Enovis enpresa Baionako Mousserolleseko burdinola izanikoetan ezarriko da

Mugerreko pleitaguneko hezegune babestuetan jar dadin eragotzi dute ingurumenaren aldeko elkarteek. Enovis enpresako langileak 2027ko udan instalatu behar lirateke Baionako eraikin berrietan.

Iriart, Etxegarai, Bellart eta Durrutik aurkeztu dute proiektua, goizean, Elkargoan. GUILLAUME FAUVEAU
Iriart, Etxegarai, Bellart eta Durrutik aurkeztu dute proiektua, goizean, Elkargoan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2024ko irailaren 9a
16:30
Entzun

Aste gutxitan aterabide bat atzematera behartuak izan dira Euskal Hirigune Elkargoa eta Enovis enpresako zuzendaritza: Baionako Mousserolles auzoko burdinola ohien eremuetan instalatuko dituzte enpresaren eraikin berriak, 2027ko udarako. Gaur goizean egin dute prentsaurrekoa Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, Sebastien Bellart Frantziako Enoviseko zuzendariak, Sylvie Durruti Elkargoko Ekonomia saileko lehendakariordeak eta Alain Iriart Baiona-Mugerreko CEF Europar pleitaguneko lehendakariak; «kontent» eta «harro» agertu dira aterabide bat atzeman ahal izan baitiote Enovis enpresaren galdeari. 

Hatsarre batean Mugerreko (Lapurdi) pleitagunera joan beharrak ziren: urtarril hasieran, Rolland Hirigoien Mugerreko auzapezak pleitako hamabi hektareatan eraikitzeko baimena onartu zion Enovis enpresari. Baina, lehentasunezko hezeguneak baitira pleitako lurrak, ingurumenaren aldeko zenbait elkarteren bozak kexu altxatu ziren. Hain zuzen, CADE eta Bizik salatu zuten Mugerreko auzapezak eraikitzeko eman zuen baimena legez kanpokoa zela, eta, apirilean, Euskal Hirigune Elkargoak jakinarazi zuen bertan behera utzi zuela Enovis enpresa eremu horretan plantatzeko proiektua.

Enovis handitzen

Enovis enpresak medikuntzako materiala egiten du, eta jadanik Mugerren instalatua du Frantziako adarra —nazioartean antolatua da, bestalde—. Bertan, 300 langile ditu lanean. Eraikin berrien xedearekin batean, beste 150 bat langileren kontratatzeko helburua dute, gero nahiko hurbilean. Funtsean, horregatik dira gaur egun diren lekutik mugitzeko zain: Bellard zuzendariak erran duenaren arabera, horien gaur egungo eraikinekin 1.500 metro koadro bulego dituzte, eta 3.000 metro koadro biltegiratzeko. Oraingo proiektu berriarekin, eremuak doblatu behar lituzkete, eta emaitza ekonomikoak hobetzea ere espero dute, zehaztu duenez. Datozen urteetarako %6 eta %9 arteko hobetze bat aipatu du.

Behin Mugerreko pleitagunearen dolua egin ondoan eta gune berriaren hautatzeko momentuan, bi baldintza kontuan hartzekoak zituzten, batez ere: lehenik, ez zuten jada ziren eremutik anitz urrundu nahi, zeren 300 langile baitituzte horien lanpostuetan atxiki nahi zituztenak; gehiegi urrunduz gero, horietariko anitzek lanbidea galduko zuten. Bestalde, Baiona-Mugerreko CEF eremutik ere ez zuten anitz urrundu nahi, leku oso estrategikoa baitzaie bertan plantatuak diren beste zenbait enpresari begira: izan ere, Chronoposten gisako garraio enpresekin anitz lan egiten dute egunerokoan horien materiala Ipar Euskal Herriko eta Frantziako farmazietara helarazteko, egun bakarrean. Bi baldintza nagusi horiek kontuan harturik hautatu dute gune berria, zeinak biak betetzeko bide ematen baitie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.