Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak zehazten dituen dekretua bete behar duten enpresen erdiek baino gehiagok ez dakite araudi hori badagoenik ere. 2008an onartutako araudiaren betetze maila aztertzeko ikerketa baten arabera —Jaurlaritzak eskatua—, enpresen %22k baino ez dute betetzen. «Dekretua betetzen dela bermatzeko egin beharreko ibilbidea, oraindik ere, oso luzea da», adierazi du Patxi Baztarrikak, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.
Baztarrikak Eusko Legebiltzarreko Kultura eta Euskara Batzordean aurkeztu zituen ikerketaren emaitzak, atzo. «Kontsumitzaileei aitorturiko hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean aurrera egin dugula ez dugu zalantzarik, baina ez gaude konforme; ez gaude gustura egungo errealitatearekin». Enpresen %78k 2008ko dekretua betetzen ez badute ere, aldaketa handiak daude sektore batetik bestera. Dekretua gehien bete duen sektorea finantza erakundeena da: enpresen erdiek betetzen dute, baina «alde handia» dago aurrezki kutxen eta bankuen artean, Baztarrikak jakinarazitakoaren arabera. Merkataritza kate handien herenek ere (%35,5) betetzen dute. Beste muturrean, dekretua gutxien bete dutenak energia hornitzaileak (%7,1), merkataritza guneak (%3), etxebizitzaren sektoreko enpresak (%2,4) eta hipermerkatu eta supermerkatuak (%1) dira.
Dekretuaren eraginpean dauden enpresen %70ek euskararen erabilerak abantailak dakartzala adierazi duten arren, Euskara Plana abiarazi dutenak %25 dira. Euskara erabiltzeari ikusten dioten eragozpen nagusia langileak prestatu behar izatea da; enpresen %67k pentsatzen dute hori. Halaber, enpresen herenek kostu ekonomikoak sor ditzakeela uste dute. Lau enpresatik hiruk ez dute euskara sustatzeko neurriak hartzeko asmorik.
Ikerketa kuantitatiboaz gain, eremu kualitatiboa ere baloratu du Eusko Jaurlaritzak, elkarrizketa luzeen bidez. Elkarrizketa horietatik eratorritako hiru ondorio nagusi azaldu zituen Baztarrikak atzo. Lehenik eta behin, enpresen kezka nagusia kontsumitzaileen beharretara «azkar» egokitzea dela; «zuzendaritzentzat kontsumitzailea da giltzarri nagusia, baita zerbitzu hizkuntzari dagokionean ere».
Bigarren ondorioa: kontsumitzaileen artean zerbitzua euskaraz jasotzeko beharra sortu behar dela uste dute enpresek, sustatzeko politikekin batera. Hau da, politikak abiarazteko, nolabaiteko «motibazio komertziala» behar dute enpresek; eskariaren bitartez eskaintza sustatzea, alegia. Azkenik, sektorearen, enpresaren eta eremu soziolinguistikoaren araberako politikak egitea proposatu dute elkarrizketatuek.
Ildo horretan, Baztarrikak nabarmendu du eremu soziolinguistikoak emaitzetan duen eragina. Hala, eremu euskaldunetan dauden enpresa gehiagok erdietsi dituzte 2008ko dekretuaren eskakizunak eremu erdaldunetan daudenak baino. Kontsumitzaile elebidunak %80 baino gehiago diren eremuetan hamar enpresatik zazpik bete dute dekretua; aldiz, elebidunak %20 baino gutxiago dituzten eremuetan hamarretik batera ere ez dira iristen.
Aurrera begirako lan ildoak
Ikerlanaren emaitzen inguruan, Jaurlaritzak zenbait lan ildo zehaztu ditu, administrazioaren sektore ugaritatik abiarazita. Edonola ere, gaur egun dauden araudiei eutsiko diela nabarmendu du Baztarrikak. «Arauak egokiak eta eraginkorrak dira gure egoerarako; egungo errealitatearen aurretik daude, bide erakusle dira, eta progresibotasunaren printzipioa baliatzen dute».
Baztarrikak azaldu zuen hiru eremutan abiaraziko dituztela. Alde batetik, «enpresa traktoreekin» hiru urteko hitzarmenak sinatuko dituzte kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko ekinbideak adosteko; 2015ean 250.000 euroko saila gorde dute horretarako, eta 2016an beste horrenbeste erabili asmo duela jakinarazi du sailburuordeak.
Administrazioari dagokionez, dekretuaren jarraipen batzorde bat sortuko dute, arlo horretan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako atalekin. Gainontzeko administrazioekin lankidetza ildoak abiarazteko bideak aztertuko dituzte, baita araubidearen garapenerako aukerak aztertu ere. Azkenik, administrazioaren kontratazioetan jasotako hizkuntza irizpideen jarraipena egingo dute, batez ere 2008ko dekretuaren esparruko enpresak kontratatzerakoan.
Kontsumitzaileen eremuan beren eskubideez jabe daitezen komunikazio plan bat prestatu eta martxan jartzeko asmoa azaldu du Baztarrikak. Plan horretan hitzarmenak sinatu dituzten enpresak baliatuko dira informazioa zabaltzeko, baita hedabideak eta bestelako bideak ere.
Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkideak Baztarrikari jakinarazi zion ez datorrela bat Jaurlaritzak zehaztutako ildoekin, euskararen normalizazioa erabiltzaileen bizkarrean uzten dutelako. «Goitik behera aldatu behar da planteamendua, enpresek eragile moduan parte har dezaten». EAJko Garbiñe Mendizabalek, bestetik, Baztarrikaren gogoetekin bat egin zuen. Beste legebiltzar talde gehienek uko egin zioten hitz egiteari ikerketa aztertu arte.
Hizkuntza politika. Kontsumitzaileen eskubideak
Enpresen erdiek ez dute bezeroen hizkuntza eskubideen arauaren berri
2008an onartu zuten, baina enpresen %78k oraindik ez dute betetzen.Merkataritza eta etxebizitza sektoreak dira gutxien bete dutenak.Lau enpresatik hiruk ez dute neurri berriak hartzeko asmorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu