Rober Gutierrez. Bai Euskarari Ziurtagiriko zuzendaria

«Enpresa ikuspegi batekin garatu beharko litzateke proiektu hau»

Euskaraz lan egiten duten enpresek bat eginen dute gaur Enpresarean azokan, Donostian. Gutierrezek enpresen arteko elkarlana bultzatu nahi luke, euskara «lan tresna» gisa hartuta; euskalgintzatik harago.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
maddi ane txoperena iribarren
Andoain
2014ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Enpresarean azokako azken detaileak lotzen ari dela erantzun die Rober Gutierrezek (Gasteiz,1970) proiektuari buruzko galderei. Alde batetik bertzera dabil: «Azken momentuan beti aldatu behar izaten da gauza bat edo beste». Baina gogotsu dago; «ondo». Gaur eginen dute azoka, Donostiako Kursaalean, eta 08:30ean hasita hitzaldiak, eztabaidak eta enpresen aurkezpenak tartekatuko dituzte.

Euskarazko enpresen sarea sortu zutenetik hirugarren urtea da halako egun bat antolatzen dutena: lehen azoka 2012an egin zuten, eta iaz jardunaldiak. Aurtengoan Euskal Herriko enpresen etorkizuneko erronkak, prestakuntza, eta merkataritza elektronikoa izanen dituzte hizpide.

Zertarako antolatzen dituzue urteroko hitzorduok?

Enpresa eta profesionalen arteko sare bat sortzea bilatzen dugu. Hasieran, Internet bidezko plataforman sortu zen, eta hortik eratorri ziren bestelako proiektu batzuk: erabaki genuen gutxienez urtean behin saiatu behar genuela enpresa eta profesionalen aurrez aurreko harremanak bideratzen, eta horretarako aukera bat da azoka bat antolatzea, edo, iaz egin genuen bezala, jardunaldiak: hitzordu lasterren edo fast dating saio bat. Enpresek urte osoan garatu behar duten lanaren abiapuntu izatea da helburua.

Nolako enpresek hartzen dute parte Enpresareanen?

Gaur egun, 250 bat enpresa daude. Normalean, zerbitzu enpresak izaten dira, eta asko eta asko euskararekin modu batera edo bestera lotutakoak: euskalgintzakoak, euskararen mundutik gertu daudenak. Orain ari gara urrats bat gehiago egin nahian.

Zer dela eta?

Hau ez da euskalgintzaren azoka bat: hemen enpresa asko daude, sektore askotakoak. Euskaraz lan egiten dutenak, produktuak eta zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenak. Eta enpresa horiek sare honetan parte hartzera gonbidatu eta sare honetara erakarri nahi ditugu. Gure helburu nagusia da arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea.

Nola zabalduko duzue arlo gehiagotara?

Enpresa eta kooperatiba elkarteekin harremanak lantzen ari gara. Baita administrazioekin ere, baina hizkuntza politikatik kanpoko sailekin, hau da, Industria eta Berrikuntza eta antzekoekin. Horien bitartez, beste izaera bateko enpresetara iritsi nahi dugu. Nahi dugu azpimarratu hau dela enpresen eta profesionalen arteko sare bat: berezitasuna da euskaraz egiten dela, baina egiten dira gaztelaniaz eta ingelesez ere. Enpresa ikuspegi batekin garatu beharko litzateke proiektu hau.

Nolakoa da euskararen presentzia enpresa munduan?

Urratsak egiten ari dira, baina ez dira seguru asko guk egin nahiko genituzkeenak. Batzuetan, bakoitza bere aldetik ari da, eta pentsatu behar da alor honetan zer egin behar den benetako jauzi kualitatibo bat gertatzeko. Elkarlana bideratu, eta konturatu behar dugu horren bidez askoz eraginkorragoak izan gaitezkeela alor honen euskalduntzean.

Nola eginen duzue?

Behar ditugu enpresen arteko aliantzak, behar da elkarlana, behar da parekoak egiten duena ezagutzea. Proiektu batzuk ateratzeko zailtasunak baldin badaude enpresa batek bakarrik ezin duelako, beste enpresa bat topatzea hori egin ahal izateko.

Horretarako, enpresei emanen diezue ahotsa azokan.

Batetik, esperientzia arrakastatsu bat ekarri nahi izan dugu: Egamaster enpresarena. Enpresa industrial bat da, batez ere atzerrian saltzen duena eta arrakasta handia daukana. Euskara txertatzen ari dira, eta hori guretzat oso onuragarria da. Horretatik zer edo zer ikasi nahi dugu. Bestetik, aukera eskaini nahi diegu enpresei euren proiektuen aurkezpena egiteko: hiru minutu ditu bakoitzak bere ideia azaltzeko edo saltzeko, eta ea baten batek erosten dion.

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.enpresarean.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.