilaren 22a
00:55
Entzun

Denbora da kazetariaren Damoklesen ezpata: haren falta, haren presa, haren presioa eta haren eztena. Buru gainean dilindan duena. Gertatu ez denari buruz gertatu izan balitz bezala jardutea dagokio kazetariari eta erredakzio osoari askotan. Igarri liteke albistea, aurreratu liteke eskema, trazatu liteke zirriborroa, baina denbora falta da saihestu beharreko ezpata. Hartzen ditu izenak eta formak, neurriak eta zifrak, baina hauteskunde gau batean, erredakzio batean, bakar bat errepikatzen da: «Entrega». Hark agintzen du, eta hura da kazetari bakoitzak emateko duena.

Kuriosoa da kontua. Gertatu ez den hori baita entregatzen lehena: eguraldia eta agenda. Denbora-pasak orri betean, gaizki-ulertu bat dela medio. Kolaboratzaileak jakinaren gainean daude: astelehenean egunkaria. Zintzo demonio portatu dira denak. Lasok uste baino asko azkarrago irabazi dio Altunari. Alavesek lehen gola garaiz. «Nolatan fitxatu genuen Sadiq?», galdetu du realzale etsitu batek. Erredakzioa ari da itxura hartzen. Webgunea aspaldian ari da martxan. Amaitu dute lehen txanda, eta iritsi da erreleboa. Mundua sailean ez dago ezustekorik, tamalez: Israelek Gaza txikitzen segitzen du. Editoreren batek egunaren garrantziagatik-edo moztu du ilea. Zuzendariordea garaiz iritsi da. Politika sailekoak serio datoz. Hamarnaka hauteskunde jorratu dituen beterano hori aspaldian dabil erredakzioan aurrera eta atzera. Batzuek zainetan daramate politika.

Parte-hartze datuak: azken bozetan baino handiagoa izango da. 18:00etarako botoa emana zuten hautesleen %51k. Skype bidez langileoi abisua: «Gaur lanean erosoago aritzeko, burua hautsi gabe, esteka honetan duzue hauteskundeei buruzko hiztegia». Ederra da estilo liburua. Erabili. Zuzentzaileak aspaldi ari dira beti bezain fin. Ordezkaritza batetik eskertu dute. Haiek ere martxan dira, kronika Andoaingoa den arren: «Maite zaituztegu».

‘Hautesporra’ eginda

Ez esan inori: hautesporra eginda dago. Emaitza ez da aterako argitara. Saririk ere ez dago iragarrita. Ez esan inori: kazetariek ez daukate ideiarik ere. Edizio arduraduna paperezko mantela hartuta iritsi da. Okasiorako ari da mahaia prestatzen: pizzak datoz. Tradizioa da —barka bezate ordezkaritzetakoek—. Euskal Pizzakoak portatu dira. Zuzendariak egin du deialdia txistu eginda. Ederrak denak. Hori bai, lau gazta zituen hori «gazi samarra». Patata tortilla eskertu dute pizza gorroto dutenek, historikoa izan baita eskaria. Tentsioa baretzeko unea da. Baratze kontuak elkarrizketa: lurra ondu eta tomateak jada landatu dituen ausartik badago.

Mataza eder eta handi bat da erredakzioa, ongi josita dauzkanak puntada guztiak. Erredakzio zuzendaritzak egindakoak dira joste lanak. Diseinu taldeak aspaldi egin zituen maketak, infografistak aspaldi infogramak, webgunekoek eginda dauzkate entseguak. Informatikariek sortu aurretik askatu dituzte korapiloak. Berriketan podcastaren arduradunak lehen aldiz egingo du hauteskunde gaua erredakzio nagusian —bost nafar ari dira Eusko Legebiltzarrerako bozen berri ematen—. Datuen eta zifren ardura, nola ez, ekonomiakoek hartu dute berriro. Beteranoegi, beterano eta gazteen konbinazio eder bat da gaua. Aldatu egin dira garaiak: kerik gabekoak dira erredakzioak, baina bada Martin Ugalde parkeko freskuran eta izarren pean zigarretaz urduria erretzen duenik. Zuzendariak bi hilabete daramatza erre gabe, baina zalantza egin du orain. «Eutsi, Amagoia!». Litxarreriak ere badaude, bada azukrearen bidez lortzen duenik, eta ez dira bat edo bi izan. Hori da hori arrakasta litxarreriena! Kulturako erredaktore horrek errekorra apurtu du; zuzendariordea ez da urruti ibili. Tripetako mina horrena da gaur.

Kontzentrazioa nagusi

Hasi dira emaitzak iristen. Broma gutxi: badator Damokles. Eta edizio arduraduna. Ezin da hutsik egin: «Entrega» eguna da erredakzioan. Teklari emandako kolpeak segurua behar du izan, eta bat-bateko analisiak, neurtua eta zehatza. Aspaldian gurean aritutakoren bat analista bikain gisa bueltatu da erredakziora. Ongi etorri. Ez zaio berehalakotasun horri behar beste meritu ematen.
Kalkulagailuak martxan. Duela lau urtekoak eta oraingoak hizpide. Azken eserlekuak dilindan. Eginda daude entrega gehienak. Hauteskunde orriak baino ez dira falta. Kiroletakoak eta Gizartea sailekoak ere joan dira. ETB1eko aurkezleen eta tertuliakideen ahotsa baino ez da entzuten erredakzioan: kontzentrazioa eta isiltasuna. Maldiziorik apenas. 

23:20rako zeukan orri honek entrega. Publikatuta beharko luke gaur. Itxi gabe dago oraindik edizioa. Ongi joan da gaua barruan. Zuk neurtu, irakurle, zer itxura hartu duen kanpoan. Goraintziak denon partetik Damoklesi.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.