Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren EBBko kideak ez du lehiakiderik izango alderdiaren Gipuzko Buru Batzarreko presidente bihurtzeko bidean. Lehen itzulian aise gailendu bazen ere, bigarren itzulira igarotzeko nahikoa babes jaso zuten Eneko Goia Donostiako alkateak eta Imanol Lasa GBBko kideak ere. Halere, bi horiek uko egin diote GBBko presidentetzarako prozesuan jarraitzeari, EITBk argitaratu duenez. Goiak eta Lasak alderdiko Aberri Berme eta Zaingo Batzordeari jakinarazi diote erabakia. Halere, Lasak jarraitu egingo du prozesuan, burukide izateko asmoz.
GBBk presidente berria izango du, Joseba Egibarren agintaldi luzearen ostean. Hain zuzen, Egibarrek berak Arrizabalagaren aldeko apustua egin zuen, eta Gipuzkoako alderdikideek ere apustu hura berretsi dute lehen itzulian; batzokien hiru laurdenetan haren alde egin zuten lehen itzulian. Arrizabalagak ibilbide luzea egin du politikan. Zumaiako alkate izan zen, eta egun EBBko kide eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan jeltzaleen eleduna da. Oraintsu utzi du Eusko Legebiltzarra ere.
Halere, ezustekoa izan zen Goiak bederatzi batzokiren babesa jasotzea; nagusiki, Donostian indar hartuta. Horiek hala, argitzeko zegoen Donostiako alkateak zer asmo izan zezakeen aurrera begira. Eta orain, erabakiaren berri izanda, ezin da baztertu Goia babestu dutenek aldaketak bultzatu nahi izatea Arrizabalaga buru lukeen zerrendan.
EAJren lurralde zuzendaritzak berritzeko bigarren hautespen aldia azaroaren 7an hasiko da, eta ordura arte itxaron beharko da lehia nola bideratzen den ikusteko. Eta ez Gipuzkoan bakarrik, ez baita hura izan lehen epeko ezusteko bakarra. Araban eta Bizkaian ere azaldu dira hautagai ofizialekin lehiatzeko babesa jaso duten beste izen batzuk ere. Araban, Jone Berriozabal da hautagai ofiziala, baina Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohia ere lehian da, eta presidentetzara aurkezteko asmoa azaldu du. Bizkaian, Iñigo Ansola da egungo zuzendaritzaren babesa duena, baina aurrera egin dute David Salinas Armendarizek eta Olatz Garamendi Autogobernu sailburu ohiak ere.
Beraz, salbuespena Nafarroa da. Han, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidente eta egungo NBBko buruaren izena soilik azaldu da. Ipar Euskal Herrian, berriz, Peio Etxelekuk BERRIAk egindako elkarrizketa batean jakinarazi zuen ez duela jarraituko. Dena azaroaren 24ko asteburuan argituko da. Hilaren 7tik 17ra bitarte batzokietan bozkatu ostean, orduan egingo dituzte izendapenak gauzatzeko batzarrak.