Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearraren titulartasuna eskuratu zuen atzo Enresak. Espainiako Gobernuaren enpresa publiko bat da, hondakin nuklearrak kudeatzeaz arduratzen da, eta hark eramango ditu azpiegitura deseraikitzeko obrak. Titulartasuna aldatzeko pausoa emanda, lanak abia ditzakete datozen egunotan. Izan ere, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak astelehenean eman zuen obrei ekiteko baimena. «Prozesuak ez du atzera-bueltarik», adierazi zuen atzo Enresako presidente Jose Luis Navarrok.
Nuclenor enpresak ustiatu zuen Garoña: Iberduerok eta Electra de Viesgok eratu zuten 1957an, propio zentral nuklearra kudeatzeko; Iberdrola eta Endesa dira egun. 1971n inauguratu zuten zentral nuklearra, eta 2012 amaieran itzali egin zuen Nuclenorrek berak. Berriz abiatzeko mamua ez zen guztiz desagertu 2017ko abuztura arte: Endesak eta Iberdrolak Garoña ustiatzen segitzeko baimena berritzea eskatua zuten, baina behin betiko ezezkoa eman zien Espainiako Energia Ministerioak.
Ia sei urte behar izan dituzte desmuntatze lanak bideratzeko, eta enpresa publiko baten esku geratuko dira. Horren inguruan kritiko mintzatu zen Araba Garoña Gabe plataforma astelehenean, albistearen berri jaso eta berehala: «Titulartasuna eskualdatzeak dakar, finean, zentrala deseraikitzeko lanak denon poltsikotik ordainduko direla, hau da, aurrekontu publikoetatik, eta ez Iberdrolak eta Endesak 40 urte baino gehiagotan jasotako etekin gizenetatik».
Bi fasetan egingo dituzte deseraikitze obrak, eta aurreikusidute 2033. urtera arte irautea. 475 milioi euroren kostua izango dute; Enresako presidentearen arabera, «energia enpresek halako lanetarako ordaintzen dituzten tasen bidez» finantzatuko dira. Halere, kalkulu horretan ez dute kontuan hartu erregai erradiaktiboaren kudeaketak eragingo duen gastua. Atzo Navarrok esplikatu zuenez, gutxienez 150 milioi euro gehiago beharko dituzte zentral nuklearreko urtegitik erregai erradiaktiboa ateratzeko lanetan.
Hondakinak, 2073ra arte
Material hori jada eraikita dagoen behin-behineko biltegi batean sartuko dute, 49 edukiontzitan, eta desegite lanen amaieran, bestelako hondakin bereziak ere utziko dituzte hor. Biltegia «behin-behinekoa» den arren, ez dute zehaztu zenbat denbora izango dituzten hor hondakin erradiaktiboak; aurreikuspenen arabera, goizenez 2073an prest izango dute «biltegi geologiko sakon bat», baina aurrez ere mugitu ahalko dira hondakinok, Navarroren arabera, «biltegi zentralizatu bat» bideratzen bada.
Hain justu, hondakin nuklearrekin ere kezkatuta agertu zen Araba Garoña Gabe: «Erregaia beren-beregi eraikitako biltegi batera mugituko da. De facto, horrek esan nahi du Nuclenorrek hilerri nuklear bat utziko digula oinordetzan, gaur-gaurkoz gutxi baitu behin-behinekotik, ez baitago alternatibarik hondakinok biltzeko».
Enresaren esku dago Garoña
Enpresa publikoak egingo ditu deseraikitze lanak: titulartasuna aldatuta, berehala has daitezke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu