Enpresak nazioarteratzean giza garapena ere kontuan hartzeko eskatu dute

GGKEen Konfederazioak salatu du Eusko Jaurlaritzak soilik enpresen lehiakortasuna bultzatzen duela, lankidetza konpromisoak ahaztuta

Euskadiko GGKEen Konfederazioko eta OMALeko kideak, atzo. M. V / ARP.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren gobernu ekintzetan eta atzerriko jardueretan giza garapena eta iraunkortasuna ardatz izateko konpromisoa hartu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak iaz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresak nazioartera ateratzeko politiketan, ordea, ez da emandako hitza betetzen. Hala ondorioztatu dute Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak. Garapenerako politiken koherentzia. Eusko Jaurlaritzaren enpresa-nazioartekotzerako politikaren analisia izeneko txostena aurkeztu zuten atzo.

«Atera dugun argazkiak iluna dirudien arren, ez da kritika bat. Jaurlaritzari lankidetza eskaintzera gatoz», ohartarazi du Koordinakundeko Irene Molerok. Enpresak nazioartera ateratzeko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak ikertu dituzte OMALeko kideek. Gorka Martija da euretako bat: «Lehiakortasunari eta merkatu berriak hartzeari ematen zaio lehentasuna, giza garapenaren eta iraunkortasunaren inguruan hartutako konpromisoak alde batera utzita». Gainera, txostenean ohar garrantzitsua egin dute: «Enpresek nahiago izaten dituzten herrialdeetan giza eskubideak urratzen dira». Mexiko eta Kolonbia aipatu dituzte.

Enpresen behatokia

Uste dute atzerrira egindako bidaietan, ekonomikoez gain, bestelako helburuak ere izan beharko lituzkeela gobernuak. Eta haiekin sindikatuetako ordezkariak, GKEenak eta gizarte mugimenduetakoak ere eroateko gomendatu dio lehendakariari, herrialde horietan egin dezaketen ekarpena aintzat hartuta.

Hainbat aholku eman dizkioten gobernuari. Besteak beste, enpresak nazioartera ateratzeko laguntzen deialdietako irizpideak aldatzeko eskatu diote. Irizpide sozialak, genero berdintasunari dagozkionak, ingurumen arlokoak, lan baldintzekin zerikusia dutenak eta kultur arlokoak kontuan hartu behar direla ohartarazi du Molerok. «Gutxienez %40ra igo behar direla uste dugu. Baina onartuko genuke mailakatutako trantsizio bat egitea».

Era berean, eskatu dute Enpresen eta Giza Eskubideen Euskal Zentroa sortzea. Behatoki horrekenpresak nazioartera ateratzeko politika aztertuko luke. Baita euskal enpresen kanpo jarduna ere; diru laguntza publikorik jasotzen ez dutenak barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.