Enovis enpresa ez da Mugerreko hezeguneetan ezarriko

Euskal Elkargoak erran du beste eremu baten bila ari dela enpresa ezartzeko. Hainbat elkarte ekologista mobilizatu dira hezegunearen artifizializazioaren kontra.

Mugerreko pleitagunea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Mugerreko pleitagunea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko apirilaren 24a
18:15
Entzun

Mugerreko (Lapurdi) hezeguneen artifizializazioaren kontra mobilizatuak diren elkarteek lehen garaipena lortu dute: Euskal Hirigune Elkargoak jakinarazi du bertan behera utzi duela Enovis enpresa eremu horretan plantatzeko proiektua. 3,3 hektarea lur okupatu beharrak zituen hezeguneetan; elkargoak jakinarazi du beste lur eremu bat bilatuko duela. 

Mugerre eta Lehuntze artean den pleitagunea handitzeko xedea dute instituzioek, eta, horretarako, hamabi hektarea lur artifizializatu nahi dituzte. Horren kontra altxatu dira azken hilabeteetan CADE eta Bizi talde ekologistak, eta beste zenbait mugimendu ere bai. Haien arabera, hamabi hektareako hezegunea 58 bat espezieren babesleku da, eta baita Lehuntzen uholdeak izatea eragozteko gune garrantzitsua ere.

Urtarril hasieran, Rolland Hirigoien Mugerreko auzapezak hamabi hektarea horietan eraikitzeko baimena onartu zion Enovis enpresari, baina ingurumen elkarteek salatu zuten baimen hori legez kanpokoa zela. Mouguerre Cadre de Vie elkarteak helegite administratibo bat ezarri zuen auzapezaren erabakiaren kontra, eta CADE elkarteak martxoan iragarri zuen auzibidea irekiko zuela auzitegi administratiboan. Izan ere, SAGE Ur Kudeaketaren Antolaketa Eskemaren arabera, eremu hori lehentasunezko hezegune gisa sailkatua da, eta, horren ondorioz, legez kanpokoa da edozein antolaketa lan egitea.

Azken asteetan ekintza eta agerraldi bat baino gehiago egin dituzte Euskal Elkargoaren proiektua oztopatzeko. Hala, Bizik astelehenean salatu zuen Enovis enpresari beste alternatibarik eskaini ezean arriskuan jarriko direla proiektuari loturiko hirurehun enplegu; salaketa hori irudikatzeko, hirurehun zapata pare jarri zituzten Euskal Elkargoaren Baionako egoitzaren aitzinean. Elkarte ekologista «pozik» agertu da elkargoak hartu duen erabakiarekin, baina ohar batean adierazi du «erne» egonen dela hezeguneko lur eremu hori ez dadin beste  enpresa batentzat artifizializatu. «Segurtatuko dugu Enovis enpresari eginen dioten proposamen berria jadanik artifizializatua den lur eremu batean izanen dela, beste gune natural batzuk ez suntsitzeko», adierazi dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.