Egun gutxi barru, enpresek ezingo dituzte sakelakoen zenbaki arruntak erabili dei komertzialak egiteko Hego Euskal Herrian. Hala, herritarrek, telefono zenbakia ikusita, dei komertzialak direla jakin ahalko dute.
Hego Euskal Herrian 2023ko ekainean jarri zen indarrean 11/2022 Telekomunikazioen Legea garatzen duen xedapena. Araudi horrek debekatu egiten zuen herritarrei haiek berariaz baimendu gabeko dei komertzialak egitea: telekomunikazio operadoreak behartuta zeuden telefono zenbakiak egiazkoak zirela bermatzera eta, hala izan ezean, operadoreek dei horiek blokeatu behar izaten zituzten erabiltzaileari iritsi aurretik.
Nolanahi ere, debekuaren eragina ez zen nahi bestekoa izaten ari, eta enpresek spam deiak egiten jarraitu dute. Orain, ordea, legea zorrotzagoa da. Espainiako Gobernuak iragarri berri duen neurri sorta asteon argitaratuko da Espainiako Aldizkari Ofizialean. Argitaratu den egunetik hogei egunera sartuko da indarrean agindua. Ipar Euskal Herrian, 2020tik daude debekatuta.
Dei komertzialak helburu horretara bideratutako zenbakietatik soilik egin ahal izango dira, beraz —Euskaltelek 1717tik soilik—. Enpresek hiru hilabete izango dituzte araudi berrira egokitzeko, eta, araudia bete ezean, bi milioi eurora arteko isuna jasotzeko arriskua dute.
Atzerriko deiak eta kode alfanumerikoak ere, debekatuta
Telefonia operadoreek betekizun berriak izango dituzte: enpresa bat ez dagokion zenbaki batetik deiak egiten ari dela atzematen badute, behartuta egongo dira dei horiek blokeatzera. Izan ere, legearen arabera, identitatea ordezkatzen ariko lirateke. Bide beretik, blokeatu egin beharko dituzte Hego Euskal Herritik edo Espainiatik deitzen ari diren itxura egin, baina egiaz beste herrialderen batetik heltzen diren deiak —roaming deiak salbu—.
Mezu idatziak bidaltzerako orduan ere, telefono zenbakien ordez kode alfanumerikoak erabiliz gero —zenbakiz eta letraz osatutako kodeak—, telefono konpainiek mezu horiek ere blokeatu egin beharko dituzte, betiere kode alfanumeriko horiek Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean erregistratuta ez badaude.