ENERGIA. ZIKLO KONBINATUAREN EGOERA. Ziklo konbinatuko zentralen potentzia hirukoiztu nahi dute hurrengo urteetan

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaularitzak gas naturalaren aldeko apustua indartu dute azken hamarkadan

inaki petxarroman
Donostia
2010eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Gas bidez funtzionatzen duten ziklo konbinatuko zentral termikoen aldeko apustua egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azken urteotan. Gaur egun, 2.030 megawatteko (MW) potentzia daukate Euskal Herrian martxan dauden ziklo konbinatuko zentral termikoek. Alabaina, datozen urteotan hainbat enpresak dituzten plan guztiak betez gero, potentzia hori hirukoiztu egin daiteke.

«Ohiko energia iturriei buruz, helburu instituzionala da egungo parkea hobetzea ingurumenaren aldetik, ohiko zentral termikoak itxiz, eta ziklo konbinatuko proiektu berriak martxan jarriz». Helburu hori ageri da Eusko Jaurlaritzaren 3E-2010eko Energia Estrategia txostenean. Eta, dudarik gabe, helburua betetzen ari dira. 2002. urtetik bost zentral termiko jarri dituzte martxan Hego Euskal Herrian, ziklo konbinatukoak. Guztira, 2030 megawatteko (MW) potentzia dute, eta ia erantzuten diote Hego Euskal Herrian dagoen argindar energiaren eskariari. Izan ere, Jaurlaritzaren arabera, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko gehienezko eskaria 2.900 MW ingurukoa da.

Garai batean petrolio jatorrizkoek asetzen zuten energia kontsumoaren zatirik handiena, baina dagoeneko gasa gaina hartzen ari zaio Hegoaldean. Ipar Euskal Herrian, oraindik ere, jatorri nuklearrekoa da kontsumitzen den argindar energiarik gehiena.

Nafarroak onartu du energia esportatzen ari dela, eta Euskal Autonomia Erkidegoak %14ko soberakina izatea espero du aurtengo, 3E-2010eko Energia Planean. Alegia, kontsumitzen dena baino energia gehiago sortzen ari da dagoeneko Hegoaldean.

Eusko Jaurlaritzak energia garbien zakuan sartu izan baditu ere, azken hamarkada honetan Euskal Herrian martxan jarri diren ziklo konbinatuko zentralek berotegi efektuko gas ugari isuri dituzte atmosferara. Besteak beste, klima aldaketaren arduradun diren gasetako batzuk: CO2, SO2 eta NOX. Martxan diren bost ziklo konbinatuek ia lau milioi tona CO2 isuri zituzten atmosferara 2007an. Hego Euskal Herrian, guztira, berotegi efektua eragiten duten 29,1 milioi tona isuri ziren urte hartan atmosferara.

Santurtzin Iberdrolak aipatu duen megaproiektua ez ezik, beste hainbat egitasmo daude Euskal Herrian. Castejonen, 400 MWeko potentziako beste ziklo konbinatu bat egiten hasiko da laster Iberdrola, Espainiako Ingurumen Ministerioaren ingurumen baimena eskuratu baitu horretarako. HidroCantabricok ere beste zentral bat egin nahi du, baina 2007an handitzea debekatu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, herritik bi kilometrora baino gertuago dagoelako.

Araban, 800 MWeko potentziadun ziklo konbinatuko zentrala egin nahi du Gas Naturalek, Lantaronen. 500 milioi euroko proiektua da, eta herritar andana kontra agertu dira; besteak beste, proiektuari buruz antolatu zen herri galdeketan bozkatu zuten gehienak kontra agertu ziren. Enpresak esan du aurten hasi nahi dituela lanak.

Pasaiako portuaren zain

Gaur egun Bilboko portuan eta Ebroren ertzean daude ziklo konbinatuko enpresa multzorik handienak. Berez, beste kokagune handi bat aurreikusten da Pasaian, inoiz kanpoko portua egingo balitz. Besteak beste, Gas Naturalek egitasmoa aurkeztua du han 800 MWeko zentrala eraikitzeko. Eta Iberdrolak ere adierazidu barruko ikatzezko zentral termikoa ordezkatuko lukeela, baldin eta Jaizkibelen portua egingo balitz. Horiek, ordea, kanpoko portuaren esperoan daude.

Zer dira ziklo konbinatuko zentralak?

Energia sortzeko bi prozesu termodinamiko erabiltzen dituzten zentralak dira. Prozesuetako batean, gasa erretzen da, eta argindarra sortzen da gas turbina baten bidez; beste prozesuan, uraren baporea erabiltzen da energia sortzeko. Erregaiak erreta, sor litekeen energiaren %25 eta %35 artean aprobetxatzen da bakarrik. Ziklo konbinatuko zentral termikoek, erregaia erretzeaz gain, bigarren prozesu bat erabiltzen dute, errendimendua hobetzeko. Bigarren prozesu horretan, gas turbinei ihes egindako gasa erabiltzen da. Hartara, bapore turbinak aprobetxatzen ditu gas turbinak erabili ahal izan ez duena; horrela, ziklo bakarreko zentraletan baino energia gehiago sortzen da.

%45

Berotegi efektuko gasen hazkundea. Kyotok erreferentzia gisa ezartzen duen 1990eko urtetik 2007ra, %45 handitu zen berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa Hego Euskal Herrian. 1990ean, 20 milioi tona isuri ziren, eta, 2007an, 29,1 milioi tona.

Goi tentsioko linearen inguruko herri galdeketa

Castejon eta Gasteiz artean zabaldu nahi duten goi tentsioko linearen inguruan herri galdeketak egingo dituzte igandean Arabako eta Nafarroako 28 herritan. Besteak beste, Castejongoeta Lantarongo zentral termikoenekoizpenari eman nahi dio bide linea berriak.

Ekologisten protesta ugari eragin dituzte azken urteotan

Ziklo konbinatuko zentral termikoek herritarren eta ekologisten protesta ugari eragin dituzte azken urteotan. Sonatuenak Boroako zentral termikoak eragin zituen, Zornotzan. Herritarren gehiengoa proiektuaren kontra agertu zen herri galdeketan. Lantaronen eta Castejonen ere kontrako iritziak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.