Euskalgintzak kalean salatuko du Donostiako Udalak hizkuntza eskakizunen aurka jaso duen epaia

Kontseiluak eta Bagera elkarteak deituta, elkarretaratze bat egingo da ostiral arratsaldean, udaletxe aurrean; udal langileak ere protestara aterako dira bihar, epaiaren aurka.

Donostiako alkate Eneko Goia azalpenak ematen, artxiboko irudi batean.
Donostiako alkate Eneko Goia, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko urtarrilaren 9a
16:05
Entzun

«Erasoa», «euskararen normalizazioaren aurkakoa», «kolpea», «hizkuntza eskubideak zalantzan jartzen dituena»... Donostiako eta Gipuzkoako erakunde publikoetako ordezkariek kritika gogorra egin diote lan deialdietako hizkuntza eskakizunak kamustu dituen azken epaiari. Eneko Goia alkateak esan du euskararen normalizazioaren aurkako «erasoa» dela, eta hizkuntza eskubideak «zalantzan» jartzen dituela, eta, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozaren ustez, «kontsentsu politikoaren eta herritarren eskubideen aurka doa». Euskalgintzaren Kontseiluak ere, ohar  baten bidez, euskararen aurkako «oldarraldi judizialarekin» lotu du ebazpena, botere judiziala «hizkuntza politikaren joko arauak aldatzeko» egindako beste ahalegin bat dela salatu du, eta halakoetarako propio atonduta duen protokoloa martxan jarri. Horiek horrela, elkarretaratze bat egingo dute ostiralean, Bagera euskara elkartearekin batera; 18:30ean izanen da, Alderdi Ederren.

Agerraldia egin duenean, Goiak ez du argitu udalak epaiari helegitea aurkeztuko dion ala ez: erabakia «aztertzen» ari direla esan du. Ondoren, EITBk segurutzat eman du helegitea jartzeko asmoa duela. Donostiako Udaleko lantaldean ere ezinegona eragin du epaiak, eta protestara deitu dituzte udal langileak: elkarretaratzea eginen dute bihar, Alderdi Ederren haiek ere, «hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldia» salatzeko. 11:30ean izango da protesta, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Euskalgintzak ostiralerako antolatu duen protestan parte hartzera ere deitu dute.

Atzo plazaratu zen hizkuntza eskakizunen aurkako epaia. Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak ebatzi zuen «diskriminatzailea» dela udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea, eta ontzat hartu zuen hautagaietako batek aurkeztutako helegitea. Udaltzainen lanpostuak egonkortzeko deialdi baten harira eman zuen sententzia. Donostiako Udalak atzera bota zuen izangaiaren eskea, iritzita lan deialdian ezarritako irizpideak legezkoak zirela, baina, sententziaren arabera, ez zuen ondo jokatu. Zehazki, deialdia bi udaltzain lanpostu egonkortzeko zen, eta bientzat ezarri zuten bigarren hizkuntza eskakizuna: B2 maila. Helegitea abiatu zuen izangaiaren arabera, funtzio publikoko lanpostuetara heltzeko duen oinarrizko eskubidea «urratu» zuten eskakizun horrekin.

Donostiako alkateak nabarmendu du honakoa ez dela euskaraz jakiteko baldintza atzera botatzen duen lehen epaia, eta hori «kolpe bat» dela «euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuetan». Datozen urratsei dagokienez, Goiak esan du udala aztertzen ari dela «helegitea aurkeztu ala ez», baina azpimarratu du udalak «buru-belarri» eutsiko diola hizkuntzaren normalizazioaren aldeko bideari.

Antzeko gogoeta egin du Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Esan du sententziaren «balorazio oso txarra» egiten duela diputazioak: «Kontsentsu politiko zabala dago gure herrian eta gure lurraldean, langile publikoek bi hizkuntza ofizialak ezagutzearen alde eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen, baina epai hau kontsentsu politiko horren aurka doa, eta baita gure lurraldeko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan hitz egiteko eskubidearen aurka ere». Epaiaren aurka aurkeztu daitekeen helegitearen harira, «diputazioaren baliabideak eta ezagutza» eskaini dizkio Mendozak Donostiako Udalari, eta gaineratu du lanean segituko dutela «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen eta gaztelaniaren arteko parekidetasuna lortzeko, esparru guztietan, baita administrazio publikoetan ere».

Kontseiluak gogora ekarri du Donostiako Udalaren aurkako epaian propio aipatzen dela 2021eko epai bat: Irungo udaltzain lanpostuetarako hizkuntza eskakizuna baliogabetu zuen ebazpen hark. Orduan, Kontseiluak argi salatu zuen halakoen bidez botere judiziala euskararen normalizazioa «oztopatzen» ari zela, eta, orain, nabarmendu du hori argi geratu dela berriro. Gogora ekarri du, halaber, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salaketa ugari jaso dituela udaltzaingoarekin izandako harremanetan hizkuntza eskubideetan gertatu diren «urraketen» harira, eta horrek argi uzten duela euskaraz jakitea «ezinbestekoa» dela jendearekin harreman zuzena duten lanpostuetan.

Horiek horrela, epaiaren harira, ohartarazpena egin nahi izan du Behatokiak: «Administrazioko lanpostuei euskararen ezagutza eskakizuna ezabatzea zerbitzu publikoen kalitatea eta erantzukizun soziala kentzea da, eta herritar guztien eskubideak bermatzeko bide bakarra langile publikoek euskararen ezagutza izatea da».

Bagera elkarteak epai honen eta tankerako beste hainbaten funtsean dagoen mezua zein den azaldu nahi izan du: «Bigarren mailako ofizialtasuna da euskararena, eta, ondorioz, bigarren mailako herritar izatera kondenatzen gaituzte». Horregatik aldarria: «Administrazioa bere osotasunean elebiduna izatea da herritarren hizkuntza eskubideak —oinarrizko eskubide zibilak— bermatzeko modu bakarra».

ELA eta LAB: «Iruzurra da lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak kontrajartzea»

ELAk eta LABek ohar baten bidez kritikatu dute epaia. «Kezka» adierazi dute bi sindikatuok, erabakia «euskararen sustapenerako neurrien kontrakoa» delakoan: «Epaileak ontzat jo du udaltzain batek euskaraz ez jakitea, eta herritar guztien hizkuntza eskubideak zapaldu ditu».

Gaineratu dute azkenaldiko ebazpen eta sententziek ez dutela «esperantzarako abagunerik» uzten. «Argi dago zein den joera: oldarraldi judiziala, euskararen normalizazioa trabatzeko helburu argiarekin». ELAk eta LABek bat egin dute Kontseiluak eginiko analisiarekin: «Olatu erreakzionarioa, atzerakoia eta euskarafoboa da, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta eginiko bidean atzera egitea eragiten duena». Sindikatuen irudiko, hizkuntza eskakizunak jomugan dituzten sententzia guztiek premisa faltsu bera dute: lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak kontrajarriak balira bezala aurkeztea». Gogorarazi dute, gainera, Donostiako Langileria Batzordeak bateragarritzat jotzen dituela bi eskubide horiek: «Batak ez du bestea ukatzen». Hori dela eta, elkarretaratzea eginen dute bihar Alderdi Ederren, administrazioa eta lan esparrua «euskaldunak» izatearen alde.

Subijana: «Ez da falta sentsibilitaterik»

Bestelako gogoeta bat egin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak, Radio Euskadi irratian egin dioten elkarrizketan. Haren ustez, epaileek ez dute «sentsibilitate faltarik» euskarari lotutako auzietan: «Legea aplikatu besterik ez dute egiten». Esan du demokrazian «zilegi» dela epaileek erabiltzen dituzten irizpideak zalantzan jartzea, baina nabarmendu du magistratuek 42 urte daramatzatela «euskararen normalizaziorako legea eta horren garapenerako dekretua aplikatzen».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.