PSE-EEko lehendakarigai Eneko Andueza alderdiko gazteen adarrarekin (EGAZ) elkartu da, Enekoneta deitu dioten furgoneta aurkezteko, eta hautagaiak esan du «sozialismo gehiago» dela «nazionalismoaren alternatiba bakarra». Anduezaren aurpegia marrazturik duen furgoneta hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan ibiliko da kanpainan.
Anduezak nabarmendu duenez, PSE oinarrizko alderdia da Eusko Jaurlaritzan «politika aurrerakoiak bermaturik egon daitezen». «Soilik PSEk» bermatu dezake, haren hitzetan, «pertsonak erdian jartzen dituzten politikak» egingo direla Gasteizko gobernuan.
Apirilaren 21ean «emaitza oso ona izango du PSE-EEk», Anduezaren arabera, «Euskadik behar duen alderdia» ei delako. «Aurkeztu gara programa aurrerakoi batekin, talde handi batekin, euskal gizartearen benetako arazoetan zentraturik, enpleguan, etxebizitzan, klima aldaketan eta berdintasunean».
Sozialismo gehiago
Hautagai sozialistak esan du «nazionalisten arteko gudu bati buruz» ari direnek ahaztu egiten dutela zein den «nazionalismoaren alternatiba». Alternatiba hori «ez da independentismo gehiago», Anduezaren esanetan, «sozialismo gehiago» baizik.
Boto emaileen artean, %40k erabakiko dute botoa kanpainan, hautagaiak gogoratu duenez, eta segurutzat jo du herritarrek jakingo dutela bereizten «betikoarekin jarraitzearen eta zerbait desberdina egitearen artean, nazionalismoaren artean eta sozialismoaren artean».
Errepikatu du PSE «erabakigarria» izango dela Eusko Jaurlaritza osatzeko, eta, beraz, «Euskadiren geroan». Azaldu du PSE ez dela zerotik abiatuko, «azken urteetako lana» dela haren bermea, eta «Euskadiri emandako egonkortasuna».