Donostiako eta Lazkaoko jarduneko alkateek Azpeitiko 2. instrukzio auzitegian deklaratu beharko dute, lekuko gisa, Bidegi auzian. Eneko Goia eta Felix Urkola (EAJ) auzitegira deitzeko eskaria atzera bota zuen Azpeitiko auzitegiak otsailean, baina Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak onartu egin du herri akusazioaren helegite bat —Gipuzkoako Diputazioak jarri zuen kereila, Bildu agintean zela—. Goia eta Urkola ez ezik, diputazioko Errepideetako zuzendari nagusi ohi Luis Maria Apraiz ere deitu dute, eta IDOM ingeniaritza enpresako teknikari bat ere bai —ez dute izenik zabaldu—. Ez, ordea, Markel Olano; hura ere auzitegira deitzeko eskatu zuten, baina Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusiak ez du deklaratzera joan beharko. Auzitegiaren esanetan, ez da beharrezkoa, hark eman dezakeen informazioa auziko dokumentuetan jasoa dutelako. Datarik ez dute eman.
AP-1eko obren inguruan jarri zituzten bi kereila, egin gabeko lanengatik ordaindu zutelakoan. Orain, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak ebatzi du interesa baduela Goiari, Urkolari eta Apraizi deklarazioa hartzeak, "kereilaren aztergaiaren gainean eztabaidatu eta erabakitzeko bilera batean parte hartu zutelako". Zehazki, 2011ko urtarrilaren 24an Gipuzkoako eta Arabako diputazioek osatutako Batzorde Mistoaren bilera batekin lotuta dago Goiaren zitazioa; berak egin zuen batzordeko buru.
Ebazpenean jaso dutenez, "Arabaten ekarpenaz eta batzordea desegin ondoren ordainketetan egin zitezkeen erreklamazioen ardura Bidegiren gain uzteaz" aritu ziren bilkura hartan. Eskoriatza eta Arlaban arteko zatian Arabako diputazioaren menpeko Arabat sozietate anonimoak egin beharreko ekarpena onartu zuten, Arabako lurretan baitago errepide horren zati bat.
Bide luzea egin du auziak. Instrukziorako epea luzatu egin behar izan zuten, esaterako, 2017an. Bidegiri buruzko ikerketa batzordea 2015ean osatu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta bertan adierazi zuen Kimetz Etxeberria peritu txostenaren egileak agiriak "maltzurkeriaz" faltsutu zituztela. Batzordean, Markel Olanok eta Eneko Goiak berretsi egin zuten autobidean ordaindutako lan guztiak eginak zeudela —garai hartan Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi eta Bide Azpiegituretako diputatu ohiak ziren, hurrenez hurren—.