COVID-19aren krisiak baldintzatu egin ditu Euskaraldiaren prestaketa lanak, baina egin eginen dute; aurreikusi bezala, heldu den azaroaren 20tik abenduaren 4ra, Euskal Herri osoan. Konfinamenduan modu telematikoan aritu dira antolatzaileak herri batzordeekin eta entitateekin harremanetan, eta izen ematea aitzina doa pixkanaka: atzo 324 herri batzordek zeukaten izena emana eta 500dik gora egoitzak entitateen barneko taldeak, dendak edota bulegoak izan daitezke egoitzak, adibidez. Horien barnean 2.100 barne arigune eta 950 kanpo arigune identifikatu dituzte. Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak nabarmendu du, dena den, «hasiera besterik» ez dela: «Entitateei eskatu nahi diegu parte hartzeko urrats bat eman dezaten». Koronabirusak utzi duen egoeraren ondorioz, luzatu egin dute entitateek izena emateko epea: irailaren 27ra arte emanen dute horretarako aukera, eta zehaztu dute bakoitzak bere «posibilitateen» arabera hartu ahal izanen duela parte euskararen aldeko ariketa kolektiboan.
Atzo eman zuten Euskaraldian parte hartuko duten ariguneen egoeraren berri, Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian, eta Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak azpimarratu zuen «oso sektore desberdinetako entitateak» ari direla dinamikara batzen: erakunde publikoak, finantza arloko erakundeak, industria arloko enpresak eta kooperatibak, merkatari elkarte handi eta txikiak, dendak, kirol elkarteak eta kultur eta aisialdi taldeak, bertzeak bertze. Horien adibide izan ziren atzoko agerraldian parte hartu zuten kideak, han izan baitziren, erraterako, Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea, Leire Okarantza Fagor taldeko Gestio Sozialeko arduraduna eta Jabier Otermin Super Amara Bera Bera klubeko komunikazio arduraduna, entitateen izenean. Erakunde publikoen aldetik, berriz, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariek hartu zuten parte.
Aurtengo Euskaraldian garrantzi berezia izanen dute entitateek, horietan sorturiko ariguneetan jarriko baitu Euskaraldiak arreta, bereziki. Ariguneak «euskaraz eroso aritzeko guneak» izanen dira, pertsonek osatuak, eta «ariketa taldean egingo dute arigunea osatzen duten pertsona horiek, batzuk ahobizi eta besteak belarriprest direla», Illaroren hitzetan. Zehaztu dutenez, entitate ugari izena emateko prozesuan daude oraindik: «Ezin dugu ahaztu izena emateko momentu horretara iristeko jadanik ariguneak identifikatuta eduki behar direla, eta arigune horietako kideen oniritziarekin eman behar dela izena», azaldu du Illarok. Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak nabarmendu du Jaurlaritzak ere eginahala eginen duela ariguneak sustatzeko: «Ariguneak ez dira berez sortuko».
Entitateen eta norbanakoen sustapenaz arduratzen diren herri batzordeei dagokienez, duela bi urteko kopuru berak lortzea espero dute antolatzaileek: Nafarroan eta Araban, erraterako, iritsi dira jada aitzineko aldiko heinera; Bizkaian eta Gipuzkoan, ia; eta, Ipar Euskal Herrian, azken asteotan izen ematea osatzea espero dute. Ekainaren 27an bukatuko zaie epea herri batzordeei.
Entitateak eredu
Atzo agerraldian parte hartu zuten entitateetako ordezkariek euskarak duen «balioa» nabarmendu zuten. Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak, erraterako, azpimarratu zuen enpresek eredu izan behar dutela euren sektorean: «Arraste efektua garrantzitsua da».
Enpresa eta erakundeei ariguneak sortzeko deia egin die Euskaraldiak
324 herri batzordek eta 500dik gora egoitzak eman dute izena azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen den Euskaraldirako. Irailaren 27ra arte luzatu dute entitateen izen ematea, COVID-19agatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu