Eusko Jaurlaritzak ez ditu handituko berriztagarriak jarri ezin diren eremuak

Energia Berriztagarrien LPSa azken fasean da, Jaurlaritzak alegazioei erantzunda. Gobernuak ez du onartu energia berriztagarrien azpiegituretarako bazterketa eremuak hedatzea, eta ukatu egin du instalazio horiek bateraezinak direla nekazaritzarekin.

ELGEA MENDILERROKO PARKE EOLIKOA
Elgea mendilerroko parke eolikoaren irudi bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko azaroaren 4a
14:09
Entzun

Eusko Jaurlaritzak azken fasera eraman du energia berriztagarrien «hedapen ordenatu» baterako plangintza. Joan den ostegunean erantzun zien Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari (LPS) hainbat herritar eta eragilek aurkeztutako alegazioei. 4.000tik gora izan ziren orotara. Horiekin batera erantzun die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta udal batzuek aurkeztu zizkioten 170 txostenei ere. Jaurlaritzak ezezkoa eman dio hasierako proposamenean zehazten zituen bazterketa eremuak moldatzeari. Horrez gain, ukatu egin du berriztagarrien hedatzea nekazaritzaren kalterako izango dela.

Txostena Mikel Jauregi buru duen Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak sinatu du. Dokumentuak ontzat jotzen ditu LPSaren hasierako proposamenean zehazten diren baztertze eremuak, hau da, «bereziki sentikorrak» direlako energia berriztagarrien instalazioak hartzetik salbuetsita gelditzen direnak. Txostenaren arabera, «irizpide zerrenda zabala hartu da kontuan» eremu horiek zehazterakoan, eta Jaurlaritzak baztertu egin du elementu gehiago aintzat hartzea. Alegazioek eskatzen dute bazterketa eremu horien artean sartzea  onura publikoko mendiak ere, sai zuriarentzako eremu kritikoak direnak, kultura ondasun eremu batzuk hartzen dituztenak, korridore ekologikoak eta interes bereziko paisaia dutenak.

Jaurlaritzaren ustez, «indarrean dagoen araudiak behar adina mekanismo ditu ingurumen, kultura edo paisaia balioak babesteko», eta nabarmendu du inguru jakin bat bazterketa eremu gisa ez izendatzeak ez dakarrela berekin «instalazio berriztagarrien enpresa edo sustatzaileei baimena ematea aplikatu beharreko ingurumen bermeak alde batera uzteko». Planak jasotzen dituen bazterketa eremuetatik harago, berriztagarrien azpiegituren eragina kasuan-kasuan aztertu behar dela jasotzen du txostenak. Horren adibide, korridore ekologikoei buruz esaten duena. «Uste da instalazio bakoitzaren eta korridore ekologikoen berezko funtzioaren arteko bateragarritasuna proiektu jakin bakoitzerako aztertu behar dela, eta ezin dela aplikazio orokorreko irtenbiderik hartu, horrek garapen berriztagarrirako muga ekar dezakeelako, eta jarduketa bakoitzean hartu beharreko neurri zehatzekin ordezka daitekeelako».

Bestalde, Jaurlaritzak ukatu egin du berriztagarrien hedapena nekazaritzaren bizkar egingo dela. LPSak berriztagarrien instalazioetarako jasotzen dituen eremu posible guztien azalerak «ehuneko txiki bat» hartzen du «nekazaritza lurzoru guztiaren aldean», eta LPSa «oso zorrotza» izan da «balio agroekologiko handiko lurzoruak babesteko». Txostenak ziurtatu duenez, lur mota horiek duten babesaren ondorioz, «ez da egongo eskala handiko» berriztagarrien azpiegiturarik «balio estrategiko handiko lurzoruetan».

«Lehen sektoreak onartu egin behar du energia berriztagarriak modu ordenatuan ezartzearen ondoriozko onura»

EUSKO JAURLARITZAIndustria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Energia berriztagarrien azpiegiturak eta lehen sektorearen jarduera bateragarriak direla ere nabarmendu du dokumentuak. Instalazio eolikoek lurraren erabilera komunari bide ematen diotela adierazi du, eta, fotovoltaikoek eolikoek baino lurzoru gehiago okupatzen dutela aitortu arren, esan du teknologiaren aurrerapenak posible egin duela «jarduera agrovoltaikoa».

Energia berriztagarrien eragina alde batera utzita, txostenak ohartarazi du klima larrialdia dela nekazaritzaren mehatxurik handiena. «Ikusten ari gara urtaro bakoitzeko klima aldaketak uzta osoak galtzea edo laboreen ekoizpena kalitate txikiagokoa izatea eragiten duela, eta, batez ere, nekazaritza bete-betean ukitzen duen ur eskasia larria eragiten duela». Jaurlaritzaren iritziz, «lehen sektoreak energia berriztagarriak modu ordenatuan ezartzearen ondoriozko onura barneratu behar du».

Alegazioei erantzunda, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak behin-behinean onartuko du Energia Berriztagarrien LPSa. Joan den astean, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu zion plangintza urtea amaitu aurretik onartzeko behin-behinean, eta 2025eko lehen seihilekoan egiteko azken onarpena. Legebiltzarraren eskaera EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostu zuten.

Ekologisten kritikak

Berriztagarrien LPSei kritika ugari egin dizkiete eragile ekologistek. Jaurlaritzaren erantzunen berri izan aurretik, zenbait elkartek BERRIAri egindako adierazpenetan salatu dute plangintza berandu iritsiko dela, eta hura onartu bitartean enpresa energetikoak beren proiektuak zabaltzen ari direla, lurraldea antolatzeko irizpide orokor bati jarraitu gabe. Horrez gain, prozesuaren izaera kritikatu dute, argudiatuz ez direla saiatu gizartean nahikoa parte hartze eta adostasun lortzen. Horren adierazgarri, esan dute ezen iazko udan, oporraldi betean, LPSak 4.000 alegaziotik gora jaso zituela.

Ekopol ikerketa taldeko kide eta EHUko irakasle Josu Larrinagaren iritziz, azpiegituren kontrako jarrerak pisu handia hartu du, neurri handi batean LPSaren diseinuan ez delako bilatu gizartearen parte hartzea. «Berriztagarrien zabalpen arin bat behar da, baina azkartasuna lortzeko erarik onena da trankil hastea eta jendea kontsultatzea. Inposaketekin nahasmena sortzen da, eta dena atzeratzen da». Larrinagak ohartarazi duenez, berriztagarrien «lehen zabalpenean bezala», orain ere arriskua dago «defizit handi bat» sortzeko energia mota horren hornikuntzan.

Era berean, EH Bizirk sareak «energia elektrikoaren beharrizanei buruzko eztabaidarik» ez egitea egotzi dio Jaurlaritzari. Haren esanetan, LPSak bultzatzen duen ereduan dago gakoa. «Logika kapitalistari jarraikiz, LPSak eskala handiko proiektuak ezartzeko kokapen ugari planteatzen ditu». Plana ez dago «tokiko hornidurarako» pentsatua, baizik eta «Europako beste kontsumo gune batzuetara esportatzeko».

EH Bizirik-ek bezala, Arabako Mendiak Aske plataformak eskatu du jada eraikita dauden azpiegiturak lehenesteko berriztagarrien instalazioak jartzeko. Adibide gisa jarri du Gasteizko Ingurumen Zerbitzuen ikerketa bat, zeinaren arabera hiriko teilatuetan eguzki plakak era masiboan jarriz gero hiriaren autokontsumoa bermatu ahalko litzatekeen ia.

Greenpeaceko Lorea Floresek ere LPSa kritikatu du ez duelako aurreikusten hiri lurretako azpiegiturek eta tamaina ertain edo txikiko instalazioek zein ekarpen egin dezaketen energia trantsizioan. Dena den, ez du uste eskala txikiko instalazioekin soilik nahikoa izango denik, «kontsumoa apalduta ere». «Ohartu behar dugu EAEn energia kontsumo osoaren %8 dela bakarrik energia berriztagarriena». Trantsiziorako «tamaina handiko azpiegiturak» ere beharrezkoak izango direla uste du, eta paisaian kalte jakin bat izatea onartu beharko dela, baina «jarrera zorrotzago bat» eskatu dio Jaurlaritzari, trantsizioa «modu egokian egiteko, eta ez uzteko, beti bezala, prozesua enpresei gidatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.