Entitateak Euskaraldian parte hartzera deitu dituzte

Zabalik dago Euskaraldian izena emateko aukera enpresa, elkarte, denda, taberna eta antzekoentzat. Aurten, entitateen ezaugarrietara egokitu nahi izan dute, eta ez dituzte ezinbestean ariguneak sortu beharko.

Entitateen egitekoak eta prozesuak aletzeko agerraldia, gaur goizean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Entitateen egitekoak eta prozesuak aletzeko agerraldia, gaur goizean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko otsailaren 20a
12:39
Entzun

Ahobizi eta belarriprest. Aski ezagunak dira Euskaraldiko bi rol horiek; alabaina, norbanakoek ez ezik, entitateek ere parte har dezakete Euskaraldian; enpresa, elkarte, denda, taberna eta antzekoek. Hizkuntza ohiturak aldatzeko eremu seguruak sortzeko bidea da askorentzat; alegia, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko eta horretarako modua emateko. Entitateek Euskaraldian parte hartzeko dituzten egitekoak eta prozesuak xehatu dituzte gaur goizean Euskaraldiaren antolatzaileek, Donostiako San Telmo museoan eman duten prentsaurrekoan.

Maiatzaren 15etik 25era izango da IV. Euskaraldia, eta dagoeneko «milaka eta milaka» entitatek bat egin dute. Falta diren horiei pausoa emateko eskatu diete, animatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko: besteak beste, lantokiei, kirol eta kultur elkarteei, dendei nahiz tabernei egin diete dei. Horretarako, www.euskaraldia.eus webgunean sartu beharko dute, eta bertan izango dute eskura informazio guztia.

Izan ere, Euskaraldian entitateek ere badute beren zeresana eta zeregina, aurreko bi aldietan ikusi denez. Halakoetan ariketa sozialak duen eragina «oso garrantzitsua» da, Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijoren irudiko: «Entitateak herritarrak batzen garen guneak izaten dira: lantokiak, aisialdi elkarteak, dendak, komertzioak, tabernak... eta horietan ere euskararen erabilera areagotzea ezinbesteko erronka da». Kanpora begira eta barrura begira: «Bertako kide askorentzat, entitatea da euskaraz hitz egiteko duten eremu bakarra».

Jarduera eremu horri dagokionez, heldu den Euskaraldian egongo da berrikuntzarik. Urkijok azaldu duenez, III. Euskaraldia amaitu zenean «gogoeta prozesu sakon bat» abiatu zuten, «ariketaren ahulguneak eta indarguneak identifikatzeko», ariketaren eraginkortasunean urratsak egiten jarraitzea xede izanda. Entitateen proposamenaren inguruan ere gogoetatu zuten, eta, Urkijoren arabera, atera dituzte irakaspenak: ezin dutela berdin jokatu herriz gaindiko eta tokiko entitateekin, edo entitate txikiekin eta handiekin.

Gainera, aurreko bi aldietan, Euskaraldian parte hartzeko ariguneak sortzea eta aktibatzea proposatu zieten entitate den-denei. «Herriz gaindiko entitate eta entitate handi askorentzat proposamen eraginkorra izan zen ariguneena, euskararen erabileran urratsak egiten jarraitzeko; beraiek hala adierazi ziguten. Baina, aldi berean, ariguneen proposamena zailagoa zen herri mailako arigune txikiagoek ezartzeko, proposamen anbiziotsua zen, eta herri batzordeentzat ere lan zamatsua zen ariguneen proposamena azaltzea». Ikusi dute entitate txikietan arigunearen rola txapa janzteak berak ordezka dezakeela, eta ariketa berdin-berdin izan daitekeela eraginkorra.

Horregatik guztiagatik, aurtengoan, entitate bakoitza nahi duen doinuan eta neurrian arituko da; hots, bakoitzak erabakiko du nolako ariketa egin nahi duen, eta ez dituzte ezinbestean ariguneak sortu beharko. Hori bai, «oinarrizko egiteko batzuk» ezarri dituzte guzti-guztientzat: kideei Euskaraldiaren inguruko informazioa helaraztea, Euskaraldian eroso aritzeko prestakuntza eskaintzea eta ariketa ikusgarri egitea.

Harago joan nahi dutenek ere izango dute modua, lanketa «sakonagoa» egiteko era: «Bestelako urratsak egitea hautatzen dutenei euskararen erabilera sustatzeko aurrerapausoak ematea proposatuko diegu, hala nola ariguneak sortzea, bilerak euskaraz egiteko neurriak hartzea, mintzatratuak adostea...». Horretarako, Euskaraldiko kideek laguntza eskainiko diete entitateei.

ENTITATEEN EGITEKOAK

  • Informatzea.Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaltzea, eta izena ematera animatzea, horretarako erraztasunak jarrita.
  • Prestatzea. Entitateek kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute; horretarako baliabideak izango dituzte webgunean.

     

  • Euskaraldia ikusgarri egitea. Izena ematen duen entitateak ikusgarri egingo du ariketa badatorrela: eremuak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz…
  • Bestelako urratsak. Horietaz gainera, bestelako pausoak eman nahi dituzten entitateek lanketa sakonagoa egiteko aukera baliatu dezakete izena eman ostean. Hori aukeratuta, koordinazio orokorrean dabiltzanek baliabideak eskainiko dizkiete aparteko lanketak egiteko. Besteak beste, honetarako: ariguneak sortzeko, komunikazioak euskaraz egiteko, mintzodromoak sortzeko...

Norbanakoak, martxoaren 15etik

Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea entitateentzat; aldiz, ariketa sozial hori egin nahi dutenek martxoaren 15etik aurrera edukiko dute horretarako aukera. Urtero legez, ahobizi edo belarriprest rola hautatu beharko dute aurtengoan ere; www.euskaraldia.euswebgunean izango dute horretarako aukera. Urkijok parte hartzera animatu ditu herritarrak ere: «Egiten dugun urrats bakoitzak urruti eramango gaitu, eta guztion urrats horiek ezinbestekoak dira euskararen erabileran aurrera egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.