CAF-Elhuyar sariek Enekoitz Telleria BERRIAko kazetaria saritu dute, zientzia kazetaritzaren kategorian, silfio landarearen desagerpenari buruzko erreportajeagatik. Silfioaren enigma erreportajea iazko ekainean argitaratu zen berripaper honetan. Epaimahaiak balioa eman dio, «zientzia dibulgazioko ohiko gaietatik atera, eta informazioa lortzeko detektibe lana» egin behar izan duelako. Erabilitako iturri «ezberdinak» ere nabarmendu ditu: zientzia, poesia eta abar.
Telleriak eskerrak eman dizkie antolatzaileei Tabakaleran (Donostia) egindako sari banaketan, eta baita Euskaldunon Egunkaria-ri eta BERRIAri ere, «aterpe» izateagatik: «Etxe honetako hainbat sailetatik pasatu eta gero, Bizigiro sailean berreskuratu dut jakin-mina, kontatzeko gogoa... Eta saritu duten erreportajearen oinarrian hori dago».
Ikusi gehiago
Sari gehiago
CAF-Elhuyar sarien helburua kultura zientifikoa sustatzea da, eta gai zientifiko eta teknologikoak gizarteratzen dituzten dibulgatzaile, ikertzaile eta sortzaileen lana aitortzen eta saritzen du. Telleriak ez ezik, beste hiru ikertzailek jaso zituzten sariak. 2.000 euro, Elhuyar aldizkariko urtebeterako harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jaso dute, 30 aldiren ondoren, azkenekoz.
Ander Tobalina Novok egindako dibulgazio artikuluagatik jaso du saria: Arau berriak, jostailu berriak. Epaimahaiak nabarmendu du «fisika kuantikoa berez azaltzen zaila bada ere artikulua erraz eta gustura irakurtzen dela». Doktore tesiaren artikuluen kategoriako saria, berriz, Antton Babaze Aizpuruak jaso du, Argi ibili kuantikarekin lanari esker. Babazek transmititzen duen «pasioa» azpimarratu du epaimahaiak, eta hori bera berretsi du berak: «Pasioz idatzi dut. Zaila izan ohi zen senideei azaltzea nire tesia zertan zetzan, eta espero dut testu honek horretan laguntzea».
Kategoria horretan bertan aipamen berezia egin dio epaimahaiak Uzuri Albizu Malleari, Matematika, hezkuntza eta generoa gurutzatzen diren lekuen kartografia lanagatik. Albizuk azaldu du matematikaren irudia aldatzearen alde egiten duela lan horrek: «Bizitza izan dezan erdigunean, eta ez kapitala».
Neiker sarien babesle denez gero, izen bereko saria ere banatu dute, lehen sektoreko lanak saritzeko helburuarekin. Mikel Ojinaga Juarezek jaso du, Birusen aurkako gudari irrabarratsua lanari esker. Arazoa bera eta horri nola aurre egin «oso argi» azaldu duela iritzi du epaimahaiak. Ojinagak nabarmendu du lehen sektoreak estrategikoa izan behar duela, «belaunaldi berrientzat ere bai».
Sariez gain, 5.000 euroko sorkuntza beka ere eman diote Femias Kolektiba taldeak aurkeztutako Fempront proiektuari, Alejandra Bueno de Santiagori, Laura Martinez Martini eta Aiskoa Perez Alonsori. Testua irudi bihurtzeko adimen artifizial sortzaile bat egin nahi dute, genero arrakalarik gabe, eta irudiak sortzeko gida interaktibo baten digitalizazio proiektu artistikoa garatu beharko dute hurrengo urterako: «Adimen artifiziala estereotipoz beteta dago, eta guk irudiak kontu handiz sortu nahi ditugu, eta mundu guztia irudikatu».
Merezi izateagatik
Miren Basaras Ibarzabal mikrobiologoak hunkituta jaso du CAF-Elhuyar merezimendu saria. «Euskarazko dibulgazioan erreferentea» dela iritzi dio epaimahaiak, mikrobiologiaren eremuan bereziki. Euskarari eta euskarazko hedabideei emandako lehentasuna eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan eginiko lana nabarmendu dute, eta azpimarratu dute COVID-19aren garaian gaixotasuna ulertarazteko eta prebentzio neurriak hartzeko egin zuela lan, modu ulergarrian eta alarmarik piztu gabe.