Frantziako Asanblearako bozen lehen itzuliko botoak zenbatuta, emaitza argia da: Ipar Euskal Herriko hiru barrutietan NUPESeko eta Ensembleko hautagaiak lehiatuko dira bigarren itzulian. Laugarrenean Annick Trounday (Ensemble) eta Iñaki Etxaniz (NUPES) izanen dira hautagai; bozen %26,6 bildu ditu Troundayk, eta %24 Etxanizek. Bosgarren hautesbarrutian, Florence Lasserre (Ensemble) eta Sandra Pereira (NUPES) orain arteko diputatua izanen dira lehian; bozen %34 erdietsi ditu Lasserrek, eta %25,1 Pereirak. Seigarren hautesbarrutian ere alderdi beren artekoa izanen da lehia, Vincent Bru (Ensemble) eta Tom Dubois-Robin (NUPES) izanen dira bigarren itzulian; bozkatzaileen %28,5ek egin dute Bruren alde, eta %19,5ek Dubois-Robinen alde.
Ipar Euskal Herriko emaitza orokorrei begiratuta, Ensemble izan da boto gehien bildu dituen alderdia (37.920 boz), eta NUPES bigarrena (26.198). Lehen aldiz aurkeztu dira koalizio horiek, eta haien emaitzak ezin dira zuzenean duela bost urtekoekin alderatu. Dena den, Modemek eta Errepublika Martxan alderdiek 43.174 boto jaso zituzten 2017an —aurten, elkarrekin, 5.000 gutxiago—. NUPES osatu duten alderdiek —Frantzia Intsumisoa, EELV, PCF eta PS—, berriz, 28.499 boto lortu zituzten 2017an; aurten, elkarrekin aurkeztuta, 2.300 boto gutxiago atera dituzte.
Bi koalizio horien atzetik, EH Bai kokatu da hirugarren indar gisa Ipar Euskal Herrian. 16.046 boz eskuratuta. Puskaz hobetu ditu duela bost urteko emaitzak, orduan baino 3.400 boto gehiago lortu baititu aurten. Boto guztien %13 eskuratu ditu koalizio abertzaleak.
Batasun Nazionala laugarren lekuan geratu da, 13.978 boz lortuta. Eric Zemmourren Errekonkista, berriz, seigarren indarra izan da, 5.510 bozekin. Bien artean, muturreko eskuindarrek 19.488 boz lortu dituzte Ipar Euskal Herrian, baliozko boto guztien %15,82.
Horien artean da Eutsi, 7.633 boz lortuta, bosgarren indarra. Errepublikanoak, berriz, hustu egin dira. Seigarren hautesbarrutian soilik aurkeztu dira, baina han ere bozen %5 eskas baizik ez dituzte lortu (2.618 boz).