Frantziako Asanblearako bozak. Lehen itzulia Iparraldean

Ensemble eta NUPES lehiatuko dira bigarren itzulian Ipar Euskal Herrian

EH Baik 16.385 boz bildu ditu denetara, eta ez da izanen bigarren itzulian; oraindik ez du eman boto kontsignarik. Eskuin muturra anitz hazi da 2017tik: orduan halako bi boz jaso ditu

Ensemble eta NUPES lehiatuko dira bigarren itzulian Ipar Euskal Herrian.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Igandean izan zen Frantziako Asanblearako bozen lehen itzulia. Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan bigarren itzulirako bi hautagai izanen dira, NUPESekoak eta Ensemblekoak hiruretan. Laugarren hautesbarrutian Annick Trounday (Ensemble) eta Iñaki Etxaniz (NUPES) izanen dira, bosgarrenean Florence Lasserre (Ensemble) eta Sandra Pereira (NUPES), eta seigarrenean Vincent Bru (Ensemble) eta Tom Dubois-Robin (NUPES). Hala, egungo hiru diputatuetarik bi izanen dira bigarren itzulian: Lasserre eta Bru.

EH Bai ezkerreko abertzaleen koalizioak ez du hautagairik izanen, eta hautagaien «programaren arabera» bozkatzera deitu ditu hautesleak bigarren itzulirako, boto kontsigna zehatzik eman gabe. Hirugarren indarra izan da EH Bai Ipar Euskal Herrian, eta laugarrena Batasun Nazionala. Hala eta guztiz ere, zehaztekoa da Ipar Euskal Herriko hautesleen ia erdiak (%48,7) ez zirela bozkatzera joan.

4. HAUTESBARRUTIA

Annick Trounday (Ensemble) Emmanuel Macronen sostenguarekin aurkeztu den hautagaia eta Iñaki Etxaniz Frantziako ezkerreko alderdien aliantzako hautagaia sailkatu dira bigarren itzulirako; bozen %26,6 bildu ditu Troundayk, eta %24 Etxanizek. Hautesbarrutiko orain arteko Jean Lassalle diputatua ez da berriz aurkeztu, baina haren anaia bai: hirugarren lekua erdietsi du (%20,3). Laugarren lekuan da eskuin muturreko Batasun Nazionaleko Sylviane Lopez (%11,6). Eta bosgarren lekuan Egoitz Urrutikoetxea EH Baiko hautagaia, bozen %10 lorturik.

Ipar Euskal Herriko barnealdea eta Biarnoko zati bat hartzen ditu laugarren hautesbarrutiak, eta, Ipar Euskal Herriko zatiari so eginez, bestelakoak dira emaitzak: Trounday da lehena, Julien Lassalle bigarrena, eta Urrutikoetxea hirugarrena.

Emaitzak ukan eta berehala mintzatu zen Trounday: «Biziki umilki hartzen ditut emaitzak. Ez da deus irabazirik». Julien Lassalleren hautesleengana joko duela iragarri zuen, eta Etxanizen kontra mintzatu zen: «Euskalduna naiz, euskaltzalea. PSko Etxaniz, batere ez. Berak borroka hori ez du eramanen». Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboaren galdetegia ez zuen erantzun Troundayk; Etxanizek, bai.

Bestalde, zehaztekoa da hautesbarrutiko diputatua berria izanen dela, zernahi gerta ere. Izan ere, Jean Lassalle orain arteko diputatuak 2002an lortu zuen diputatu kargua, eta ordutik lau legealdi bete ditu postu horretan.

5. HAUTESBARRUTIA

«Lasaiturik» agertu zen Florence Lasserre (Ensemble) emaitzak jaso eta berehala. Orain arteko diputatuak lekua izanen du bigarren itzulian, eta Sandra Pereira (NUPES) izanen du parean. Bozen %34 erdietsi ditu Lasserrek, eta %25,1 Pereirak. Hirugarren lekura jalgi da Pascal Lesellier Batasun Nazionaleko hautagaia (%13,9). EH Baiko Mathilde Hary da laugarren (%8,9).

«Lan handia egin dugu hauteskunde kanpainan ahal bezainbat jende ukitzeko. Frantziako ezkerraren batasunaren indarra ez genuen ezagutzen, eta orain badakigu zer indar duten. Emmanuel Macroni gehiengoa eman beharko zaio Frantziako Asanblean; bestela, blokeo egoeran izanen da herrialdea», erran zuen Lasserrek.

Pereira ere «oso gustura» agertu zen lehen itzulian lortutakoemaitzekin. «Garaipen bat da: biziki baikorki hartzen dugu». Presidentetzarako hauteskundeetatik azken hilabeteetan egin duten kanpaina nabarmendu zuen. «Oso gustura gaude ezkererrepublikanoaren batasunak lortu dituen emaitzekin». Halere, abstentzioa «dezepzio bat» dela uste du.

6. HAUTESBARRUTIA

Vincent Bru (Ensemble) oraingo diputatuak bigarren itzulirako lekua lortu du. Haren ondotik sailkatu da Tom Dubois-Robin NUPES Frantziako ezkerreko alderdien aliantzaren hautagaia. Bien artekoa izanen da, beraz, bigarren itzulia. Hirugarren lekua lortu du Peio Dufau EH Baiko kideak. Bruk lortu du boz gehien (%28,5), eta Dubois-Robinek, %19,5. Dufauk bozen %14,5 bildu ditu.

Zehaztekoa da EH Baik hautesbarruti horretan zuela aukera handiena bigarren itzulirako sailkatzeko. Izan ere, 2020ko herriko bozetan eta 2021eko departamenduko bozetan, eremu horretan lortu zuten boz gehien abertzaleek. Besteak beste, Urruñako eta Ziburuko herriko etxeetan gehien bozkaturiko zerrenda izan ziren. Departamenduko bi kontseilari ere igorri zituzten Pauera. Urruñan eta Ziburun, igandean, hautesle gehienek Bruren alde egin zuten, baina ezkerreko lehen indarra izan zen EH Bai, NUPESen aitzinean.

EH BAI,AITZINA

EH Baik ontzat jo ditu emaitzak. Guztira, 16.385 boz eskuratu ditu koalizioak. 2017ko emaitzekin alderatuta, 3.600 boz irabazi dituzte. «Emaitza biziki onak lortzen ditugu hiru hautesbarrutietan, eta hirugarren indarra gara Iparraldean», trenkatu du Nikolas Blain EH Baiko bozeramaileak. Halere, deitoratu du «Frantziako giroak baldintzatzen» dituela Ipar Euskal Herriko emaitzak.

ESKUIN MUTURRA, GORA

Hiru hautesbarrutietan, bestalde, nabarmentzekoa da eskuin muturrak izan duen gorakada. Eskuin muturreko bi alderdiek jasotako boz kopurua batuz, hirugarren indarra dira Ipar Euskal Herrian. Batasun Nazionalak 13.978 boz jaso zituen, eta Errekonkistak, 5.510. 2017ko bozetan, 7.465 bildu zituen Batasun Nazionalak Ipar Euskal Herrian. Beraz, alderdiaren emaitza ia bikoiztu da bost urtean. Gainera, Errekonkistaren aldeko bozak gehituz gero, 19.488 dira eskuin muturreko alderdi batentzat bozkatu duten herritarrak Ipar Euskal Herrian.

Errepublikanoen beherakada ere nabarmena izan da. Seigarren hautesbarrutian baizik ez zuten hautagairik, Fabrice Sebastien Bach. 2.618 boz baizik ez ditu lortu, bederatzigarren postuan geldituz. 2017an 15.395 boz lortu zituen alderdiak.

BIGARREN ITZULIARI SO

Eskuin muturreko bozak nola bideratzen diren ikusi beharko da; Batasun Nazionalak eta Errekonkistak ez dute boto kontsignarik emanen. Bestalde, Ipar Euskal Herriko Errepublikanoetako hautagaiak eta Philippe Jouvet eskuineko hautagaiak Ensembleko hautagaien alde egitera deitu dute. Gainerateko hautagaiak solasean ari dira oraino.

Emaitzak ukan eta, EH Baik erabaki du boto kontsignarik ez ematea —oraingoz—, baina Iñaki Etxaniz NUPESeko laugarren hautesbarrutiko hautagaiarekin biltzekoak ziren atzo.«NUPESeko hautagaiek Euskal Herriari begira dituzten posizioek ez gaituzte asetzen. NUPESen programa komunak hainbat blokeo sortzen dizkie Ipar Euskal Herriko garapen instituzionalari, euskarari edota bake prozesuari, nahiz eta tokiko hautagai batetik bestera ñabardurak izan», adierazi du EH Baik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.