Klima larrialdia

Energia trantsizioan, bi pauso aurrera eta bat atzera

Ukrainako gerrak agerian utzi du geopolitikak eragina izan dezakeela energia trantsizioan, baina ondorioak nolakoak izango dira, luze gabekoak ala luzera begirakoak? Krisi geopolitikoei soilik egotz dakieke klima helburuak ez betetzea? Galderoi erantzun diete adituek Bilbon, EHU eta BC3ren ikastaro batean.

Bilbo. Ezkerretik abiatuta, Monge, Alaña, Lazaro, Linares eta Mikel Gonzalez moderatzailea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Agenda politiko eta sozialetan azpimarratuta ageri da azken hilabeteetan trantsizio energetikoa, eta solasaldietan gero eta sarriago aipatzen da energia aurrezteko premia, baina zer neurritan bultzatu ditu kezka horiek egungo egoera geopolitikoak? Errusiako gasarekin izandako gorabeherek galga jar al diezaiekete klima aldaketa arintzeko neurriei? Auzi horiek aztertzen ari da egunotan BC3 ikerketa zentroa, EHUko Udako Ikastaroen barruan, Bilbon, eta atzo lau aditu bildu zituen mahai baten bueltan, galdera bati erantzuteko: zer eragin izango du egungo krisi geopolitiko eta energetikoak klima helburuen betetze mailan? «Luzera begirako xedeak argi daude, baina epe motzean tentsioa dago», erantzun zuen Lara Esther Lazarok, Real Instituto Elcano erakundeko ikerlariak; «Ezohiko egoera batean gaude; duela hilabete batzuk planteatuko ez genituzkeen neurri batzuk hartzen ari gara: bi pauso aurrera eta bat atzera ematen ari gara».

Ikusi gehiago:Ana Maria Alonso, geologoa: «Gizakiak ez dauka ahalmen nahikorik planeta suntsitzeko»

Energia trantsizioa ez da edonolako erronka, Lazaroren hitzetan: «Aurrean dugu industria iraultzatik indarrean izan den garapen ereduaren erabateko aldaketa; inoizko eraldaketa ekonomiko eta sozial handiena». Nazioarteko itunek marraztutako bide orriak gauzatzeko prozesuan, ordea, «klimaren geopolitika» gurutzatu da, eta azken hiletan eragin berezia izaten ari da Errusiak Ukrainan abiatutako inbasioa. «Negoziazioak halabeharrez zentratu dira gatazka konpontzean eta energia ziurtatzean —arrazoizko prezioan—, eta horrek ekarri du luze gabe klima helburuen aurka doazen neurriak hartzea: erregai fosilak diruz laguntzea, ikatzaren erabilera areagotzea...», azaldu du Lazarok: «Gauza bat eragotzi behar dugu: ezohiko neurri horien barruan luzera begirako helburuak ere arriskuan jar ditzaketen azpiegituretan inbertitzea».

Comillasko (Espainia) Unibertsitateko ikertzaile Pedro Linaresen aburuz, aldiz, krisi geopolitikoak oztopo dira, baina ez dira helburu klimatikoak ez betetzearen arrazoi nagusia: «Aurrez ere oso handinahiak ziren xedeak: gauza asko aldatu behar ziren, eta ez ginen ari baliabide nahikorik bideratzen». Zaragozako Unibertsitateko politologo Cristina Mongek erantsi du zehaztu behar dela epe laburrak zenbat iraungo duen: «Bagenuen bide bat, urrats txikiak egiten ari ginen, eta orain bihurgune batera heldu gara: laburra izango da, asko zabalduko da, ala guztiz nahastuko gaitu?».

Ildo horretan, krisiak ondo komunikatu behar direla nabarmendu du Unai Alañak, Iberdrolako azterketa ekonomiko arautzaileen arduradunak. «Uda honetan jende askok bere haragitan bizi izan du klima aldaketa, baina, neurri batean, gizarteari adierazi zaio Putinen errua dela: 'Bero handia dago, eta ezin dut aire girotua hogei gradutan jarri oso garesti dagoelako'. Eta halako mezuak berraztertu behar dira». Auzi horri lotuta, beste galdera bati heldu diote adituok: nola azaldu jendeari trantsizio energetikoak sakrifizio batzuk eskatuko dituela, adibidez, mugikortasunean edota elikaduran? «Sakrifizioak baino gehiago, esfortzuak izango dira», erantzun du Alañak: «Trantsizioak ez du zertan ekarri bizi baldintzak okertzea, baizik eta aldatzea».

Ausardia eta abilezia

Komunikazio lan horretan, «lider ausarten» falta sumatu du Linaresek: «Ez digute esan behar entzun nahi duguna, baizik eta egin behar dena. 1990eko hamarkadako lehortea etorri zait burura: balio izan zuen jendeak dutxak laburtzeko, ur botilak sartzeko komuneko zisternan... Ondo azaltzen denean, jendeak ondo erantzuten du». Aldiz, kontrako bideak ekar dezakeenaz ohartarazi du: «Negazionismo mota asko daude, baina moldeetako bat sortzen da istorio bat kontatzen dugunean eta gero ez denean betetzen: frustrazioak negazionismoak eragin ditzake. Beraz, ezinbestekoa da itxaropenak ondo kudeatzea: ez da izango prozesu erraza».

Klima aldaketaren aurka «zerbait egitearen aldeko magma bat» ikusten du Mongek, baina «abilezia» eskatu du berak ere komunikazioan. Pandemiako adibide bat jarri du: «Konfinamenduaren hasieran esan zen kutsadura maila asko jaitsi zela, animaliak itzuli zirela hirietara... Baina kontuz egoera traumatiko bat trantsizio ekologikoarekin lotzearekin». Etekinen ikuspegia hobetsi du: «Ni gaztea nintzenean, ikasketak amaitzean denok erosi nahi genuen auto bat; orain, hirietako gazte gehienentzat ez da arazo bat autorik ez izatea, bestelako aukerak dituztelako. Gazteei bereziki eragin diete krisi ekonomikoek, baina aldaketa kultural handi bat ere izan da hor». Baina alderdi sozialaz harago pentsatzea ere aldarrikatu du: «Politika publikoen eta enpresen inbertsioen araberakoa izango da hau, neurri handi batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.