DONOSTIA. Eneko Irigarai ETAren sortzaileetako bati buruzko liburua ondu du Joxean Agirre idazleak, eta atzo eguerdian aurkeztu zuen Donostiako udal liburutegian, Mikel Soto Txalapartako editorearekin eta liburuko protagonistarekin batera. Liburuaren izena: Eneko Irigaray. Aljeriar konexioa. ETAren sortzaile baten ibilerak.
1936an jaiotakoa da Irigarai, ETAren sortzaileen taldean gazteena, eta «atipikoena» ere bai, liburuari buruzko laburpenean azaltzen denez. «Iniziatiba handikoa, marxista goiztiarra eta heterodoxo samarra, ez zuten inoiz atxilotu; ez zuen espetxerik zapaldu, eta 1961ean erabaki zuen muga igarotzea, falangistaz beteta Donostiara zihoan trenaren kontrako atentatuaren ondoren jendea atxilotzen hasi zirenean, baina Iparraldean ere ez zuen iheslari paperik eskatu, eta Espainiako pasaportearekin jarraitu zuen eta jarraitu du geroztik ere, bizitzen egon den lekuetan egoiliar gisa lan eginez».
1965eko martxoan iritsi ziren Aljeriara Eneko Irigarai eta Julen Madariaga, ihesi. «Aljeriak independentzia lortu berria zuen, eta mundu osoko liberazio mugimenduek ordezkaritzak zituzten han. Eneko Irigaraik han eman zituen ondorengo hamaika urteak, ETAren ordezkaritzaren kargu. Hala, bada, ez du beharbada eragin funtsezkorik izan ETAren bilakabide estrategikoan, baina haren eskua ezinbestekoa izan zen erakundeak nazioartean izan zuen proiekzioan». Hortik, liburuaren izenburua.
Eneko Irigarairi buruzko liburua aurkeztu dute
ETAren sortzaileetako bat izan zen, eta Joxean Agirrek ondu du liburua: 'Eneko Irigaray. Aljeriar konexioa'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu